kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Zurubi luzea / Pello Zabaleta / CECA (GAK), 1980

Zurubi luzea Luis Mari Mujika / Argia, 1980-11-30

Pedro M. Zabaletaren “Zurubi luzeak” 1979-ko Irungo poesia saria irabazi zuen. Guretzako, sari hori berez bakarrik ez da inolako garantia bat, Irun eta horrelako sari ainitzetan arbitrarismoa eta partzealkeria urtetan presente egon delako, eta idazle batzuok horrelakoetara ez presentatzea erabaki dugulako… Agian, azken bi urteotan gauzak aldatu dira. Zenbait poesi joerentzat, behintzat, ateak itxita zeuden…

“Zurubi luzea” liburuak baditu aportazio bereziak aipagarri direnak. Nolabait gaindu dugu “poesi sozialaren” batxe kalitatibo hura, eta berriro euskal poesia formari eta giroari garrantzi gehiago ematen hasia da. Preziosismoan ez da erori behar, bainan zoritxarrez euskal poesian eta literaturan, jeneralean, oso preziosismo gutxi eginda…

Zabaletaren poesia hemen experimentalismoaren marjinalismoaren modetatik at dabil, eta barneko mintzo sakonak du oihartzun han-hemen. Muinari dagokionez hiru zati nabarmen daude, “Odola” (borrokaren abots bortitzaz), “Izerdia” (existentziaren nekeaz) eta “Eta…” zatia (maitasun, gorroto, esperantzaren nabarduraz betea). Hirugarren zati honetan, batzutan, poesia nekatuta egiten dela ikusten dugu, behar bada, poema luzeen katea nahitanahiez jarraitu behar duelako. Poema batek ez du behar beharrez hari berekoa izan behar, bestela ikusi J.R. Gimenez, Alberti edo Guillén baten poesia.

Guk formaren alderdiak nabarmendu nahi ditugu poema hontan, batez ere. Zabaletaren liburuan (nolabait berak pretenditu gabe, sarritan) lorpen formal egokiak badaude. Hona elementu batzuk.

Irudi formalen aldetik. Inprezisioaren balioa: “Eta gero hurrengo batean…”, “jo dute tiroz nonbaitean gizona”; sinestesia batzuk: “aurpegia gorritzeraino amorruz egositako gure ardoa”, bisemia, arma bortitza, emeki sortua: “egun sentia bezala odol margoetan”, “erortzen doa arratsa Chopin-en notekin piano xamurra”, “zergatik dator arratsa hain berandu”.. Elementu guzti hauetan adierazten da poetaren giro-sentimendua…

Liburuak poesi neurtua ihesegin du. Hau guretzako (bere hartan) ez da gauza positibo bat. Gaurko poesiari lan eta saiapen gehiago eskatu behar zaio, eta neurtuak baditu euskaran ukaezinezko merituak eta edertasunak. Neurtitza ihes egitea komoditatearen urratsa izan daiteke, bainan, hala ere, ez da derrigorrezkoa. Poema hontan, hala ere, kadentziak eta erritmoak han hemen zaintzen dira zorionez, Adibidez kasu hauek: “ito ardotan, ozpinetan”, “ez da konkortuko arbolaren gerria herria…” , “dantza zabaldu zaio oin puntetan zorabio, amodio, amodio”. Beste honek erritmoaren gozada nahiko nabarmena du:

“Hitzetan hitz jario

galtzen ari zaio

barnean behar luken amodio

edo arerio

kolpeka eraman ezinezko

pasio. Grinetan doakio indarra,

sakabanatzen nola doan

ilusio ilunen zorabio”.

Hemen erritmo berdinaren errepikan gozatzen ahapaldi guztia. Ah, eta hemen Zabaleta-k erritmoari neurria erantsi bazion!

Badira beste arma egokiak poeman datozenak. Errepikak, adibidez: “Anaia, ez galdetu zergatik…, ez galdetu ari den negarrez”, “urrutian, urrutian lehenengo mendia baino, urrutian urrutian”, “jo dute tiroz…”. Eta antitesiak: “ezpata noiz golde bihurtuko den agian noiz kanoiak kanpaia joko duten”, paralelismoekin batera:

“Ez du tiroak egingo bakea

ez du gogoak irekiko atea.

Baina, agian urratuko du

lotzen gaituen katea”.

Hauek dira hala-nola nik poesi liburu hontan nabarmenduko nituzkeen aportazio formalak. Poema bera gustatu zaigu, nahiz-eta egileak asko ere ez pretenditu, behar bada. Armonia bat dago, erritmo bat dago, sinbolismoaren urratsetatik dabil, eta forma muinaren ardatzarekin bilduta dago. Guk geuren aldetik, behar bada, gaztelaniar poesiari atentzio gehiago emateko eskatuko genioke egileari. Euskara mamitu nahi badugu literatur mailan biziki ausnartu behar ditugu gure hesi eta alorretik haruntzago joerak eta formak. “Zurubi luzea” poesi berriaren abiabidean guretzat aportazio on bat da.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak