« Longa kapa beltza | Ipuin antzeko alegi mingotsak »
Ni ez naiz hemengoa / Joseba Sarrionandia / Pamiela, 1985
“Ni ez naiz hemengoa” Txema Larrea / Pamiela, 1985-07
“…Ya no soy
de aquí, apenas me siento una memoria
de paso. Mi confianza se apoya en el profundo desprecio
por este mundo desgraciado. Le daré
la vida para que nada siga como está”.
(Francisco Urondo, “Solicitada” poeman,
“Todos los poemas. 1.950/1.970”.
Buenos Aires. Ed. La Flor 1972)
Hor gaindi hedatu da presuner baten izena, “Ni ez naiz hemengoa” liburuaren egile. Joseba Sarrionandia iurretarra itzal handiko gizona bilakatu dugu. Bere bozak, guk errepikatzen, beste ñabardurak hartzen ditu, eta menturaz —kritikarik ez baitu— dioenaz profitatzen gara gurea aldarrikatzekoz. Artikuluxka honetan, liburuak plazaratzen duen ideia pare batez ari izanen gara.
IDAZTEA
Ileak lazten zaizkit “Literatura eta militantzia” edo antzerakoak izkiriatzean, horixe da ordea, lehen kezkaburua. Odola, borroka eta hilerrien bakeari lotua agertzen baitzait. Idazle iraultzaileek, diote, bere erara, lumaren bidez, borroka bulkatu behar dute. Aise dute: euskaraz idazten, batuan noski, abertzale izanik, eta ahal dela elkargo ezagun batekoak. Ene idurikoz ez dateke horrela, puntu baten batik bat, artea ez baita konpromezu politikoaren ordezkari, hitzak beharrik! — ez baitira balak eta idazle baten lana idaztea den ber iraultzaile batena iraultzan saiatzea izanen da. Idazle iraultzaileek idazten egiten badute bere iraultza, torero iraultzaileen lana (“Txikito de la revuelta”, Zornotzakoa, kasu batez), toreatzen zertuko da eta iturginena euskal tuberia iraultzaileak egiten, seguraski. Asuntoa bestelakoa da, apika. Idazlea ez da ilargiztatu bat, Abandotik Eskiularako xendratan predikuz, edo korrika, dabilena. Bere lana apalago ese bada. Arteak inguratzen gaituena nabarmen eta agiriagotu behar baitu. Ez du xedez gure ainigmak ebaztea eta soluziobideratzea. Idazle batbederak du bere helburu. Maravall, Orixeren antzera, Jainkoaren xerka ari zitzaigun; esfortzu haundiz, barne-minez eta bere buruari atertugabeko galdekizunez, erdiesten du —batzutan— nahi duena. “Kristaua izatea-besterik ezpaita ene gogoa” erantzun zuen behin Maravallek bere poema baten berri galdetu ziotelarik.
Elestatu nahi dugun liburuan artikulu llabur horiek egunkari suertatzen diren, eta zaizkion, isilpeko minez, ustekabeko traba eta zapalketez, funtzionarien harrotasunaz… egiten digute solas; jakinik, halere, kate eta kalte horiek, gure hitzek bezala, ezin dutela asturuen bidea itzul eta aldarazi.
Mintzairak, hitzek badute, aitzitik, zerbaiska. Gizaki zenbaitetan —zokoratuak, presoak, eroak, betirako eritasunean murgilduak— lengoaia den gelditzen zaien bakarra. F. Bacon-ek zabaltzenago du ideia hau poesiaz mintzatzean, honen iduriko, “giza-izpirituari atsedena eman baitiezaioke, Naturak ukatzen dituen zeratan”.
Zernahi gisan lengoaia ere nekatzen da eta idortuz doa, eguneroko automatismoek leher-egiten baitute. Zail da, hortakotz, gauzarik singleena kondatzea. Hizkuntza modu igetsi horiez askatzean sortzen da ditxolaria, pertsularia eta idazlea baita. Sarrionandiaren liburu hontako istorioak ezagun dituztegu gehien (zerbait berri asma daitekea?), moduak dira berri eta horixe dugu laket.
ETA LABYRINTHOA
Liburuaren lehen izena, gero egileak aldaerazi bazuen ere, “Labyrinthoko egunkaria” zen. Aipua, betidanik erabilia. Mundua da labyrinthoa, ez dago jalgibiderik, ezta liburuarik ere. Gurean, Arestik erabili zuen, J. A. Valente olerkariak ere modu ezin-hobe baten dakarrenez: “Procede solo de la noche la noche / como de la duración lo interminable / como de la palabra el laberinto / que en ella encuentra su entrada y su salida”.
Labyrinthoa aspaldixe dugu Joseba baitan. Oraingoan, horren lan gaitza egin ondoren gauza urri hori, pasadizoen egunkari-liburua argitara duelarik, zilegi bekigu Labyrinthoaz zuen iduripena plazaratzea. Malcolm Lowry aztergai hauxe erraten zuen: “Bada, Malcolm Lowryk bizimodutzat hartzen zuen literatura, baina, jakinik ez bizitzan bertan ez literaturako bizitzan ez duela salbaziorik kausituko. Eta orduan, literatura herbesteratzearen antzerakoa, hots, atzerrirabide amaigabe bat, labyrintho gisakoa, labyrinthoa non sartzen diren gerlariak, poetak eta beste abenturagileak, amaierarik ez edota amaieran isiltasuna heriotza eta erotasuna kausitzeko. Labyrintho honetan irteerarik ez, bizimodu merkatarira itzultzea salbu, eta irteera hau are eta urriagoa. Hau da, bada, Malcolm Lowryren mundua, edo Labyrinthoa eta —poema batetan dioenez— gartzela, zeinetan gauza ederrenei ere funtsezko gabezia eta suntsidura bati darie”.
Erbeste
Juan Garzia
Ibon Egaña
Utopiaren belaunaldia
Pepetela
Paloma Rodriguez-Miñambres
Haize begitik
Mikel Ibarguren
Maddi Galdos Areta
Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio
Asier Urkiza
Moebiusen ertzak
Garazi Kamio
Nagore Fernandez
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Paloma Rodriguez-Miñambres
Landura
Jose Luis Otamendi
Mikel Asurmendi
Harakinen alaba
Yurre Ugarte
Irati Majuelo
Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette
Aritz Galarraga
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Joxe Aldasoro
Akabo
Laura Mintegi
Mikel Asurmendi
Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre
Asier Urkiza
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Nagore Fernandez
Barazkijalea
Han Kang
Maialen Sobrino Lopez