« “Herria eta bidea” poemaz | Testuak aztertzen »
Hitzik ainitz idatzi dut / Manu Erzilla / Leopoldo Zugaza, 1978
Manu Ertzilla: paper zuriaren aitzinean Jose Anjel Garaizar / Zeruko Argia, 1978-05-28
paper honetara erori dira
paper hau aurkitu dute
nere baitan elkartutako hitzak”.
Kririka literarioaz:
Artikulu hau idazten hasten naizelarik ene buruari eztabaidatzen diodan lehenbiziko gauza lan honexek dukeen zentzua da. Kritika literariozkoa dela esan daiteke, funtsean. Eta kritika literario eta literaturaren artean badago hesi bat: praktika bat (literatura) eta jakintza akumulazio bat (kritika) bereizten dituena. Hesi hau, artea eta museoak bereizten dituen berbera da, hain zuzen. Eta arras frogaturik dago, iadanik, jakintzaren akumulazioan (eta kapitalarena bezala, akumulazio guztiak esplotaziozkoak dira) oinarritzen den kritika honek gizarte ofizialaren ereduak finkatzen eta iraunerazten dituela. Arras frogaturik dago, halaber, zenbat eta apologia gehiago praktika gutxiago dela beti. Honengatik, euskal mikro-mundu ofizialean ere normala da Detxepare, Axular, Etxahun, Lauaxeta edo Mirande irakurri baino maizago kritikatzea, edo soilik gorestea. Honengatik, ez gara harritzen euskal literaturaren praktika erreala hain efimeroa izateaz. Ezta ere noizbait euskal-jakintza-ofizial-akumulatutik at argitaratzen den liburu bati jaramonik egiten ez bazaio, eta hauxe da Manu Ertzillaren Hitzik ainitz idatzi dut poema liburuaren kasua (Pott aldizkariko “apatridak” aipatzen zuen fenomeno hau 3. alean). Leopoldo Zugaza editoreak argitaratu zuen 1977ko urtarrilean eta ez da bere komentariorik publikatu Euskal Herrian. Publikatu den kritika bakarra Madrilgo ABC egunkarian eta Santiago Aizarnak egindako bat izan zen. Euskal literatura kritika literarioa herdoildurik daude, eta kritika literarioa literaturaren zabalkunderako egungo sisteman beharrezkoa delarik kritika hau sistema honen iraupenaren konplizea bihurtzen da.
Artikuluxka honen justifikazioa, kontexto honetan, zehatza ez eta zalantzagarria da, noski. Edozelan ere baditu xede batzu, ziur asko beteko ez dituen arren. Alde batetik, ez da kritika epailari bat. Ez dio irakurlegoari deus gomendatu nahi, nor bere burua gomendatzeko kapaz dela suposatzen baitu. Eta kritika baino gehiago irakurketa-hausnarketak edo erreflexioak dira. Beraz, ez du jakintza-kritiko izan nahi, baizik eta irakurketa praktika bat, idaztea bezain zaila da xarmangarria baita irakurtzea.
Hitzik ainitz idatzi dut:
Manu Ertzillaren poemagintzak egungo poesian komunak diren hainbat ezaugarri ditu. a) neurriak libreak dira, baina olerkien barne armonia batekin. b) Helburu edo plan konkretoak falta dira, bizitzean bertan falta diren bezala. d) Poemok sintetikoak dira, desarroiloa arras irekia isten duten eskemak dira, imajen laburrak, erretorizismorako ez baitago ez astirik ez gogorik…
Manu, inguruko mundua behatu ondoren, mundua bizi ondoren, bere baitara itzultzen da, barnean geratu zaizkion hondarrak hitz gisa birsortzeko. Manurena gizabanakoaren iturburu sakonen bilatze etengabe bat da: izadian, gertaera sinpleetan, imajen bareetan… hauk intimoki ikerturik konkretotasun gardenen bila abiatzeko. Poesiotan, munduaren konzepzio berezi bat agertzen da. Ontologia oso bat eta arazo trazendentalen ikuspegia isladatzen dute esaldiek armonia poetiko egoki baten barnean.
Hitzik ainitz idatzi dut liburuan adierazten den lehenbiziko ideietarik bat (bigarren poeman) zalantzarena da. Sistema itxia ez baizik eta ibilaldi ireki bat da Manurena, desortodoxiarena. Manu ez da marfilezko ontzian betirako sartzen, ez baitu bilatzen duena hor aurkitzen, eta errealitatearen bila abiatzen da etxe berrietara:
ene etxea desegin dut
ez zen nik jasoa
heredutzat hartua baizik
orain beste bat
jasotzen ari naiz
Beste bat jasotzen ari da, desegingo duela jakin arren. Ez du aurkitu bizia beteko dion gauzarik. Biziaren ezaugarrietariko bat ez-aurkitze eta bilatze etengabe horixe delako, hain zuzen:
liburu arte hontan
dagoen gizonak
ez du
itxaropen handirik
beharbada
bihar aurkituko du erantzuna
beharbada inoiz ez
Eta esperantza arazo ontologiko bat bihurtzen zaio poetari. Sistema itxiak zalantzan jartzen dituena eta esperantzaz hausnartzen duena ontologiarekin enfrentatzen da aurrez aurre eta itxaropena etorkizun etsi bat (bihar, inoiz ez… ) eta presentea bakardadezko erreflexioan murgiltzea bihurtzen zaio.
bakardadea
haizea
euria
gaua eta ni ororen erdian
Eta poemok ez dira deusezko mundu horren gainean gauzatzen diren jolasak baizik. Denboraren iragaitea eta munduaren hutsalaz entretenitzeko lengoaia ludikoa da Manurena. Hitzak Manugan esan beharrez elkartu eta kanporatzen diren izaki ludikoak dira. Bakardadeko hausnarketak eramangarriagoak egiteko, hitz bilutsi (puntuaziorik ere ez da agertzen textoan) eta ludikoak sortzen ditu:
nere bakardadean itxuratuko ditut
nere adimen eta gogoaren semeak
ilunabar lanbrotsuetan
kale ilunetan
paper zuriaren aitzinean
une larrietan
oro hoztasunezko giroaren
baitan
edo baldin izaki hoiek
sortzeko ahalmenik ez badut
etsipenaren zokora
eroriko naiz
ezereztu artio
Poemak etsipenena ez amiltzeko jolasak dira, edo etsipenaren lamentazioak. Baita ere hitzen bidez naturaleza gauzatzeko ahalegin bat. Naturaleza konkreto horren edertasunean, lanbrope bareetan aurkitu nahi luke Manuk. Honengatik dira deskribaketak hain hurbilak:
ur gardena
hormetako untza
gari zelaia
zapaldu gabeko elur gezala
belar zimelaren usaina
Naturalezarekiko hurbiltasun honekin kontrastatzen duena gizartea da. Kutsadurak suntsitu egiten du naturaleza garden hau:
maite nuen ibarra
ez dut gehiago maitatuko
gizonak plastikoa jan
eta kea arnasan
hartzen duten artean
Manu ez da ausartzen gizonari gorrotoa deklaratzen eta barnean daraman amorrua ez daki non hustu, misantropo gisa, zikinkeriaz eta katu hiletaz ohartzen ez den jendea ez duela maite badakien arren. Situazio sozial oso gutxi isladatzen dira poemotan, erabat indibidualak eta intimistak baitira. Gutxi hauetatik gehienetan zentroa wiski botilak okupatzen du. Besteetan parodia edo broma egiten da. Maitasuna agertzen denean hurbilago dago naturalezatik harreman sozialetatik baino. Baina poema batetan edo bitan han ere parodia garratz bihurtzen da:
neskatxa eder hura laztantzea
kumunetik behera dihoan udaberrian
kantu bat eskeintzea bezalakoa izango zen.
Edertasunetik hain hurbil dagoen emakumeaz ohartzea ere etsipenaren adierazgarria da maitasunarekiko. Eta, azken batetan, poeta bakarrik geratzen da bere bakardade barean, bere etsipenarekin batera. Deus egin gabe gizartearen alde. Presarik gabe inoiz. Zertarako presa? Biziaren azken zentzua, traszendentea, hitz banaletan aurkitzeko, etxean egon daiteke:
horma bi elkartzen diren tokian
ohe gainean
teilatu azpian
gizona
Leihotik begira, kristaletik zehar. Edo kanpoan egon daiteke lanbropean, isiltasun barean goiztirian edo gaueko hamabietan bakardadea, haizea, euria eta gauaren erdian.
Paper zuriaren aitzinean:
Manuren poemagintzaren tematika ez da berria. Ezta ere orijinala, bere problematika gizatasunaren funtsari dagokiolako. T.S. Eliotek ere esan zuen orijinaltasuna ez datzala erabateko berritasunean, baizik eta betiko arazoak era berri batez aurkeztean. Northorp Frye ere egokiro mintzatu da hontaz, “literaturan berria den oro, zaharraren berrelaborazioa” dela esan zuenean. Betidaniko arazook, ordea, espresio pertsonal sakon batez moldatzen eta bersortzen dira, Manuren poesietan bezala.
Manu Anbotopeko baserri batetan bizi da, berak ohituraren aurka hala erabakirik. Gizarte urbano superindustrializatu batek inguratua, bazter natural eder eta aurrerapenak oraindik hondatu ez duen paraje eskasenetarik batetan. Han goiztiria beha dezakegu more eta hezea. Eguzki borobila irtetzen eta Anboto ostetik pasatzen ere ibarra lehortzen. Edo lanbropean gristatzen diren oihanak. Edo hilargi beteetako argitasun esnetsua. Edo norbere burua, konzentratua, xendera bakun batetatik urrats astiroka ibiltzen. Edo poema bat idazten paper zuriaren aitzinean. Edo paper idatziak apurtzen. Edo borroidunak oheratzerakoan abandonatzen. Edozelan ere, biharamonean, itzultzerakoan, paper zuria aurkituko dugula jakinik, zeren eta poesia biziaren paper zurian idazten dena baita.
Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray
Asier Urkiza
Idazketa labana bat da
Annie Ernaux
Nagore Fernandez
Bisita
Mikel Pagadi
Jon Jimenez
Hamlet
William Shakespeare
Aritz Galarraga
Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon
Hasier Rekondo
Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria
Jon Martin-Etxebeste
Dimisioa
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Hetero
Uxue Alberdi
Irati Majuelo
Barrengaizto
Beatrice Salvioni
Amaia Alvarez Uria
Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola
Patxi Larrion
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro