kritiken hemeroteka

8.769 kritika

« | »

Testuak aztertzen / J.A. Mujika / Gero, 1978

Testuak aztertzen Ibon Sarasola / Jakin, 1978-06

Nabaria da euskal literatur kritikaren arloan testu azterketari buruz gertatzen den hutsunea. Argi dago, bestalde, hutsune hau betetzen hasteko premia larriagotu egin dela azken urteotan, ikastolen mugimenduak iritsi duen heldutasuna gogoan hartuz gero, zeren testu azterketaren teknikak, inon lekurik badu, irakaskuntzaren lehen eta bigarren mailan baitu, eta ongi merezia izan ere.

Egileak hitzaurrean bertan adierazten digunez, ikastola eta lizeotan euskal literatura azaltzen ahalegintzen diren andereno eta irakasleei lagungarri gerta dakiekeela usteak bultzatu du liburua kaleratzera. Eta horretan datza liburuaren balio ukaezina. Ez du Mujikaren liburuak berezko aportaziorik eskaintzen literatur kritikaren alorrean: ez da hori haren helburua, testu azterketarako metodo jakin bat aurkeztea eta zenbait euskal testutan egiaztatzea baizik.

Liburuak bi zati nahikoa desberdin ditu. Lehena, sarrera jenerala, metodologikoa da, eta lau kapitulutan banatzen da. Lehenengoan, literaturtasunaren kontzeptua (literatur kritikan gaurregun funtsezkoena) azaltzen digu egileak, laburki baina aski argi. Bigarrenean, testu azterketa ez dela azterketa linguistiko hutsa, ez literatur lanaren inguru sozial, politiko eta kulturalaren azterketa, ez perifrasis soila, ez kritikoaren erudizioa agertzeko atxakia, ezta ere (zenbat honetatik gure literatur kritikan!) irakurlearengan sorrerazi dituen inpresioak aitortzea, adierazten zaigu hitz eta adibide laburretan. Gaiaren eta formaren arteko arazoa ia bidebatez ukitu ondoren, laugarren kapituluan testu azterketa metodo posible bat eskaintzen zaigu. Hau da, dudarik gabe, lehen zati honen parterik mamitsuena eta garrantzitsuena. Aurrekoak bezala, bakunki eta sinpleki, dibulgazio maila aski pedagogiko batez ematen zaigu, irakurlearen onerako.

Baina nire ustez liburuari baliagarritasuna ematen dion zatia, bigarrena da. Lehen zatian ematen direnak, erdarazko hainbat testu azterketa eskuliburutan aurki daitezke neke handirik gabe. Ez ordea, bigarren zatian ematen direnak. Nik dakidanez, Patri Urkizuren Literatura eta kritika-ren bukaeran egiten diren hurbilketak alde batera utzirik, ez dugu antzeko ezer euskaraz argitaraturik.

Sei literatur lan aztertzen dira bigarren zati honetan: bi poema, bi ipuin eta bi kanta. Lehenik, J. M. Lekuonaren “Errota zaar” poema aztertzen da, sakonki eta hedatuki; hedatukiegi beharbada, testu azterketak berez eskatzen duen eskematismoa ahazten baita, nire ustez, azalpenaren hainbat unetan, aztertzaileak “literatura” gehiegi egiten duelarik. Honek ez du esan nahi, azterketa nahikoa biribildu ez denik: puntu eta alde guztiak ukitu eta arakatu dira, baieztatzen dena egoki frogatuz gainera. Nire oharra, beraz, ez dagokio azterketaren mamiari, berori hitzetan jartzeko erari baizik. Ondoren B. Gandiagaren “Esperantzari” poema aztertzen da, hildo beretik baina laburkiago, gaiak berak azterkizun gehiagorik eskaintzen ez zuelako beharbada.

Prosaren alorrean, Iratzeder-en “Ixtorio bat” ipuinaren azterketa ematen da lehenik. Zati honek erakusten du ongien, nire ustez, testu azterketaren teknikak eskaintzen dituen baliabideak, eta maisu agertzen zaigu Mujika bere lanean, batez ere ipuinaren egituraren ezaugarriak ikusterazten saiatzen denean. Ondoren, J. L. Aranguren mutil gazteak moldatutako “Txori batekin maitemindu zen arraia“, hizkeraren literatur funtzioa azpimarratuz, besteak beste.

Aztertzen diren azken bi testuak, Z. Andonegiren “Aitor’en izkuntz zarra” eta Etxepareren “Heuskara, ialgi adi kanpora” kantak dira. Azterketa, kasu honetan, biak gonbaratuz egiten da, azalegitik beharbada, batez ere formaren azterketar dagokionez, eta gaiaren eta formaren arteko egokitze arazoa aipatzen ez delarik.

Liburuaren osotasunari dagokionez, irakurle bati baino gehiagori, batez ere irakaskintzan ari bada, bertan adibide gutxiegi dagoela, textu gutxiegi aztertzen direla irudituko zaio, eta liburuan adierazten direnak beste testuetan aplikatzeko orduan liburuak ia ezertarako ez diola balio pentsatuko du, agian. Delako horri zera gomendatuko nioke: Mujikaren liburua behin eta berriro irakur eta azter dezala, adibide bakoitzean ahalik eta gehien sakonduz. Zeren (eta hau ez da meritu hutsala) bigarren edo hirugarren irakurketan emankorrago gertatzen den liburu baten aurrean baikaude. Eta zera ere esango nioke: testu azterketarako ez dagoela errezeta magikorik aipatzen ari garen liburuan, baina ezta ere, noski, gai honi buruzko gainerakoetan. Eta egileari, adibide gehiagoz osatutako bigarren liburuki bat ez litzaiekeela gaizki etorriko euskal kritikagintzan ari direnei: frogatu du honetan beste hainbeste egiteko gauza dela, eta, hasieran esan dudan bezala, premia larria dago alor horretan.

Azken kritikak

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Zerua hemen
Oihana Arana

Maialen Sobrino Lopez

Barne zerbitzuak
Katixa Agirre

Amaia Alvarez Uria

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Joxe Aldasoro

Ni, laiko
Markos Zapiain

Aritz Pardina Herrero

Zure bazterrekoak
Cesare Pavese

Asier Urkiza

Termita
Garazi Albizua

Nagore Fernandez

Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux

Maialen Sobrino Lopez

Café Mokka
Jabier Muguruza

Mikel Asurmendi

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Irati Majuelo

Basatiak
Maria Reimondez

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Zerua hemen
Oihana Arana

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

Hedabideak