kritiken hemeroteka

8.693 kritika

« | »

Dantzaldia / Irene Nemirovski (Eider Rodriguez) / Txalaparta, 2006

Grinak dantzan Inma Errea / Diario de Noticias, 2006-07-30

Literaturak bizi garen toki edota garaietatik urrun eramaten ahal gaitu, bizi ezin izan ditugun denboretara garraiatu, bestela ezagutzerik ere izanen ez genukeen giroetara lekualdatu. Hori du literaturak, hori eta, batera, inoiz bizi izan gabe ere besteen —pertsonaien— sentipenak ezaguntzat jo ahal izatea, eta gure baitan birsortu, sortzaile batek inoiz —sarri guregandik urrun, hala denboran nola espazioan— irudikatu zuen kontakizunean murgilduta.

Irene Nemirovski idazlea guregandik urrun dago denboran, heriotzak jendea aldentzen duen heinean urrun, eta bizi bitartean hainbat alditan guregandik, euskaldunongandik, hurbil egon bazen ere —Hendaian, Miarritzen edota Donibane Loitzunen, euskaraz mintzatzera ere iritsi zelarik—, urrun jaio zen, Kieven, eta urrun samar, Parisen, idatzi zuen orain gure hurbileko beste idazle batek, Eider Rodriguezek, euskaratu —hots, gureganatu— duen nobela, Dantzaldia hau.

Nemirovskik jakin zuen, asmatu, kontakizun konkretu baten bidez jendearen sentimenak eta pertsonen arteko harremanak osagai dituen putzu sakonetik ur biziak ateratzen, eta Rodriguezek asmatu du ur horiek guregana fresko ekartzen.

Emaitza nobela labur eta trinko hau dugu, giro jakin batean bizi den neska nerabe konkretu baten bizipen unibertsalak eta jendarteko konbentzionalismo arruntek ezkutatzen dituzten bizi-gabeziak kontakizun dituena.

Antoinette protagonistak, 14 urteko nerabea den aldetik, nerabetasunaren ezaugarri unibertsalak erakusten dizkigu, muturrekoak izanagatik ere zorrotzak, egiazkoak. Antoinetteren sentimendu eta pentsuen ifrentzu, guraso aberastu berrien jokabidea deskribatzen digu idazleak, eta haien azalakerian, Antoinetteren bezain konprenigarri agertzen zaizkigu Kampf jaun-andreen arrazoi eta moldeak. Zorigaitza, kasu honetan bezala gizon-emakumeek beraiek sortua izanagatik ere, beti baita ulergarri. Nemirovskik amorruez, mendeku-gogoz, zorionik ezaz edota inguruko zorigaitza abiaburu duten poz txiki kasik aitorrezinez ehundutako tapiza erakusten digu, eta itxurakerietan oinarritutako mundua deskribatuz gogoeta sakonetan murgilarazten gaitu irakurleok. Gizarte-mailen inguruko gogoetetan, kasu, edo mendekutik errukira doan tarte harrigarriro laburrari buruzko hausnarketetan.

Nemirovskik jendarteko itxuretan sakontzen du, irudia jainko duen jendartea zorrotz disekzionatzen du, azaleko mundu bat erakutsi, eta aldi berean pertsonen baitako bulkadak, joerak eta jaidurak azaleratzen ditu, jendarteko mundu formalaren parean jendearen baitako grina ezkutuenak paratzen ditu, irakurleek aldera ditzagun edo.

Nemirovskik, naziek gazte —40 urte bete gabe— hil bazuten ere, asko utzi zuen idatzia, hamahiru nobela, besteak beste. Horien artean, idazlea hil eta askoz geroago, 2004an, Suite française izenburuarekin argitaratutako eleberria, alabek nobela zela jakin ez eta urtetan irakurtzera ausartu ez ziren eskuizkribua, hala idazlea bera nola hark egindako lanak mundu osoan ezagunak egin dituen liburua. Bada nor Suite française hori ere euskaratzeko eskatu duena. Hori baitu literaturak. Asetzeko gauza denean, asegaitz bilakatzen gaitu.

Azken kritikak

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Irati Majuelo

Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette

Aritz Galarraga

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Joxe Aldasoro

Akabo
Laura Mintegi

Mikel Asurmendi

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Beste urte batez
Samira Azzam

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia

Aiora Sampedro

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Irati Majuelo

Izen baten promesa
Hedoi Etxarte

Aiora Sampedro

Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro

Aiora Sampedro

Esne berriketan
Uxue Alberdi

Mikel Asurmendi

Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea

Asier Urkiza

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak