kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Lurrez estali / Ximun Fuchs / Susa / EHAZE, 2024

Lurrari keinu bat Jon Jimenez / Gara, 2025-09-07

XIX. mendean, iraultza liberalen eta nazio-estatuen egonkortze prozesuen testuinguruan, Europako aunitz antzeztokitan berriz piztu ziren “Antigona” eta “Hamlet” gisako tragediak. Lurra eta lege zaharrak jokoan ziren garaian, gurean liberal eta karlisten arteko guduek agerian utzi zuten noren esku egonen zen ordura arte komunitatearen oinarri izan zen lurraren kontrola. Shakespeare eta Sofoklesen antzezlanak, hain zuzen, tradizioaren eta aurrerabidearen arteko talkaren alegoria gisa azaldu ziren orduan: aberats berri eta Estatuen aurrean, giza-komunitate eta nazio ttikiak.

Egun gatazka hori bizirik denaren seinale da Ximun Fuchs eta Axut! kolektiboaren “Lurrez estali” (Susa, 2024) antzezlana. “Hamlet” bera akuilu izan dutela aitorturik da orriotan, baina XVI. edota XIX. mendean ez ziren ideia berriak ditugu presente obran, ekologismoa eta klase borroka kasu, eta dilema unibertsal hura Euskal Herrian, Behe Nafarroako baserri batean, lurreraturik irakurtzen eta ikusten ahal dugu orain. Hala, Euskal Herriko Antzerkizale Elkarteak liburuaren aitzinsolasetako batean ongi erran eran, “ingurura adi; zentzumen guztiak komunitateari begira, momentuko kezka eta arazoak identifikatu nahian” ibili dira. Baita lortu ere. Eta horrela, gatazka geopolitikoek laborantzaren krisia agerian utzi duten garaiotan, Baxenabarreko herri laborari xume batera hilabete batez ehunka antzerki ikusle bertaratzea lortu dute. Hilabete batez, Izura herria eta Latsaga gaztelua izan ziren antzerki munduko erdigunea, eta “Lurrez estali”, antzerki zale guzien ahotan bolo-bolo zebilen fenomenoa.

Eta ez da gutiagorako. Izan ere, antzezlanak tragedia klasikoaren osagaiak dituen moduan, baditu herri antzerkiarenak ere. Eta hurbiltasun hori hautatutako gaiarekin eta hizkuntzarekin batera lortzen du, aldi berean eta, Gaizka Sarasolaren hitzaurreak aipatu bezala, erabat antzemangarri eta auzokide zaizkigun pertsonaiekin. Bertako egoerak eta egoera globalak bultzaturik, gure baserriak eta, oro har, euskal landa eremua krisi betean direnean, “Lurrez estali”-ko pertsonaiek idealismo antzuaren eta norabiderik gabeko ekintzaren artean kokatzen gaituzte. Eta gauzak diren eran erakusten dizkigute: nekazaritza eta abeltzaintzaren finantziazioa, ustiaketa, turistifikazioa, kutsadura, enpresa handiekiko dependentzia, elikadura subiranotasuna, herrien hustea, instituzioen ezina… Horren guziaren aurrean egun diren jarrera ezberdinen bidez, arazoen muinera hurbiltzen gaituzte, juzgu moralik gabe. Zeren eta, Sarasolak ondo laburtu moduan: “Keinu bat. Hori da Ximunek idatzi duena eta Axut!-ek eraiki duena. Izan ere, zer da antzerkia, hurbileko sentitzen ditugun horiekiko maitasun keinu bat ez bada?”.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak