kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Paranoiaren hozberoa / Juan Izuzkiza / Pamiela, 2008

Paranoiaren hipokondria Mikel Ayerbe / Berria, 2008-04-27

Juan Izuzkizak 2007ko Juan Zelaia VII. Saiakera Saria lortu zuen Paranoiaren hozberoa (Nintendorena) lanarekin “egungo mundu mailako egoerari buruzko azterketa-begirada kritikoa, jakinduriaz, freskotasun eta ironiaz manera aski ausart eta originalean gauzatzen duelako”. Epaimahaikideen aktatik liburuaren kontrazalean azpimarratzen diren hitzak dira, eta horra hor liburuaz aurrez aipaturiko hiru balore.

Hain zuzen ere, egungo gizarte paranoiko horren baitan norbanako bakoitzarengan paranoiak duen garrantziaz hitz egin nahi digu Izuzkizak. Baina horretarako, ezinbestekoa da lehendabizi paranoia bera, kontzeptu zein errealitate gisa, definitu, ulertarazi eta neurtzea. Egileak sarreran dioenez: “zer da aurrean duzun liburu hau? Jolas bat da. Jokoak beti izango du logika propio bat eta honekin batera bereak diren helburuak (…) Logikarekin eta helburuekin batera zentzua agertzen zaigu ekintza guztien bideratzaile gisa. Hirukote honek bere itzala proiektatu eta paranoiaren itxura hartzen du”. Eta beheraxeago saiakeraren helburua aitortzen du: “Ondorioz, paranoiaren bila joango gara, zuzenean berarekin egoteko, ea nor ateratzen den bizirik jakiteko”.

Abiapuntua bezain berezia da liburuaren egitura ere, Nintendorena azpitituluko aiputik abiatuta, hamar pantailatan egituratzen baita saiakera. Bideo-jokoetan bezala, lehenengo pantailatik abiatu eta banan-banan, pantaila guztiak garaitu beharko ditu irakurleak, amaierako Game Over-era onik iristeko. Bide horretan, sarreratik argitzen digu egileak zein pantailekin topatuko den irakurlea eta pantaila bakoitzean zein gai jorratuko diren. Izan ere, baldosa horien gisara, Izuzkizak paranoiara heltzeko labirinto birtual eta literario bat prestatu du.

Azken horren harira, idazle bati irakurri nion beste idazle batek bi motatako saiakerak bereizten zituela: batetik, egileak aurrez atera dituen ondorioetara irakurlea zuzen bideratzen duten saiakerak egongo lirateke; eta bigarrenik, egileak berak ere ez luke oso argi izango nora iritsi nahi duen, eta horrenbestez, bidean hainbatetan galduko da eta inoiz ez da helduko iristea nahi zuen helmugara. Bada, nire irakurketara mugatuz, Paranoiaren hozberoa bi saiakera mota hauen artean kokatzera ausartuko nintzateke. Izan ere, helmuga aurrez aipatu eta egileak bidea zehaztasun erabatekoz jorratzen badu ere, irudipena dut nire gisako irakurlea maiz galduta sentituko dela bidean.

Izan ere, eta liburuaren aurkezpenean editoreak babestu zuen adierazpenen gainean, liburua “filosofiako gaietan trebatua ez dagoenak ere aise irakurtzeko modukoa” dela eta, nik ere nire zalantzak ditut. Izuzkizak sarreran jakinarazten baitigu hasierako pantailak hasiberrientzat diren neurrian, seigarrengo pantailara jokalari aditua iritsiko dela eta zazpigarrenean, berriz, “izerdi tantak lodiak” direla. Eta azken aurreko kapitulurako egoki gaineratzen: “moralkeria irakurleak atera behar du”.

Ez dudalako uste Paranoiaren hozberoa (Nintendorena) saiakera nik neuk edozein irakurleri aholkatuko niokeenik. Eta horrela izan behar duelakoan nago; besteak beste, Heraklito, Nietzsche eta Aristoteles filosofiaren historiako oinarrizko pentsalarien ondoan egungo erreferentzia ezagunak (E. Canetti, Z. Bauman, H. Bloom etab.) korapilatzen diren neurrian. Edonola ere, filosofia, antropologia edo egungo gizartearen gaineko bestelako gogoeta zaleentzat egokia den liburua dela deritzot. Eta gainera, gogoeten iturri eta aipu zehatzak Oharrak eta Bibliografia ataletan eransten dira, irakurle harrapatuari paranoian murgiltzeko aukera gehiago eskainiz. Besteok, insert coin, beti izango dugu beste txanpon bat sartzeko aukera.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak