« Sintesia | Euskaldun bat L’Apres Mai 68n »
Leihatila Beltza / Taperware Kolektiboa / Xirika, 2007
Euri azidoa Ion Olano / Gara, 2007-12-15
Durangoko Azokan, plastikozko poltsen eta zelofanen artean, benetako gauzak falta direnaren sentipena izan dezake batek. Eta halako batean, euria hasten den bezalaxe, liburua jausten zaigu esku artera: Taperware Kolektiboaren “Leihatila Beltza.” Azpitituluak helburu handiak iragartzen ditu: “Gaur egungo bizimoduaren gaineko kritika azidoa”. Hitzaurrean, aldiz, asmoaren apala azpimarratzen du kolektiboak. “Asmoa ez zen (gerora ere ez da izan) bizi dugun garaiaren eta garaiko ajeen inguruko jakitate teoriko orokorrik ezartzea. Bai, ordea, eguneroko gauza txikietatik abiatuta egindako hausnarketatxoak konpartitzea”.
68 irudiz eta 71 testuz osatutako bilduma da Leihatila Beltza. Bilduma, izan ere, Xirika Gazteon Kazetan 2006 eta 2007 urteen bitartean argitara emandako lanak bildu ditu Taperware Kolektiboak, leihatila argitaragabeekin batera. Prentsaren zuri-beltz zimurgarria gainditu, eta koloretan paratu ditu, urtaroka atonduta, testuak eta irudiak, xume eta txukun. Liburu bakoitzak, edo hobe esanda, formato bakoitzak badu bere arnasa. Tempo-a, nahiago baduzu. Badira arnas luzeko formatoak, irakurlearen arreta apetatsu eskatzen dutenak, hasieratik amaierara. Baina badira formato fragmentatuak, hasiera-amaiera ugariak eta laburrak dituztenak, eta ondorioz, irakurraldi moldagarriagoak. Trenean, autobusean, itxaronaldietan, komunean irakurtzekoak dira. Irakurleak berak erabakitzen du noiz eta noiz arte irakurri, zein arretaz, irakurketa infinitoraino luza daiteke, ordena laberintikoak probatuz gero. Azken horiekin batera kokatuko nuke Taperware Kolektiboaren lehen emaitza hau.
Gure bizimodu hiperzinetiko honetan, fotogramak atzerapenaren sinonimo dira. Gelditu eta pentsatzea progresoaren kontrakoa baita. Ez dakit Markos Zapiain filosofo kontenplatiboak liburuko hitzaurrean dioena baieztatuko nukeen: “Argazki iruzkinduen bidez gure orainen eta hemenen berri garrazki emateko ahalegina, Leihatila Beltza honen bidez egin da lehendabizikoz gurean”. Hala ere, argi dago: errealitate deritzogun zera itsusi hori elegante kontatzeko ahalegina egin du Kolektiboak. Zapiainekin batera diot: “Eskura duguna gutxiesteko nerabekeria gainditu eta argazkian finkatu du. Eta ondoren hitz eginarazi dio”.
Babes ofizialeko marrazoak, zeraren tamaina, autoen ipurdietako zooa, publikoak pribatu bihurtzeko duen joera bitxi hori, Baionako Virgin-en FM, Garberazaleak, H5N1 birus modaz pasea, palmondo laranjak kanping atarietan, etxea erosteko orain 14 urte lan egin behar lehen 14 hilabete behar zituenak, Oteizaren 14. apostolua da Pluton, bertsolaritzaren tirania garaikidea, arraio publikoa, biperraren erreinua, bidaia baino garrantzitsuagoa da testigantza grafikoa, Itoiz (lau teilatu baino gehiago urpean), bake eolikoak, TAO anderea, terrorismoa (adreiluzko zeru horiek), txomingeroak. Horiek denak eta gehiago topatu ditut leihatila beltzetik begira jarrita.
Kolektiboak zalantzan jarri izan du, Xirikak eman dizkion orain guztietan, eta liburuaren orainetan orain, Zapiainen “gure hemen” horiek “gure” ote diren, baita “hemen” ote diren ere. Bide horretan, esanguratsua da liburua ixten duen “Paradisu operazioa” narrazioa, Iñigo Royok idatzia. Xingola egokia ezarri dio Kolektiboak bere lehen opariari, ipuintxo ironiko horrekin.
Lastima, Durangotik frexko-frexko ekarri nahiaren presak zinetikarekin nahastu dizkit fotogramak. Abiadurak ez dio mesederik egin ene irakurketari. Dena den, patxadaz, komunean, liburua zabaldu, argazki bat irakurri, testu bat ikusi eta irribarrea zabaltzen zaidanean, iruditzen zait hiruron artean, irudiaren, hizkien eta nire buruaren artean, hortxe daudela benetako gauzak.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro