kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Eichmann Jerusalemen / Hannah Arendt (Koro Navarro) / Pentsamenduaren Klasikoak, 2008

Txartasunaren banaltasuna Karlos Del Olmo / eizie.org, 2008-05-06

Ba ote txartasuna, gaizkia bera, hutsal gertatu edo banala izan? Itaun horri erantzun gura izan zion HannahArendt-ek 1961. urtean Jerusalemen Eichmann naziari (nazi ohia esaterik ez dagoenez gero) eginiko juizioaren kronika luzea idazterakoan. Zehaztu beharra zuen nor izan zen, benetan Eichmann, zeintzuk haren ekintzak,eta, azkenik, munta txikiagokoa ez zen beste auzi bat: epaitegiak Justiziaren eskakizun zorrotzak betetzerik lortu zuen. Bestela esanda, kronikagilearen hipotesia betetzen ote zen egiaztatu beharra, hau da, txartasuna banal bihurtzen dela norberaren eta inoren eginak bereizteko gauza ez denean.

Hiru ditugu Hannahek landu alorrak: gizakiaren kontzientzia moralaren ezaugarriak eta norbanakoarenganako ondorioak (jakina, Eichmannengan, lehenik, gainerako nazi guztiengan bigarrenik eta,azkenez, gizaki denengan); Holokaustoaren ezaugarri soziologikoak, eta, azkenean, gorabehera nabarmenak izan zituenez gero, juduen justizi administrazioaren —eta, ondorioz, ezein justizi administrazioren— jokabidea.

Jakina, auziperatze entzutetsu baten gaineko txostena da, oinarrizko lehengai moduan Jerusalemera bildutako kazetariek jasotako auzi izapideen transkripzioa dela bide. Argitu beharreko auzia behar eskergetan eskergena: zelakoak izan ziren Otto Adolf Eichmann gerra kriminalaren aurkako juizioko inguruabarrak, hamabost delitu leporatzen zizkiotenetik, eta ez edozelakoak: bakearen aurkako krimenak, herri juduaren kontrako krimenak eta gizadiaren aurkako krimenak. Benetan, gizadi osoaren gainekoengatik epaitu bide zuten, juduek ez zutelako —itxuraz— bereizketa etnikorik egin gura izan. Jakina, azkenean, gauza ez ziren hain errazak izan, gizaki bakarra epaitu zuten arren, hura ez zelako izan deportatuentzako trenen erantzule bakarra, bateko, eta, besteko, erregimen naziaz harantzago, antisemitismo sekularra jesarri gura izan zutelako akusatuaren jarlekuan. Hala, gauza guztiak abstraktuago bihurtu ziren: gizaki bakarraren egintzetan krimen izugarriak antolatu zituen sistema oso bat auzipetuta utzi zuten.

Koro Navarrok euskaraturiko liburu honetako lehen zatian, juizioaren beraren ingurukoak (partaideen jarrerak, hizkuntz eta itzulpen arazoak, irregulartasun formalak…) agertzen dira. Juizioari nazioartekotasun aire bat eman nahi izan arren, epaile eta ikusle guztiak juduak ziren. Bestalde, zenbaitetan magistratuek lizentzia eman zioten salatzaile publikoari prentsarekin harremanetan egoteko, eta telebista saioek etengabe eteten zituzten epai saioak (publizitatea eta guzti).

Eichmann ez zen kristaua eta, beraz, zinpean deklaratzeari uko egin zion. Salaketa formulatuta zegoen zentzuaren aldetik errugabea zela aldarrikatu zuen, eta berak ez zuela ez zuzenean inolako judurik edo pertsonarik hil, ezta hiltzeko agindu ere. Dena dela, agindu baliote, aita bera bere eskuekin hilko zuela azaldu zuen. Argiro erakutsi zuen auzian zein egoeratan bizi ziren naziak: ez zekiten zein ziren gertatzen ari zenaren ondorioak eta, bestalde, ezinezko gertatzen zitzaien heltzen zitzaizkien aginduak ez betetzea (beti egoten zelako norbera baino gorago zegoen baten bat). Partiduak borondatea zurrupatu balie legez jokatzen zuten. Eichmannek oso ondo ezagutzen ei zituen juduak (hebreera eta yiddisha ikasi eta menperatu zituen). Dena dela, juduak laguntza eske joaten zitzaizkionean, goikoen aginduak jartzen zituen aitzakiatzat… ezer ez egitea zuritzeko.

Kronikan aurrera egin ahala, zalantza handi bat sortzen zaigu: nor dugu, bene-benetan, aurrez aurre: fede txarrez jokatzen duen gezurti lerdo bat ala errealitateari aurre ezin eginik dagoen kriminala, krimena errealitatearen osagai bihurtu zaionez gero?

Egilea judua izanik, haren kideentzat deseroso gertatzen ziren galderak egin zituen; eskandalua ere sortu zuen, bigarren argitalpenean adierazi zuelako Otto Adolf Eichmann ez zela ez gaiztoa ez ergela, irreflexio hutsak —ezen ez lerdotasunak— bihurtu zuela haren garaiko kriminalik handiena; horra hor liburuaren bigarren izenburuaren azalpena: txartasunaren banaltasunaren gaineko ikerlana. Baina Arendtek dioenez, Eichmannek eskura zituen baliabide guztiak erabili zituen aginduen, delituen ondorioak larriagotzeko, haren bizitza benetako arriskuan ez bazegoen ere aginduak behar bezala ez betetzearen ondorioz (akusatuaren abokatuak hala esan arren, alegia, urkatzeko arriskua izan zuela).

Gogor salatzen du liburuan egileak, berbera judua izan arren, nazia epaitzeko erabilitako prozedura: argentinar herritarra zen Eichmann hura bahitu eta epaitu arte Jerusalemen ohe bati lotuta izan zutenean: zelan epaitu zezaketen epaile juduek argentinar bat? Zein nazioarteko eskubideren arabera? Azken buruan, gainera, mendeka ote zitekeen milioika giza seme-alabaren erailketa Justiziaren bermeak hautsita gizaki baten bizkar gainera erru osoa boteaz? Aldez edo moldez, idazleak agerian jartzen du giza kontzientziaren krisialdia, bai naziena, bai juduena, hauek ez zietelako aurka egin milaka lagunek osaturiko ilarak zaintzen zituzten zaintzaile nazi bakanei. Matxinatu ez zirelako. Totalitarismoaren armarik bortitzena horixe delako: jendeari mundua zalantzan jartzeko ahalmena kentzea, erregimen totalitarioaren klixeaz ezbai egiteko gaitasunaz gabetzea.

Nolanahi ere den, gizarte gatazkaren batean murgilduta edo hura epaitu behar duen edozein gizartetarako itaun eta gertaera unibertsalak dira, Euskal Herrira ere, jakina, erraz erakartzekoak.

Testu hau, edozelan ere, mugarri bihurtu da, bai kritikoentzat, bai Arendtek erakutsitako bidetik holokaustoaren ondorioetako batzuk hainbat itxura ezberdin hartuta, gizarte mota askotan, egun ere etengabe berretzen direla defendatzen dituztenentzat. Ingurura begiratu besterik ez dugu.

Kororen itzul modua ondo baino hobeto egokitzen zaio kronika moduko estilo honi, eta testuak erraz bai erraz korritzen du; dena dela, zenbait pasarte beste orrazketaren baten beharrean daudela dirudi, beharbada bilduma honetan duela gutxi arte zuzentzaileak izan diren arren, honako honetan halakorik erabili ez dutelako? Penagarri gertatuko litzateke hainbat gauzatan eredugarri gertatzen den bilduma honetan zuzentzailearen eginkizuna ez aipatua edo alde batera utzia izana.

Eichmann oso duin joan zen urkamendira, erlijioaren laguntzarik gabe eta botila erdia ardo beltz edanda. Herio ondoko bizitzan ez zuela sinesten eta kristaua ez zela aldarrikatu, biba batzuk bota eta han hil zen “hitza eta pentsamendua motz uzten dituen gaizkiaren hutsaltasun beldurgarriaren irakasbidea”.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak