« Iraileko zazpi egun | Isiltasunetik gertu »
Denbora galduaren bila / Swann-enetik / Marcel Proust (Joxe Austin Arrieta) / Alberdania-Elkar, 2010
Hain libre, hain malgu, hain ukigarri Aritz Galarraga / Berria, 2025-09-14
Hasi gabe ezin buka. Lan-arropak bezti, erpurua goiti, osotoro esna. Edo lozorroa da Denbora galduaren bila abiatzeko modurik onena? “Goiz oheratu naiz luzaroan” dio, lehenik, izenik gabeko narratzaileak; jarraian esateko lo hartu eta berehala, ordu erdira, lotaratzen hasteko garaia zuelako pentsamenduak iratzartzen zuela. Eta hortik aurrera, erdi lo, erdi esna, kontzientzia lauso batean egingo du aurrera, haur garaiko oroitzapenak katigatuz, nondik nora zuzen ez dakiela, ez dakigula, behaztopaka, aurrera eginez hala-hola. Lozorro horretan sartzea da gakoa. Behin barruan, harrapatuta geratzen zara. Hala abia liteke, lokarti, zazpi liburukitan zehar barreiatzen den abentura.
Lehen liburukian gaude, Swann-enetik, lehen liburukiko lehen atalean, Combray, zeinean aurkituko dugun madalena famatua, gozogintzaren maskor txiki hori, hain koipetsuki sentsuala: “Eta izebak ezki-uretan bustirik ematen zidan madalena-zatiaren dasta berrezagutu orduko”, brastadan, agertuko zaio oroitzapena, eta oroitzapenaren atzetik oroitzapena, 3.000 orrialde osatzeraino. Atal honetakoen artetik gogoangarriena, amaren lo aurreko muxua; eta krudelena, amaren lo aurreko muxu eza, adibidez Swann etxean zegoela. Hemen ezagutuko dugu, halaber, narratzaileak idazle izan nahi duela, “egunen batean idazle izan nahi nuenez gero”; abentura honen amaiera aldera, azken liburukian, garrantzi erabatekoa hartuko duen afera.
Bigarren atala da, hartara, Swannen amodio bat, atal arraroa, pasatutako abentura baten kontakizuna, narratzailea jaio aurretik gertatua, formatu esan dezagun klasikoago batean. Pertsonaiaren aurkezpena egiteko balioko du, Swann, burgesa, judua, Proust bezalakoxea. Maitasunaren analisi bat ere bada, maitasun baten jaiotza eta heriotza, maitasun erromantikoaren desmitifikazioa, jelosiaz betea (pasarte ezin erridikuluagoekin), jakinduriaz (ez du asko inporta maite dugun hori benetan gustuko dugun, eraikuntza intelektual bat litzateke maitasuna). Parisko goi gizartearen lehen erretratu bat ere eskainiko zaigu, handiki-bilkura horietako baten bidez, benetan irriemangarria. Bigarren atal hau, ondorioz, eleberri barruko eleberri bat da, Proust laburbildu bat, Proust irakurtzeko denborarik ez daukanarentzat egokia.
Hirugarren atala genuke azkenik, Herrialde-izenak: izena, beste bien aldean puskaz laburragoa, 30 bat orrialde guztira, apendize bat, narratzailearen eta Swannen alabaren arteko haur-maitasuna esplikatzen diguna, eta erremate hau daukana: errealitatea, ezagutu genuen bezala, jada ez da existitzen. Proustek azken unean eman omen zion ebakera hori, hausnarketa nostalgiko baten gisara; alegia, eta probisionalki, desilusio batekin. Obra ez da ixten, baina ixten du lehen liburukia.
Zein da hiru atalok bateratzen dituen zera? Bada, Swann bera, ehunka pertsonaien arteko bat, zentrala, narratzailearen eredua: “Swanni zegokionez, haren antza neureganatzearren […] Swann bezain burusoil izan gogo nukeen”. Swann, Jockey-Clubeko kiderik dotoreenetakoa, Parisko Kondearen eta Galesko Printzearen lagun minenetakoa, Saint-Germain aldiriko gizarte goreneko gizonik mokofinenetakoa; ez berez ederra, eder eredugarri horietako bat, nahi baduzue, baina bai dotorea, chic: tupe hori, monokulo hori, irribarre hori. Ah, eta estiloa, obra guzti-guztia zeharkatzen duen itsasgarria —”Baina badakizu, kontatzeko maneran datza grazia, noski”—. Musikari ezagun batez ari da, baina Prousti buruz ariko balitz bezala: “Bera ere, ikasia baitzen, gaztetan, Chopinen perpaus lepoluze bihurri neurrigabeak laztantzen, pasarte hain libre, hain malgu, hain ukigarri haiek”.
Swann-enetik, ondorioz, Denbora galduaren bila-ren aurkezpen moduko bat da, obra guztiaren sarrera handi, sekulako, izugarri bat. Han-hemenka ibiliko diren pertsonaiak ezagutuko ditugu, gaiak, hariak. Modu aproposa da, beraz, halako egitasmo bati aurre egiteko, aurre egiteko beldurra kentzeko. Hasteko ezagutzen bizitza baten istorioa, haurtzarotik helduarora, izenik gabeko narratzaile batek kontatua, idazle bokazio baten kontakizuna, non narratzailea bilakatzen den idazle, eta idazten duen irakurtzen ari garen liburua. Idatzezintasuna gainditzen duen kronika bat da kasik, zeri buruz idatzi behar duen pentsatzen denbora galdu uste duen idazle bati buruzkoa, jakin gabe, hain justu, galdu duen denbora hori dela, azkenik, bere liburuaren gaia. Ia liburu bakarreko idazlea Proust, nahiz zazpi liburuki, 3.000 orrialde, ehunka pertsonaiatan barreiatua, bere esperientzia guztia, idazle bizi oso bat irauli zuen bertan. Gizajendea nolakoa den, nolakoak garen ezagutzeko lan bikaina, urteetan zehar, denborak nola aldatzen gaituen. XX. mendeko abentura literariorik handienetako bat; dimentsioagatik, sakontasunagatik, aberastasunagatik. Handitasunak beldurtzen du, baiki. Baina abentura guztietan bezala, hastea da bukatzera iristeko modu bakarra.
Kontra
Ane Zubeldia Magriñá
Irati Majuelo
Denbora galduaren bila / Swann-enetik
Marcel Proust
Aritz Galarraga
Iraileko zazpi egun
Eneko Azedo
Aiora Sampedro
Iragan atergabea
Julen Belamuno
Mikel Asurmendi
Anatomia bertikalak
Lierni Azkargorta
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Lurrez estali
Ximun Fuchs
Jon Jimenez
Irakurketaren aldeko manifestua
Irene Vallejo
Mikel Asurmendi
Poesia guztia
Safo
Mikel Asurmendi
Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre
Jon Jimenez
Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga
Jon Jimenez
Reset
Aitziber Etxeberria
Mikel Asurmendi
Baden verboten
Iker Aranberri
Jose Luis Padron
Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza
Jon Jimenez
Iragan atergabea
Julen Belamuno
Hasier Rekondo