« Lasai eta tinko | Gorputza eta ahotsa »
Sartu, korrontea dabil / Ixiar Rozas / Erein, 2001
Begiradak Ana Urkiza / Euskaldunon Egunkaria, 2001-12-29
Bazen behin batean, hiriaz edo hiriaren engraneez liluratutako idazle gazte bat. Parisen kokatutako Ixiar Rozasen bigarren eleberri honetan, hirian gizakiak nola barneratzen diren azaltzen da. Hiriak poliki-poliki nola bizia hartzen duen. Hirian nola dena den posible. Hirian, norbanakoaren bizitzaren norabidea berehala nola alda daitekeen. Finean, hirian murgil egiten dugula eta hiriko korronteak nola eramaten gaituen.
Pertsonaiak Parisera daramatzan tren batean hasten da eleberria, eta bukatu ere, halaxe bukatzen da egitura zirkularra duen kontakizun nahaspilatsua, trenean, alegia.
Hiria da pertsonaien topagunea. Hirian, nahi izanez gero, guztiz anonimoak izan gaitezkeela esatera datorkigu Ixiar Rozas. Eta anonimotasun horretan, biztanleen joan-etorria azpimarratzen da (pertsonaien joan-etorria, kasu honetan). Eta ibilera horretan kasualitateak duen garrantzia. Rozasek irakurlea galde egitera bultzatzen du, irakurlea bera hirian zenbateraino murgil eginda bizi den aztertzera, zenbateraino den anonimo, zenbateraino hiriko espaloietako kasualitateek edo gertakizunek baldintzatzen duten jakitera. Egileak berak egin dituen galderak dira, alegia.
Sartu, korrontea dabil aukera bat da: Bagoian sartu edo ez. Bizitzan murgil egin edo ez. Abentura bat da Rozasen eleberria. Abenturarako gonbita. Bizitzaren abenturarakoa. Behin bizitzan barrena murgil eginez gero, mikrokosmosak egingo du ibilbidea. Pertsonaiek, biziraun egin beharko dute bakarrik.
Korrontea, abentura bat izateaz gain, pertsonaiak nahasten edo eta ukitzen dituen haizea da. Kontzientea edo ez kontzientea. Eta pertsonaien arteko begiradak, bizitzaren trenean trukatzen diren horiek dira pertsonaiak elkarrekin harremantzen dituenak. Begiradak, bagoian barrena, hirian barrena gurutzatzen dira, korrontea sortzen dute, hiritarren mapa osatzen. Trafikoa bideratzen. Begirada bakoitza kamara mugimendu bat da.
Estilo propioa
Ixiar Rozasen estiloa iradokitzailea da. Ez du azalpenetan denborarik galtzen. Irakurleak osatu beharreko istorioak ekarri dizkigu honakoan. Ez da, haatik, liburu erraza. Poesiatik hurbil dagoen estiloaz ari garela esango nuke, egileak elementuen irudiekin etengabe jokateen duelarik. Bere lehenengo eleberrian ere, irudiekin eta elipsien indarrarekin jolasteko joera nabarmena igarri genion Ixiarri, orduko emaitza, lirikoagoa bazen ere oraingoa baino: Ixiarrek estilo propio batekin topo egin duela esan liteke, elipsi askorekin, poesiaren erritmoarekin, zeinetan irakurleak zubi asko eraiki behar dituen. Esaldiak askotan puskatuta ageri zaizkio irakurleari, eta pixkana-pixkana osatuz joango dira obran barrena, bai esaldiak eta bai eleberriaren trama bera ere.
Zinemaren kutsua ere nabarmena da Rozasengan: pertsonaiak erraz sartzen ditu agertokian, eta erraz desagerrarazten. Begiradaz ere berehala aldatzeko dohaina du, eta kanpo begiaren edo narratzailearen ikuspegia eta barne ahotsa bikain erabiltzen ditu.
Mosaiko bat
Pertsonaien mosaiko bat da eleberria. Pertsonaiak eta gertakizunak joan eta etorri egiten dira. Rozasek pertsonaien joan-etorri hauek oso ondo menperatzen ditu, horretarako, eleberrian darabiltzan bi gaiek, kasualitateaz eta errealitatearen eta fikzioaren arteko mugez hitz egiteak, eleberriaren trama osatzen laguntzen badiote ere. Pertsonaiak ez dira deskribatzen. Pertsonaien barne-ahotsak emango digu beren berri. Eleberriak irakurlearen arreta osoa eskatzen du, iradokiz eta esan gabe adieraziz doan tramaren detaile guztiak harrapatuko baditu.
Hamaika atalek osatutako eleberri honetan, atal bakoitza ipuin bat da, bere hasiera eta amaierarekin. Unibertso bat. Unibertso bakoitzeko pertsonaiei esker, kasualitatea dela medio, gurutzatuz joango badira ere. Pertsonaiek behin eta berriro topo egingo dute. Eta ez istorio baten barruan daudelako, kasualitateak halaxe eskatu duelako baizik. Eleberri honetan, beraz, ez dago istorio edo hari jakin bat. Istorio anitz daude. Baina istorioak ez doaz inora. Izate bat azaltzera baizik. Hiriko bizitza. Errealitatea. Fikzioak errealitatean duen eragina. Edo errealitateak fikzioan.
Ariketa landu bat da obra
Azken kapitulua, plazer osoz irakurtzen den horietakoa du eleberriak. Narratzaileak pertsonaia guztiak bilduko ditu bertan, antzezpen baten aurrean bageunde bezala, publikoari edo irakurleari begira. Eta pertsonaien arteko loturak azalduko ditu. Pertsonaiek trena hartuko dute berriro.
Forma edo estilo propio baten bilaketa obra da Sartu, korrontea dabil. Landua. Edukiaren interpretazioan irakurleari botere handia ematen dion eleberria. Handiegia, beharbada. Irakurle on batek egileari biziki eskertuko dion ariketa, baina ez hainbeste irakurleriaren gehiengoak, hau da, formetan nahaspilatu gabe, istorio konkretu bat nahi duen horrek.
Olatuak sutzen direnean
Haritz Larrañaga
Joxe Aldasoro
Bisita
Mikel Pagadi
Mikel Asurmendi
Lur jota Parisen eta Londresen
George Orwell
Asier Urkiza
Eresia
Goiatz Labandibar
Nagore Fernandez
Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu
Paloma Rodriguez-Miñambres
Borrero txiki bat
Xabier Mendiguren
Mikel Asurmendi
Puntobobo
Itxaso Martin Zapirain
Jon Jimenez
Txori Gorri. Andre siux baten idazlanak
Zitkala-Sa
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Profilak (Mugetan barrena)
Amaia Iturbide
Paloma Rodriguez-Miñambres
Paradisuaren kanpoko aldeak
Bernardo Atxaga
Mikel Asurmendi
Iragan atergabea
Julen Belamuno
Asier Urkiza
Paziente isila
Alex Michaelides
Nagore Fernandez
Eromenaren laudorioa
Erasmo Rotterdamgoa
Aritz Galarraga
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Mikel Asurmendi