kritiken hemeroteka

8.559 kritika

« | »

Zebrak eta bideak / Nerea Loiola Pikaza / Erein, 2024

Iraun ahala asmatzen da bizirauten, kontatu ahala asmatzen… bizitzen! Mikel Asurmendi / blogak.eus, 2025-09-18

Prologo gisako bat; iruzkinaren hasmentan

Kontakizunen putzuan jausi naiz azkenaldion. Putzu horretan istorio edota ipuinak ediren eta eriden ditut. Narrazioak dira funtsean. Alabaina, ba al dago kontakizuna, ipuina eta istorioa bereizterik? Sinonimoak al dira hirurak? Printzipioz, bai. Definizioz ere bai. Demagun fikziozkoak izatea dutela ezaugarri komuna; baita amankomuna ere.

Oharra: eriden edota ediren, irudi nola iduri, hodeiak hala nola hedoiak ere, gure hizkuntzaren kakofoniaren ondorioak —eta adibideak— dituzu; motibo berezirik gabe adierazita.

Narratzailearen berezko ahotsak berezko testua osatzen du. Bere berezko ahotsaren jiteak berezko singulartasuna ematen dio testuari. Demagun narratzaileak ematen diola testuari berezko zentzua, eta ondorioz, berezko izaera kontakizunari, ipuinari edota istorioari.

Kontakizuna —ikusi eta irudi batez— narrazio soila izan daiteke. Haren baitako ibilera laua dugu. Horregatik, apika, euskaldunok prosari hitz lau deritzogu. Ipuinean, berriz, fantasiaz gainezko ibilera gailentzen da. Fikzioa da nagusi; ilusioa eta fantasia. Istorioak historiarekin lotu ohi ditugu. Historiaren harian sortzen bide da istorioen nondik norakoa; istorioen ibilera, hots. Istorioetan errealitatearen ustezko zantzuak eriden ohi ditugu. Irudiz eriden dugu eta iduriz ediren ere; hodeiak nola doazen hedoiak halatsu jin ere.

Zebrak eta tropoak bidez bide

Nerea Loiolaren Zebrak eta Bideak dut hizpide. Hasierako hiru paragrafo horiek digresioak dituzu; digresio gisakoak. Hizpide hartu dudan liburu honetako sei narrazioetan digresioak edirenen dituzu; eriden ditzakezu. Narratzailearen digresioak idazlearen nolakoaren araberakoak dituzu, apika; idazlearen nolakotasuna, ziurrenik.

Narratzaile bakoitzak bere trikimailuak erabili ohi ditu narrazioan. Zenbaitetan baina, trikimailuak berauek narratzailearen aurka bihurritzen dira, idazlearen kontrako trepetak bihurtuz. Nire uste zuloan —putzu batean nago—, Nerea Loiola idazlearen narratzailea bide horretan ibili da; ibilera horrekin jardun da. Zebrak, demagun, tropoak dira kontakizun hauetako narratzailearen jardunean; zebrak tropoak nola, tropoak bide-bideko trepetak bihurtu zaizkio narratzaileari bere jardueran. Tropoak bide-bidezkoak dira idazlearen ibileran. Batzuetan erosoak bestetan oztopoak; batzuk egokiak beste batzuk desegokiak.

Zebrak eta bideak eta tropoak

Zebrak eta bideak delako kontakizuna duzu liburuaren seigarren narrazioa. Berak ematen dio liburuari titulua. Liburua izendatzeko modu bat da ipuingintzan. Modu arrunta ere bihurtua, molde bihurritua nolabait ere. Bidezkoa ote hautu hori? Ezinbertzeko hautua al da? Demagun titulua bidezko-hautua izan dela. Narrazio guztietan tropo ugari baitira izan.

Narratzailea gisa batez irudikatu aldera, azalaren irudia —Jon Aranguren egile— hartu dut ene irudimenean. Narratzailea orekari gisako bat duzu. Ekilibrista gisakoa zenbaitetan; narratzailea egoki dabil batzuetan ez horren eroso bertzetan. Idazlea gisako narratzailea —egokia eta erosoa— xerkatzen ahalegintzen da.

Oharra: orekari eta ekilibrista sinonimoak dira.

Sei kontakizun sei istorio sei ipuin

Narrazioak ipuin-kutsu-gutxikoak iruditu zaizkit; seiak halatsu iduritu ere. Gaur egungo pertsonon historia arruntari atxikiriko sei istorio; eguneroko ogi. Horregatik edo, pertsonaia histrionikoak eriden ditut; edo histrioniko samarrak behinik behin ediren ere. Edonolakoak diren ere, jendarteak ezarritako marra-gorria zeharkatzen duten pertsona(ia)k dira. Norbanako horiek guztiak emakumezkoak direlarik. Horra hor, sei kontakizunen bere-berezko ezaugarri bat, eta da: emetasunetik kontatuak izatea.

Oharra: emetasun berbak bi adiera ditu: feminitatea eta leuntasuna. Biak lotzen dira sarritan, lotzen ditugu arduran. Ordea, kasuon, ipuin-istorio-kontakizun hauek ez dira eztitasunetik edota onberatasunetik kontatuak. Ez horixe!

Emeak hegaldatzen direnean arrak tropoak bihurtzen dira ezinbertzean; bideko oztopoak alegia. Emeak eme, pertsonaia eme hauen ama euren alboan eriden ditut gehienetan. Halabeharrak paratuta? Halabeharrezko al dira emeen amak istorioetan? Demagun horixek direla istorio hauen kontakizunean nabarmentzen den nolakotasuna. Nolakotasunetako bat.

