« Istorio barregarria | Hamabost zauri revisited »
Festa aldameneko gelan / Mariasun Landa (Jesus Mari Lasa) / Erein, 2007
Euskaldun bat L’Apres Mai 68n Beñat Sarasola / Berria, 2007-12-16
Ez dira ohikoak kontakizun autobiografikoak euskal literaturan, Txillardegiren Gertakarien lekuko, Jose Ramon Goikoetxearen Mentxakaren aitorpena eta Harkaitz Canoren Piano gainean gosaltzen lanetatik landa nekez aurkitzen da gisa horretako lanik. Eta pena da ezen, besteak beste, gaur egun hainbeste balioesten den errealitate/fikzioarekin jolasteko bidea ematen baitu.
Euskal autobiografien zerrenda mehar horri, bada, Mariasun Landaren Festa aldameneko gelan hau gehitzen zaio orain, zeinetan gaztetan Parisa joan zenekoak kontatzen baititu. Zehazki, 1968ko irailetik 1971ko otsailera arteko aldia da liburuan jorratzen dena, nahiz eta nagusiki 1968-1969 denbora tartea kontatzen den xehetasunez. 19 urterekin Parisa joateko asmo horiek hasiera-hasieratik egongo dira idazle izateko desirarekin loturik, ongi idazteko ezinbestekoa iruditzen baitzaio bizitzea (BIZI); eta, jakina, bizitza non egongo da 1968. urtean ez bada Parisen? Hala, chambre batetik bestera, Landaren nondik norakoak ezagutuko ditu irakurleak. Azaldu beharreko oro azaltzen da: Sorbona, Gauloise zigarretak, Paco Ibañez, errefuxiatuak, Simone de Beauvoir, Charles de Gaulle… Kontakizuneko ardatz nagusiak bi dira: idazlearen “kontzientzia hartzea” auzi politikoen gainean eta bere amodio kontuak. Hasieratik, Jose Jabier da bere “Pertsona Interesgarrien” zerrendan lehena, baina distantziak lagundurik-edo (Jose Jabier Donostian geratzen baita), apurka beste gizonezko batzuk azaltzen zaizkio Parisen, sexu-harremanak izatera inoiz iristen ez den arren, barruan duen “moja nagusiaren” erruz. Hala, Lukas ezagutuko du, klandestinitatean bizi den espainiar marxista dogmatiko bat, eta haren laguntzaz klase kontzientzia lortzen joango da, berarengana erakarria sentitzeaz gainera. Bi ardatz horien azpian, ordea, beste ñabardura batzuk topatzen ahal dira, zinez interesgarriagoak direnak. Adibidez, bere fille au pair gisako lanean, haurrekin harremanetan jarri eta horientzako ipuinak kontatzen hasiko da estreinakoz.
Liburua, halaber, belaunaldi oso baten gaztaroaren testigu gisa uler liteke. Esate baterako, Ramon Saizarbitoriaren zenbait lanetako giroa gogorarazi dit niri: askapen sexualarekin loturiko kontuak, eztabaida politikoak, euskaldunen hoztasuna sexu-harremanetan, atzerria Euskal Herriaren etorkizunerako eredu gisa… Nolanahi ere, aipatu behar da, orobat, hasieran batez ere halako deslilura batek blaitzen dituela Landaren bizipenak, Paris amestuaren eta Paris errealaren arteko amildegia handiegia izango balitz bezala (Montmatreri buruz esaten dituenak lekuko).
Bestetik, aipatzekoa da autobiografiaren eraikuntza nola gauzatua dagoen. Berau osatzeko materiala ezkutatu beharrean (garai hartako eskutitz, eguneroko, argazkiak), kontakizunean bertan azaltzen dira. Horregatik, zenbaitetan kontakizunak jauzi egiten du plano batetik bestera (errealitatetik diskurtsora), eta agerian geratzen da memoriaren eta iraganaren arteko distantzia. Eta ez hori bakarrik, hainbatetan Landak berak zalantzan jartzen ditu bere eguneroko edo eskutitzetan idatzitakoak, bere burua justifikatzeko idatzitakoak zirelako, adibidez; eta, horrenbestez, horrelako dokumentu intimoei sarritan ematen zaien benetakotasun eta egiazkotasuna erlatibizatu egiten du. Uste dut alderdi hori dela liburuko interesgarrienetakoa.
Liburuaren jatorrizko bertsioa, nire harridurarako, gazteleraz idatzita dago, baina Jesus Mari Lasaren itzulpena hain da bikaina (dorpe hitzaren erabilera alde batera lagata) ezen sarritan ematen baitu Landa bera dela hitz horiek idatzi dituena.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez