« Benetako eleberri poliziakoa | Eskuetan mapak »
Haragia / Eider Rodriguez / Susa, 2007
Haragia Iratxe Retolaza / Sareinak, 2008-02-04
Azken aldian euskal narraziogintzan eman diren urratsik interesgarrienetarikoak ipuingintzaren eskutik etorri dira, proposamen berritzaileenak, estetikarik ohargarrienak. Eta euskal irakurlea genero horri bereziki lotu zaizkiolako irudipena ere badut, akaso berritze horren txalotze dena. Euskal ipuingintzaren maila hori, sendotze hori eta aberaste hori berrestera etorri da Eider Rodriguezen azken narrazio-bilduma, Haragia.
Bigarren liburu honetan Eider Rodriguezek bere narrazio molde propioari eutsi dio, baina koska bat estuago eginez, pixkatxo bat gehiago tenkatuz. Oraingo honetan ere Eider Rodriguezek irakurleoi ez digu atsedenik eman, ez digu kontzesiorik egin, zorionez.
Haragia izenburuko bildumako ale bakoitzean haragia oso presente dago, eta narrazio bakoitzean haragitze horrek bere bide propioa badu ere, haragiak (gorputzak) sorturiko askotariko hutsuneak aurkezten dira. Haragiaren hutsuneaz mintzatzean, hutsune afektiboari egiten diot erreferentzia, alegia, askotariko afektibitate-arazoek eragindako hutsuneei. Aipatzekoa da narrazio hauetan, gainera, jendarte kontsumista eta indibidualista honetan hedaturiko afektibitate-arazorik hedatu eta latzenak aurkezten saiatu dela.
Narrazio hauetan gorpuzturiko hutsune afektibo horiek erreakzio fisiko anitz sortuko dituzte: kontaktu fisikoaren premiak sorturiko oinazea (“Haragia”); bere bizimoduarekin konformagaitz eta kontentagaitz den emakumeak duen bulimiaranzko joera (“Salgai”) edota heriotzaranzko joera (“Nahiago nuke gezurrik ez esan”); haragi goseak sorturiko bortizkeria (“Erle begiak”); mespretxatua izateak sorturiko jarrera bortitza (“Ez du katu bat balio”); maite den pertsonaren hutsuneak (heriotzak, urruntasunak, komunikazio-ezak) sorturiko afektibitate-arazoak eta minak (“Golf ondoko etxea”, “T’es très belle”, “Apur bat zoroa”, “Hirugarren oparia”, “Usainak”, “Tekla bat”, “Errautsa”).
Narrazio hauetariko gehienetan, beraz, hutsune afektiboak eragindako oinaze edo erreakzioa fisikoak dira gorpuztuak: oinazeak, erasoak, jarrera bortitzak, ezinegonak, mugimenduak… Baina, interesgarria da oso hutsune afektibo hauetako bakoitza egoera eta testuinguru jakinetan margotzeko izan duen trebetasuna. Ez digu kontatu, ez, nola heldu diren pertsonaia hauetariko bakoitza hutsune afektibo hori utzitako egoerara, baina, kontatu egiten zaigu, bai, hutsune afektibo horrek dakartzan ondorioak, testuinguru jakin batzuetan. Ez du bilakaera kontatu nahi izan, egoera baizik, pertsonaia horiek bizi duten egoera. Horregatik, Eider Rodriguezen narrazio-estiloan detaileek garrantzia handia dute pertsonaia horien egoera margotzeko, eta informazioaren dosifikatzea ere neurturik dago oso, egoeraz jabetzeko, eta ez beste. Modu honetara egoera konkretu batzuen erradiografia eginez, kontatu egiten zaigu gaurko jendarte kontsumista eta indibidualista honetan hutsune afektibo horien aurrean pertsonaia horiek umezurtz sentitzen direla, eta umezurztasun horren ondorioz, hutsune afektibo horri aurre egiteko bide ankerrak hartu dituztela gehien-gehienetan. Narrazio hauek erakutsi egiten digute, inkomunikaziorantz bideraturiko jendartean, hutsune afektibo ttikiena ere drama handi bilakatua dugula, eta hartara, hutsune afektibo hori nolabait muturreko bideak ere hartu dituela jendeak (bortizkeria, ihesa, obsesioa…).
Haragianarrazio-bilduma honetan jorraturiko mamiak eta mundu-ikuskerak bi liburu ekarri dizkidate gogora. Bata, Amélie Nothomb-en Gosearen biografia [Biographie de la faim, 2004]; eta bestea, Antonio Damasio-ren Descartesen hutsegitea [El error de Descartes, 1994].
Amélie Nothomb idazleak Gosearen biografia lanaren hasieran, “ni neu naiz gosea” aldarrikatzen du, eta bide horretatik, goseak blaituriko mundu-ikuskeran haztaka sortu du bere unibertso autobiografikoa. Liburu honetako ideietariko bat, honako hau da: gose fisikorik (jateko premiarik) ez den lurraldeetan —alegia, pertsonak jaki oparoz hornitzen diren lurraldeetan—, alegia, gose fisikoa (jateko premia) nahi beste eta behar beste asetzen den lurraldeetan, aseezintasuna dela nagusi, eta behar baino gehiago jateko, irensteko joerara lerratzen dela pertsona, eta ondorioz, aseezintasun hori ere bestelako goseak sorraraziko ditu. Besteak beste, haragi gosea eta afektu gosea, jakina. Hartara, bilduma honetan aurkezturiko pertsona horietariko batzuen jarrera zenbait gose aseezinak sortuak dira, afektuaren eremu batzuetan haragituriko gose aseezin gehiegizkoek eragindakoak. Asebete ez, eta gosearen obsesioak bizi dituzte pertsonaia horiek, afektu goseak eragindako obsesioak eta jarrera konpultsiboak hartuz. Hortxe da, besteak beste, erosketarako joera konpultsiboa, “Salgai” narrazioan kontaturikoa: “Erostearen zirrara ez baita erosketarekin ahitzen, eta zorioneko sentitzen da ekintza finigaitz horretan pentsatuz” (26. or.). Narrazioak aurrera egin ahala, konpultsiboki jatearekin harremanetan jartzen dena, gainera.
Bestalde, Antonio Damasio neurobiologoa Mendebaldeko jendartea azken mendeetan zeharkatu duen ideia nagusietariko bat iraultzera dator Descartesen hutsegitea liburuan, Zientziaren eskutik. Liburu horretan, gorputza eta arima bereiztu egiten zituen Descartesen “cogito ergo sum” baieztapena irauli du, eta garunean arrazoia eta emozioak nahas-nahas eginda daudela baieztatu. Alegia, arrazoia ezin omen da bere testuinguru emozionaletik askatu, Nietzschek esan bezala, gorputza eta arima bakarra baitira.
Badirudi narrazio-bilduma honetan ere banaezintasun horretaz mintzo zaigula Eider Rodriguez, oinaze fisiko eta psikologikoaren arteko lotura horretaz, gorputzaren minaren eta arimaren minaren arteko mugarik ezaz. Horregatik, pertsonaia ugariren diskurtso zati txikietan argi agertzen da zein den haien ideologia, zein den ikasitako diskurtso arrazionalak eskatuko lukeen jarrera koherentea, baina, ezinezkoa zaie bere ideologia horiei zintzotasunez lotzea, testuinguruak eta jendarte-ereduak jokaera emozional eta afektibo zenbaiten premia izateko ere ikasarazi dizkietelako. Horixe da, besteak beste, narrazio hauetan kontatzen dena, emozioek ere bideratzen dituztela gure pentsamenduak eta jarrerak, eta ondorioz, kultura (testuinguru) konkretu batean bizitzeak ere geure emozioak egituratu eta bideratzen dituztela. Esate baterako, diskurtso arrazionalaren eta emozioak sorturiko jarreren arteko tenka garbia irudikatzen da feminismoa hizpidera ekartzean. Diskurtso feministara loturiko pertsonaiak izan badira narrazio hauetan, baina, emozio edo sentimenduek “ideologiei arrotz” jokatzera eraman dituzte. Adibide argia dugu hondartzako emakumea, afrikarra duena maitale: “afrikarraren zakil pendularrak hipnotizaturiko hitz jarioa, emakumearen sasi-ezkertiartasuna, bere askapen femeninorako urtetako ahalegina gizon haren hipnosi gaitasunak birrindurik, zeinarentzako, normala denez bere herrian, emakumeak etxola garbi izateko eta arrazaren biziraupena bermatzeko baino ez diren” (9-10. or.); edota Buenos Aireseko taxista batekin solasean den neskaren gogoeta hauek: “Eta deliberatu du diskurtso feminista baztertzea, azken finean, Amerika Amerika da, zer arraio, eta zaharra da taxilaria, arbaso euskaldunekoa gainera” (34. or.).
Ondorioz, Eider Rodriguezek informazioa dosi txiki eta neurtuetan emanez eta pertsonaia ugariren egoerak gorpuztuz mundu-ikuskera baten berri eman digu, geurean uste baino errotuago dena, gugan ere uste baino errotuago dena.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres