kritiken hemeroteka

8.769 kritika

« | »

Nere gorringotik / Iñaki Segurola / Alberdania, 2008

Gorriak entzun eta irakurtzen Mikel Ayerbe / Berria, 2008-07-06

Iñaki Segurolak kolaboratzaile gisa Arrosa Irrati Sarerako eta Euskadi Irratirako egindako hainbat saio Nere gorringotik. Irratian esanak eta boteak izenburuko liburuan bildu ditu. “Idatziak jaio ziren, baina esateko jaio ziren” irakur daiteke hitzaurrean, eta esandakoak berridatziz, entzungai zirenak irakurgai bihurtu ditu esatariak. Horregatik gaineratzen du sarritan “idazteko hizkuntzatik baino esateko hizkuntzatik lotuago dabilela hemengo jarduna”, nahiz eta aitortu, halaber, “aski komenentziara papereratu direla esandakoak eta botatakoak, komeni zen tokietan esanok txukunduz, orraztuz eta gominatuz, irakurlearen begietan hobeki eman zezaten”.

Dirudienez, erregistro aldaketa horrek baino zalantza gehiago sortu dizkio Segurolari Nere gorringotik liburua argitaratzearen egokitasunak berak: “Izan ere, ze grazia izan lezake irratian ahoz bixi-antzean esandakoak paperean hilda bezala ikusteak?”. Liburuaren aurkezpenean Arantxa Iturbek galdera horri erantzun bat eman zion, eta nahiz eta belarriz “Segurola are Segurolagoa” dela adierazi, liburuak publikoari entzule izatetik irakurle izateko aukera ematen ziola berretsi zuen; “esandakoak irratian behin bakarrik entzun ahal izatetik, irakurriz norberak nahi adina alditan egin dezakeelako aurrera zein atzera”. Era berean, eta nire kasuan bezala, Segurolaren esanak idatziz soilik ezagutu ditugunontzat (Gaur ere ez du hiltzeko eguraldirik egingo saiakeran zein han-hemenkako idatzietan ) Nere gorringotik liburuak irratian entzun ez genituenak irakurtzeko aukera paregabea eskaintzen digu.

Testuotan, honetaz eta hartaz arituko da esataria: “guk edozer gauzaren gainean hitz egiten dugu: hartu edozer gauza, eta arrazoiaren eta bihotz-belarrien surtan probatzen dugu; ez dugu bereizten politika, ekonomia, kultura eta kirolik”. Izan ere, atal batetik bestera (eta atal bakoitzaren baitan) gaiak bata bestearekin korapilatuko dira eta esandakoak adina garrantzia du esaten den horri ematen zaion tonuak, jokoak edo malaletxeak (ez dugu orriotan Xegurola-rik aurkituko, gure herrian batere arriskatu edo busti nahi ez duenari deitzen diogun bezala). Izan ere, kontuan izan behar da, batetik, liburuan bildutako testuak testuingururik gabe datozela; irratsaioaren data agertu eta sarritan kolaborazioaren oinarrian dagoen albistea edo gertakariaren berri labur bat bildu arren, egun ez gaituela inguratzen gertakarien bonbardaketa mediatikoak (gehienez ere, haien oihartzunak). Bestetik, berri edo albiste jakin batzuk aitzakia soilak dira esatariak barruan duen hori esan ahal izateko, esan nahi duen bezala esateko. Arrautzaren gorringoaren eta zuringoaren banaketa erabiltzen du esatariak gorringo gorritik mintzo nahi duela argitzeko, gorringoa bizitzaz eta zuringoa existitzeaz arduratzen diren neurrian behintzat. Eta amaiera aldera ugariagotzen diren ariketa autokritikoek ere zentzu gehiago ematen diote irratiko pulpitutik ari den predikatzaileari.

Nire ustez, neurria, tamaina, tartea, astia eta patxada eskatzen dute liburuko zenbait atalek. Irakurketa jarraituegiak kalte egin dezakeela ere pentsatzen dut; niri, behintzat, hasieran kosta egin zitzaidan irakurtzen nuena irenstea. Baina une batetik aurrera, atal bakoitzean edozer eta edonola agertu daitekeenaren jakitun, neurria (eta distantzia?) hartu eta “jardun, hitzaldi, prediku edo sutrak” benetan interesgarri, zirikatzaile, umoretsu zein amorragarri bihurtzen dira. Egungo gizarteaz eta norberaren zilborraz dugun ikuspegi kritikoa muturreko batekin astintzea ez delako inoiz eginahal erraza izan.

Azken kritikak

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

Hedabideak