Zebrak narratzailearen bidean

Zebrak narratzailearen bidean, idazlea bera zebra izaki. Narratzailea istorioaren deskribatzailea da, jakina. Narratzaileak baina, istorioetako pertsonaiak euren izatetik at deskribatu ditzake, baita pertsonaien bitartez deskribatu ere. Zebra den aldetik, idazleak bere animaltasun-galera agerian laga digu hainbat pertsonaiaren bitartez; hala Sandraren nola Paularen edota izen propiorik gabeko idazlearen bidez. Kontrapuntuan, aktore izan gura duen kutxazain-purtzila —Eider izenekoa— animalia frustratuen ageriko pertsonaia da; lehoi errege frustratuaren emea.

Zebrak iruzkingilearen bidean

Aurreko irizpide horiek, narratzaileaz harago doazen idazlearenganako nire pertzepzioak dira. Nire senaren bidezko hautemateak. Subjektiboak, bistan da. Erran nahi baitut: geure begiradek irudietan erreparatzen dutenez gero, irudipenen sortzaileak ere bihurtzen gara komunzki. Ekidin ezina egin izan zait narratzailearenean erreparatzea idazlearengan pentsatu gabe. Idazlea ezagutu gabe ere, idazlearen nolakotasuna eraiki dut irakurraldian; nire irakurketa-gogo jardueran, hots.

Nire irudimenaren kontu izan daiteke; edo izan dezakezu —kontu edota ipuina, alegia—. Alabaina, zenbait pertsonaien amaren presentziaz bestera, sei zenbakiak obsesionaturik irakurri ditut narraziook. Ipuinak barik, kontakizunotan idazlearen beraren idiosinkrasiak inbaditu nau —baita geure jendarte suertearen taxuak ere, handi-handika—. Izan ere, nire uste zuloan —irakurketaren putzuan betiere—, ipuinak izan gabe, istoriook nire ilusioen eta fantasien sortzaile bihurtu dira; edo bihurtu ditut neronek.

Narratzailearen bitartez irudikatu dudan idazlea sei zenbakiaren antzeratsua da. Parteak edo aldeak lotu nahian dihardu: dela zerua eta lurra, dela burua eta bihotza. Azaleko orekatzailearen gisakoa, ekilibrista gixajoa da zenbaitetan. Orekatua da, halarik ere. Afinitate handia du arte espresioekin. Literaturarekin, kasu. Sei zenbakia hala nola Nerea Loiola, oreka, sorkuntza edo ardura bezalako gaiekin lotuta daude. Kontrakoa dirudien arren, —hauxe paradoxa— diplomatikoa bada zenbaitetan; nolabait hori ere.

Narratzaileen bidezko sei kontakizun hauen bitartez, orain arte ezagutzen ez nuen Nerea Loiola idazlearen figura edota irudia eraiki ditut. Idazlea idatzi dut, ez Nerea Loiola. Axola al du horrek? Bai, prefosta. Izan ere, sei kontakizun istorio ipuin hauen pertsonaien frustrazioak norenak ote diren ebaztea ez da azaren azpiko orria. Narratzaileenak ote? Idazlearenak? Agian. Nerea Loiolarenak? Beharbada. Hain segur ere, bat-bederak, irakurleok zaputz horiek bizi izan ditugu inoiz eta inolaz ere. Oroz gain, eta batez ere, emakumezkoek bereziki bizi dute hori ere. Pertsonaia nagusiak emeak baitira, izan ere.

Epilogoa; iruzkinaren amaieran

Sei narrazio sei kontakizun, hainbat kontu zenbait ipuin. Ipuinak ote? Bai, naski. Izan ere, oroitzen dugun ezer ez da egia, eta irudikatzen dugun ezer ez da guztiz gezurra.

Istorio baten xerka nenbilen, alabaina, bat beharrean sei heldu zaizkit. Istoriootan tonu gisako bat ediren dut. Ahots bat eriden edota irudikatu dut nire irakurle-ibileran lehenik eta interpretatzaile-jardueran orain.

Agian, beharbada, benetan bilatzen dudana —zor nahiz lor— nire oroimena eta oroimina gozatuko dituzten ipuinak dira. Nire gogoa behin eta berriz hiltzen duen irakurketa-jarduerak gogoa bera birsortuko dizkidaten istorioak. Joan doazen hodeiak bezalako istorioak, apika; etorri datozen hedoiak legezko ipuinak, noski.

Oroimena eta oroimina ez dira sinonimoak, bistan da; begi-bistan denez.

Ikasbidea: iraun ahala asmatzen da bizirauten, kontatu ahala asmatzen… bizitzen!

Azken kritikak

Zorretan
Agurtzane Intxaurraga

Nagore Fernandez

Etiopia
Bernardo Atxaga

Asier Urkiza

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Jon Jimenez

Eresia
Goiatz Labandibar

Amaia Alvarez Uria

Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe

Aiora Sampedro

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Irati Majuelo

Denbora galduaren bila / Swann-enetik
Marcel Proust

Aritz Galarraga

Iraileko zazpi egun
Eneko Azedo

Aiora Sampedro

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Mikel Asurmendi

Anatomia bertikalak
Lierni Azkargorta

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Lurrez estali
Ximun Fuchs

Jon Jimenez

Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo

Mikel Asurmendi

Poesia guztia
Safo

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

Hedabideak