kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Kontra / Ane Zubeldia Magriñá / Susa, 2024

Isiltasunetik gertu Irati Majuelo / Berria, 2025-09-14

“Isiltasunetik gertu dago/ esan nahi dudan guztia”. Halaxe abiatzen da Ane Zubeldiaren lehen poema liburua, zerbait esatea beharrezkoa ote den galdeginez, baieztapen handiei ihes eginik. Ez idazten duenak garrantzirik ez duelako, baizik eta isiltasunaren parean aurkitzen duelako esangura duen hori: “Hizkuntza guztiak ulertzeko/ zorian/ banengo bezala sentitzen naiz/ hemen/ isiltasunetik gertu”. Isiltasunetik gertu daude arnasa, behaketa, fereka. Horiek gidatzen dute Kontra.

Dena esanda dagoela dirudien inguru batean, une batez zaratatik at kokatzeko ariketa egiten du poetak. Ez, ordea, mundutik at egotekoa. Ez duela epikan sinesten dio, eta beraz, ez duela hizkuntzarik. Eta, hala ere, idazten du, adierazteko berezko moduak aurkitu nahian. Kontra egiteari beste esanahi batzuk bilatzen saiatzen da poema hauetan: ideien arteko frikzioa, bi azaleren ukipen-puntua, gorputzek elkar igurzten duten unea, planeta osatu duen marruskadura, talkarik gabeko higadura.

Irudi horiek zeharkatzen dute liburua, eta horietan gorpuzten dira Zubeldiak lantzen dituenak: heriotzaren bat-batekotasun arrunta, denboraren joana eta haren arrastoak, gorputzari zein naturari entzunez gero jaso daitezkeenak. Minarekin konektatzen gaituzten errealitate izpiak jasotzen ditu zenbaitetan, hala nola Palestinako gurasoak gogorarazten dituen Pietà, behin eta berriro edota Bidasoko tragedia nabarmen egiten duen Badia bat (gazte eritrear urkatua ibaiertzean) poemetan. Poesia fina da Zubeldiarena, delikatua, eta oihartzun edo erreplika indartsuak uzten dituena.

“Gorputzetik idaztea” esamolde maiztu bilakatu da jadanik, orokortu da eta lausotu, emozioen inguruan aritzea edo gorputza aipatzea balitz bezala. Aldiz, arrazoimenaren logikari ihes egin eta ardatza beste horretan jartzean datza, hizkuntzarik ez duen gorputzean. Hori da hain zuzen ere poetak liburu honetan egiten duena, pentsamenduak alboratu eta mugimenduari eman, malgutu, lurrera jaitsi: “Baina grabitateak ekarri nau behera/ eta hantxe geratu naiz/ basoaren erdian/ geldi [dio gorputzak]/aditu [dio lokatzak]”.

Horretarako baliatzen du bertsoen erritmo etena, arnasaldiak simulatuz; jarioan datozen hitz multzoen antsia; errepikapena, igurtziak antzeratzeko; onomatopeiak eta ingurukoen esanak, obserbazioaren ondorio. Finean, hizkuntza bat ematen dio gorputzari, isiltasunetik gertu dagoen hori dena adierazi ahal izateko.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak