« Nazio kontzeptuaren bidegurutzean | Gorriak entzun eta irakurtzen »
Lauaxeta. Oihartzunak / Askoren artean / Utriusque Vasconiae, 2008
Lauaxeta abiapuntu Javier Rojo / El Correo, 2008-07-05
Miren Billelabeitiaren ardurapean argitaratu berri da “Lauaxeta. Oihartzunak” izeneko poesia antologia. Antologia bitxia da, uste baitut gure artean inoiz ez dela halakorik egin. Alde horretatik, eta Lauaxetaren liburuaren izenburua parafraseatuz, esan daiteke antologia honekin bide berri bat irekitzen dela. Billelabeitiak Lauaxetaren zenbait poema aukeratu ditu —hogeita hamar, hain zuzen—, eta euskal idazlearen poema horietan oinarrituta, abaniko moduan irekitzen den antologia anizduna antolatu du, poema horiekin aldez edo moldez zerikusia duten beste hainbat poema aurkezten baitira liburuan. Irakurketa batek oihartzun moduan beste irakurketa batzuk gogorazten dizkigu, batzuetan antzeko gaiak jorratzen direlako, besteetan tonuaren aldetik-edo hariren bat planteatu daitekeelako testuen artean.
Antologia, beste aldetik, asmo didaktikoz eginda dagoela esan daiteke, azken finean liburua intertestualitatearen eta literatura konparatuaren adibide praktiko moduan uler baitaiteke. Kasu batzuetan, Lauaxetaren poemaren ondoan agertzen diren testuak euskal idazleak bere garaian irakurritakoak dira, eta alde horretatik begiratuta, bere testuaren iturritzat har daitezke, idazleak irakurritakoak bere literaturgintzan zer nolako eragina izan zuen erakusten baitute.
Gauzak honela, Billelabeitiak ahalegin berezia egin du Lauaxetak irakurri bezala aurkezteko testu horiek, euskal poetak jatorrizko bertsioetan irakurtzen baitzituen askotan poemak. Beraz, euskaraz ez ezik, beste hizkuntza batzuetan ere (gazteleraz, galegoz, frantsesez..) idatzitako testuak aurkituko ditugu liburu honetan, hainbestetan aipatzen den eleaniztasuna praktikan jarrita. Baina Lauaxetaren irakurketak izan ziren testu horiez gain, bestelako testuak ere aurkituko ditugu antologia honetan. Izan ere, Lauaxetaren testuetan aurreko idazle batzuek idatzitakoaren oihartzunak aurkitzeaz aparte, geroko idazle batzuen idazlanetan agertzen zaizkigunen abiapuntua izan daiteke Lauaxeta. Jakina, kasu horretan ezin daiteke planteatu eragina egon daitekeenik, baina, intertestualitateak erakusten digunez, testuen arteko harremanak era desberdinetakoak izan daitezke eta sintonia moduko bat egon daiteke esparru desberdinetako idazleen artean. Izan ere, poema batek literatura osoaren historia postulatzen du, Borges plagiatuta esan litekeenez, eta Lauaxetaren poema bat ez da abiapuntu txarra bidaia horretarako.
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez