kritiken hemeroteka

8.402 kritika

« | »

Esan eta esango / Augustin Zubikarai / Ediciones vascas, 1979

Esan eta Esango Jon Kortazar / Jakin, 1980-12

Agustin Zubikarai: euskal antzerkian izen bat egin duena, bere azken urte astitsuetan nobela arloan saiatu da. Eta dirudienez, horrela agertzen bait da egunkarietan eginiko elkar hizketetan, nobela nahikotxo du idatzirik, eta Agustin Zubikaraik Bizkaian antolatzen diren sariketa bakoitzara aurkezten ditu argitaratzeko eta bide batez sari bat jasotzeko, eta saridun gertatu da sarritan.

Jokaera honen fruitu dugu Esan eta Esango: sariketa baten (1978ko “Resurreccion Maria de Azkue”-n hain zuzen) lehen saria jaso ostean argitaratzen dena.

Sariketa irabazi eta gero argitaratu: hona Zubikaraik aukeratu duen bidea. Nahiz eta berak lehenengoz argitaratu zuen nobela (Bale denborak), guk dakigunetik, ez zen inongo sariketara aurkeztu.

Gaingiroki begiratuz gero, Esan eta Esango kontakizun laburren pilaketa dugu. Generoari dagokionez, ipuinek eta nobela laburrek osotzen duten liburua. Baina zalantza gabe, hori baino gehiago dugu liburua. Zihur asko, nobelagintza era tradizionalaren formen jarraipena. Hitza aipatuz batera, tradizionala zer den zehaztu beharrean aurkitzen gara. Eta izenburu horren pean jar dezakegu ezaugarri pilo bat. Baina geroago zehaztuko dugunaren aginduarekin, hona hemen Agustin Zubikarairen nobelagintzari ondo dagozkion ezaugarri bi: Txomin Agirreren influentzia nabaria, formaz eta presupuestoz, eta nobela errealistaren jarraipena.

Argi dago Zubikarairen kasuan ez direla agertzen planteamentuok XIX. mendearen amaieran agertzen ziren moduan. Denborak ez du alferrik aurrera egiten. Baina Zubikaraik duen kontaketa kontzeptzioa ez dago narrazio tradizionalatik urruti: Errealismo klasikoaren bidetik abiatzen da.

2. – Abiapuntua: Lokalismotik historizismora

Narratiba honen abiapuntua bikoitza da: Toki eta denboraren tratamentua. Toki kontzeptzioa, sistematikoa da Zubikarairen orainarteko lanetan. Idazlea ondarrutarra dugu eta liburu honen ekintzak Ondarroa eta inguruetan gertatzen dira. Egia esan, eta hau ahaztu ezina dugu, Ondarroako ingurua itxas zabala ere bada. Zubikarairen lanetan Ondarroatik irtetzerakoan, itxasoarekin zerikusiren bat duen beste herriren batetan aurkituko gara. Kasu konkretu honetan Bizkaiko itsasertzeko hainbat herri agertuko zaigu. Bermeotik hasi eta Ondarroaraino eta hemendik aurrera Gipuzkoako kostaldekoak ere. Bale denporak nobelak ere horrelako tokiak erabiltzen ditu. Baina, itsasotik urrutirago ere joan daiteke; bona hemen hirugarren toki motak: noiz behinka Rotterdam-eko jazoeren bat kontatuko digu Zubikaraik (136. or.).

Honela, badugu Zubikarairen nobelagintzako tokien ezaguera: Ondarroa, batez ere, eta gero, arrantzaleen eta marinelen itsasoa (biak ez bait dira berdinak). Arrantzaleek ekintzetan parte hgrtzen dutenean Terranova aipatzen zaigu, eta marinelak agertzean, itsasoarekin zerikusirik duen estranjeriko hiriren bat.

Datuok kontuan izanik, Zubikarairen toki kontzeptzioa oso lokalista iruditzen zaigu. Ondarroa agertzen zaigulako batez ere. Lokalismo hori era bitan tratatzen da nobelan: Ondarroaren gorapen historiko bat eginik eta, bigarrenez, lokalismoari aire teluriko, mitologiko, epiko bat emanik. Eta ez nabil punturik esajeratzen. Ikus “Ondarretik Ondarru’ra” (13-27. or.). Forma aldetik oso arraroa da ipuin hau: bertso libreko prosa rimatua; hitz lauz gabe, errimari lotua. Arrarotasun honen arrazoia tratamentuan datza. Dena dela, tratamentu honek desoreka bat sortzen du gaiaren (Ondarroaren sorrera mitikoa) eta formaren (mitiko-epiko) artean.

Denborari bagagozkio, ordea, Zubikaraik ez du hurbila, oraingo denborarik aukeratzen bere nobeletarako. Iragana, pasatutako denbora du kontakizunen gai. Agian, hau dugu Zubikarairen nobelagintzaren balore bat: historia, bere herriko historia inspirazio gai erabiltzea.

Baina joera honi buruz ohar bi:

1) Historia hori lokalista eta historizista da. Adibidez, Kanalakoek Drake pirataren aurka darabiltzaten borrokak oso leku konkretuetan gertatutakoak dira. Eta historizista da: ekintzak direlako kontagai eta ez historia eta herria bera. Goiko adibidearekin jarraituz, “Kanalako ikaragarriak” ipuinean, Drakeren ekintzez Bizkaia guztia bildurrez zegoela pentsatu behar dugu. Baina, benetan, nahiz eta leku desberdinetako gertaerak kontatu (eta berriro azpimarkatuko dugu idazleak batez ere gertaerak kontatzen dituela) ipuina irakurriz, ez dugu esan nahi pertsonaiengan bildurrik sentitzen denik, bai, ordea, larritasun bat. Gertaeren maila sinboliko posiblea Zubikaraik ez du ia inoiz zaintzen. Eta orduan gertaerak gertaera huts, anekdota, huskeria dira.

2) Nahiz eta esplizitoki agertu nahi ez, egia esan, iragan horrek badu zentzu didaktiko bat. Ez da agertuko T. Agirrerengan agertzen zen bezala menu moralez beterik, baina iragana positibotasunez juzgatzen da liburu honen hainbat pasartetan, nahiz eta honelako esaldi neutroak agertu:

“Beste giro bat zan. Zelako?

Orduko!” (129. or.)

“Umia! Umia!” deitutako ipuinean, ordea, egungo gertaera bat, egungo izaera, iraganako izaera bati kontrajartzen zaio; ondorioz, tono melankoliko batetan honela bukatzeko: “Lengo giroa zan” (136. or.). Berriro etorriko ez dena, jakina. Eta beste ipuin oaten amaieran: “Ori lengo giroan zan” (138. or.).

Historizismoak tratamentu ezberdinak ditu lan honetan zehar: balio du anekdotak jasotzeko (gorago ikusi dugu nolako kalitatez), edo, ekintza nagusia, dato historikoen bidez adornatzeko. Eta honetan, jatortasunik nabaritzen zaio, gazteok ahaztuta edo ezagutu ere ez dugun mila detaile herrikoi ateratzen ditu eta: bai abesti herrikoiak (114. or.), bai herriko mitoak (Ondarroako Kortxeleko Manu ezagunak) edo beste horrelako bitxikeria politik: Herrietako ofizialak: “Kapitanak Mundaka’n. Eta kapitanesak be bai. Eta Lekeitio’n. Maiordomuak Elantxobe’n. Erreposteruak Busturi’n” (136. or.). Edo seme alaben deiturak (99. or.).

3. – Desarroiloa: Kontakizuna, Ikuspuntua, Pertsonaiak

Zubikarairen planteamendu narratiboak oso tradizionalak dira. Ekintzak egitura, kontakizun lineala du. Linealtasun horrek, ordea (eta ez dezagun ahaztu honelako teknikak nobela errealistetan oso erabiliak direla), ez du oztoporik jartzen leku eta denborazko jauziak egin behar direnean. Jauziak, dena dela, oso kasu arrarotan egiten dira, eta gainera irakurlea oso ohartua geratzen da, espreski ohartzen bait zaio kontakizunaren barna jauzia emango dela. Adibidez: “Guazen atzera. Bost egun atzerago” (52. or.).

Eta linealtasunak ez du oztoporik jartzen aritik kanpo diren pasadizuak kontatzeko unean.

Kontakizunari dagokionez, esan behar orojakile dugula kontalaria, kontalari tradizional baten aurrean gaudela. Eta bego hemen froga bezala esalditxo bat: “Igarri eban “Salinak” gauzak garraztuten asiko zireala” (96. or.). Kontalaria pertsonai barnean sartzen denaren adibide argi bat.

Ez dugu puntu ban gehiago komentatuko. Beraz, kontakizunaren eskema tradizionalarekin batera dator ikuspuntua.

Zubikarairen lan eta planteamendu honen akatsik garrantzitsuena, eta, nik uste, plantearendu tradizionala jarraituz beste era batez molda ezin zitekeena, pertsonaien tratamentua da.

Pertsonaiengan aurkitzen dugu lanaren arazorik handiena. Pertsonai guzti-guztiak lauak dira, izaeraz aldakuntzarik ez dutenak, baina hori baino gehiago ere badira: xinpleak, konflikto bakoak. Ez dira gataskan eta zalantzan jartzen; ez dute izaera dialektiko bat, bere buruarekin eta bere inguruarekin dialektika bat aurrera eramateko ez dira gai.

Hori dela eta, interesgarritzat ematen dugu “Etxe utseko Akiline” kontakizunaren protagonista, eta “Peru diru” pertsonaiak aztertzea. Hamabi seme-alaba izan ostean, bere senarra, seme nagusienetariko bat hil, bere seme txiker tontua balkoitik behera jausi arren ere, Akilinek bere izaeran jarraitzen du: “Kalera joaten zan, auzoko etxe eta erriko zeregiñetan orduak egitera, diru pixkat irabaziz, edo ta janaritan zerbait lortuz, Peruk itxasotik ekartzen ebana al eban eran biribildueta ugaritu eta sukutzeko asmo eta garrez. Eta “Jaungoikoaren graziz” bere “ollarra” (senarraren ezizena, alegia) zintzoaren bitartez ekarritako seme alabentzako lapikoa egunero ipini eta gertu bearreko aleginean” (114. or.). Larria izan arren egoera ez dago ez trajediarik, ez konfliktorik. Berean jarraitzen du andreak. Eta pena da, emakume tipo legez, interesgarria iruditzen zitzaigun eta.

Beste horrenbesie- geraatzen da Peru Diru pertsonaiarekin. Eta ipuin bietan beste puntu komentagarri bat. Kasu bietan ipuinak ondo (?) bukatzen dira, amaiera zoriontsu bat (!) dute, sinesgaitza egiten bazaigu ere. Akilineren kasuan, aurrea irtetzea nahikotzat jotzen delako nolabait, eta Peru Diruren kasuan konponketa harrigarria izan arren ere, ezkontza eta guzti dagoelako. Amaiera zorintsu bat lortzeko ekintza bortxatua dela argi dago kasu honetan.

4. – Gakoa

Planteamendua ikusi ondoren, galdera bat otutzen zaigu: Zein da nobela era honen funtzioa, sariketa bat irabazi duela aparte utzirik, klaro. Funtzio estilistikoari buruz ari gara. Erantzuna ez da batere argia niretzat.

Alde batetik, aitortu behar, lan hau ez da interes handiarekin jarraitzen. Planteamendu nobelistiko xinple hau pasatuta dago, jadanik, agian.

Baina bestetik, gorago esan dugunez, Zubikarairen planteamendu errealistak baditu bere bereak diren ezaugarri bi. Lehenengoa, mezu moralik ez agertzea. Badirudi Zubikarai kontatzeak sortzen duen plazerragatik ari dela gauzok kontatzen. Puntu honek T. Agirreren nobelagintzatik urrundu egiten du. Eta gainera, badago sexualitatearen tratamentu bat. “Biguna” agian. Baina alde honetatik sinesgarriak dira bere pertsonaiak: Peru Diruk ezkontzatik kanpo alaba bat izan ostean, lehenengoko emakumea utzi eta berriro lapurretan hasten denean: “Etxea aterpetzat emakumea laguntzat” (58. or.) eskatzen du jornalez ezer baino arinago. Euskaldunak Rotterdam-en nesketan doaz (136 or.). Hau T. Agirrerengan ez zen, jakina denez, inondik ere agertzen.

Distantzi kutsu bat ere gordetzen du Zubikaraik gaiak tratatzerakoan, historiagile (kronista hitza hobe doakio) bezala. Ekintzak gertatu ziren bezala kontatzeko ahalegina egiten du.

Agian, lan honek badu sustraian “balore” bat. Zubikarairen lanak badu irakurketagai bihurtzeko abantailik: narrazio xinpleak, hizkera jatorra.

Badu lan honk jende xehearekin hurbiltasun bat: badu “kistch” tradizionalaren usaia, melodramatismo ukitua, eta batez ere, tradiziotik irtetzeko ahaleginik ez: serialen gusto errepetitiboa ezin zaio ukatu. Obra honek irakurle posible konsumisten gusto estetikoak ez ditu inoiz zalantzan jarriko.

5. – Hizkera

Gure azterketatxo hau bukatzeko, Zubikarairen hizkerari lotuko gatzaizkio orain. Eta T. Agirreren kasuan gertatzen denez, hizkerak, euskararen jatortasunak salbatzen du, batez ere, lana.

Teknika zahar bati lotuak agertzen diren edadezko idazleak euskara zoragarria erabilten dutela ezin ukatu. Eta Zubikarairen kasuan aipamen bi:

1) Euskara jator batez baliatzen dela uste dugu: jatortasun hitz horrekin zera azaldu nahi dugu: esaerak, joskerak, euskararen muinaren forma bereziak adierazten saiatzen den estilo bat dela. Ez da bakarrik esaeren kontua: “Alako txalorik, Ango gora, irrintzi, eta gelditzeko agerpenik!” (97. or.). Batez ere joskeraren erabileraren kontua da. Horrekin batera, hizkera mota ahaztuen bererabilera: “Sortzeko izenak baino ezagun eta ugariago dira deituretakoak, izengoitiak, edo des-izenak” (47. or.). (eta elementu horrekin baliatuko da pertsonaiak izendatzeko). “Orrelaxe, arrainen irudiz edo zeregiñen itxuraz kontaten dituez itxas errietan “Jaungoikuak bialdutako” umeak” (99. or.).

2) Elkar hizketa bereziak dira Zubikarairen nobeletan agertzen zaizkigunak. Biziak, arinak, elipsiaren bitartez josiak, eta, estilizazio literario baten adierazgarri, prosa rimatuaren bitartez eginak.

Hizkera dugu, bada, lan honen punturik aipagarriena. Eta arriskugarriena ere bai. Txomin Agirre bizkaiera osotu baten idazten saiatzen bada, Zubikarairengan beste tendentzi bat nabaritzen da. Baturantz goazen une honetan, Zubikarai kostaldeko euskaraz baliatzen da. T. Agirreren ahaleginen jarraipen bat baino gehiago, erregresio bat bezala agertzen zaigu honen euskara lantzea.

Azken kritikak

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Euri gorriaren azpian
Asier Serrano

Paloma Rodriguez-Miñambres

Galbahea
Gotzon Barandiaran

Mikel Asurmendi

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Irati Majuelo

Lagun minak
Jon Benito

Mikel Asurmendi

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Jon Jimenez

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Asier Urkiza

Lautadako mamua
Xabier Montoia

Nagore Fernandez

Bihotz-museo bat
Leire Vargas

Bestiak Liburutegia

Rameauren iloba
Denis Diderot

Aritz Galarraga

Neska baten memoria
Annie Ernaux

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

2023(e)ko abendua

Hedabideak