« Samina eta esperantza | Poetika xumea »
Botoiletan / Antton Luku / Maiatz, 1998
Errobi gainaldeko memoria zapartatua Aingeru Epaltza / Hegats, 1999-01
Ekologistetan […] bi motakoak badira, planetak aipatzen dituztenak, han eta hemen ikusi espezie tipikoenak, eta baratze-kantoi bat arakatzen dituztenak, eremu tipi horretan biziaren infinitua kausituz. Kontziente naiz bigarren kategoria honetakoa naizela. Sinesten dut ere bigarren mailako idazleen baitan, anitz baita nornahik ikusten duen xehetasun soil batean.
Antton Lukuri horrela aditu genion, iazko Galeuzkan, eta horrela irakurri ere bai Hegats aldizkari honetako 19/20 zenbakian, ezterenzubiarrak Beloken emandako mintzaldi gogoangarria argitaratzean. Haren antzerki lanez gozatzeko parada izan ez dugunok, “nazioa” hitzetik hortzera erabiliagatik ere, protekzionismoa indarrean da gurean, behialako aduanetan bezain zorrotz. Anttonen hitzak egiaztatzeko bitarteko falta. Berriki etorri zaigu: “Botoiletan” narrazio bilduma, Maiatz Baionako argitaletxeak joan den apirilean plazaratua.
Egileak ez du nahi izan bere “baratze-kantoia” —bere Macondo, bere Obaba— bertzizenez mozorrotu. Argi adierazten digu, liburuari atar¡ egiten dion aurkezpen-narrazioan: “Errobi gainekaldeko memoria”. Errobi ur-handiak-ugaldeak, ibaiak, Lapurdiko lurretan zabaldu eta gazte-oldarrak mantsotu baino lehen, Nafarroa Behereko bortuetan beheiti egiten duen bidaiari segitzen dio, batik-bat, Luku arraintzariaren begiak, bera ere, “arrain mitiko ahantzi baten menturan”. Hegoaldean hain maite ditugun kantutegietako Iparralde bukolikoa, hortaz? Ez, batere. Luku “erreserbatik” ari zaigu. Lukuren lumari (h)abia ematen dion natur eta giza paisaia krisialdian amilduriko gizarte bati dagokio; antzaldatze bizian abiaturik, molde zaharrak arruntik baztertu ez eta berriak guztiz onartu ez dituen gizarte bati.
Narrazioen edukia ez ezik, hizkera ere antzaldatze horren ispilu da, tradizio zapartatu baten oihartzun, desagerpenaren eta berritu beharraren arteko dialektikara beharturik, ongi nahiz gaizki bere aterabideak aurkituz doan hizkuntza bizi baten lekuko. Lukuren hautu konstziente horrek —konpara ezazue, liburu hau, arestian aipatu hitzaldian erabilitako idazmoldearekin— zenbait euskara-zaindari itzal handikorengandik hartu duen gaitzespen sutsuak behin berriz erakutsi digu zailagoa dela ilargiari begiratzea, hatzari baino.
Inguramendua horixe izanik, eskertzekoa da egileak hautatu duen ikusmoldea. Lukuren “botoilak” Errobiko ur uherrez beterik daude, ez negar gardenez. Hemen inor ez zaigu denbora joanen kariaz lantuz ari. Irakurleak ez du epikarik, ezta, aunitzetan, tragediarik ere aurkituko. Tesirik baldin bada, nik ez dut harrapatu. Literatura handiak ez ditu osagai horiek guztiak nahitaezko, hunkigarria eta egiazkoa izateko. Aski dira malenkonia amine bat, gaixtakeria puska, begi txorrotxak eta egun eta hemen kontatzeko nahia eta trebezia. Lukuk horietarik guztietarik ditu. Eta horrela du jauzi egiten, ur arriskutsuetara. Bóhlen gisara, kontakizun zapartagarriak moldatzen ditu, lehen behakoan hutsalak diruditen pasarteen gain. Edo, Poek bezala, arruntkeria batetik abiatuta, giro asaldagarriak ehuntzen, irakurlea hatsik gabe uzten duten bukaeradun istorioen estalki. Neorruralismo beltzera lerratzen delarik ere, Atxagaren edo Mujika Iraolaren lan zaharren minik ez du.
Gainerakoak gutietsi gabe, hamabi narrazio hauen artean, badira bizpahiru: “Zakur-ziloa”, “Piñolet”, “Bertzetan”, gure ipuingintzaren edozein antologiatan sartzeko merezimendua dutenak. Kritikak kritika, eta ez(in)ulertuak ez(in)ulertu, 1998 honetako uzta ederra hobetzera etorri da liburu hau. Mugaz haratako Euskal Herrian urte frankotan idatzi den hoberenetariko bat, modernoenetariko bat, literarioenetariko bat noski. Ni gose utzi nau. Horrelako istorio gehiago irakurri gogo dut. Errobi gainekaldekoak eginda, zaharrago eta maiteago dituenez behekoak, “azken izokinen bila” ariko zaigu agian Luku, “arrain mitikoa” atzeman eta botoiletaratua oparitu digun gisa berean.
Antton, ez iezadak karrika egin.
Ni, laiko
Markos Zapiain
Aritz Pardina Herrero
Zure bazterrekoak
Cesare Pavese
Asier Urkiza
Termita
Garazi Albizua
Nagore Fernandez
Argazkiaren erabilera
Annie Ernaux
Maialen Sobrino Lopez
Café Mokka
Jabier Muguruza
Mikel Asurmendi
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Irati Majuelo
Basatiak
Maria Reimondez
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Zerua hemen
Oihana Arana
Paloma Rodriguez-Miñambres
Sekularizazioa Euskal Herrian
Joxe Manuel Odriozola
Mikel Asurmendi
Garondoan
Gorka Bereziartua
Asier Urkiza
Mundu guztiak
Ruben Sanchez Bakaikoa
Nagore Fernandez
Kantu leuna
Leila Slimani
Maialen Sobrino Lopez
Odola kantari
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Bihotzean napalma
Pol Guasch
Irati Majuelo