« Mundu asko | Keinuen islada zaharrak »
Deabruak ostutako urteak / Basilio Pujana / Auspoak, 1991
Galtzailearenak Jose Luis Otamendi / Argia, 1991-06-23
Hitz-Lauz “Deabruak ostutako urteak” dugu Basilio Pujanak ezagutzera eman duen estraineko liburua, eta hitz-lauz diot, lehendik baduelako argitaratua bertso liburu bat Auspoa sailean bertan. Prosan bataioa eta idazle lanetan konfirmazioa, pozteko berria inondik ere. Egilearen gerra aldiko memoriak dira, gogotik erauzitakoak. Guztiori apaltasun eredugarriz, arrazoi borobilez eta Arratiako euskaran, euskara garbian alegia. Gudari zaharrak egia batzu argitu nahi dizkigu, bizitakoak kontatuko ditu naturaltasun maitagarriarekin. Filosofia tolesgea eta sakona darie orrioi: nola ekin hala buka. Auspoa saileko beste asko bezala memoria kolektiboaren urre txikien gordailu dugu honakoa ere. Ahazmenaren kontra dihardu, lehian: “gizona naita aztu, munduak erriaren istoria ez dagiala aztu”.
Bigarren atala da neurriz mardulena, gerra ekintza eta gertaerak dira nagusi. Basilio, nolabait esatearren, estereoan mintzo zaigu: batetik, oraindik, oraindik hotzitu ez zaigun arbasoen odolari ari zaio samur; bestetik, memoria artetik geuk ikus ditzakegu gerrako hainbat gora-behera objetiboago. Aurrera egin ahala derrotaren lurpetzan murgilduz goaz.
Kontaketaren arian bertsoak tartekatzen ditu, inoiz testigantzari errematea edo indar handiagoa emate aldera, inoiz hango halako eta hemengo holakoren gomutaz. Frente eta erretaguardiako bizimodua isladatzean tanta desmitifikatzaile baten usaina har dakioke, edota mitifikazio eskuragarriagoen aldeko apustua egiten delako ustea. Hildakoak gehiegi izanik ere, ez dugu alferrikako hil kanpairik aditu orriotan.
Herri eta baserriak hustuz dakusagu eusko gudaroztea erretiratzeaz bat, gudariak Bizkaia uztera doaz, Bilbo ez da Numancia. El Pontarroneko armistizioa sinatu eta lasterrera Castron prisionero dago Pujana.
Prisionero bizikera, batetik besterako gatibu-erromesaldiak eta, azkenik, gerra bukatu eta puskatera etxeratzeak osatzen dute, handiaurkiak bakarrik aipatzeko, hirugarren atala. Inoizko sasoian meza entzuten denborarik galdu bazuen Basilio Pujanak, probetxu ona atera dio horratik oraingoan. Bizkorra da liburua, bizia, pasarte asko eta askotan ondo-bertsolaria ageri da egilea. Gure historia urratuari begirada aratza zuzentzen dio, liburumaite direnei disfrutatzeko parada eman. Pujanaren arrazoi bat amaitzeko: “sufritzen dabenak pentsa egiten dabela; eta, zoritxarrez, pentsetan dabenak sufritu”. Aurrera, Basilio!
Sorbatza
Markel Sanchez
Asier Urkiza
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Nagore Fernandez
Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo
Amaia Alvarez Uria
Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia
Paloma Rodriguez-Miñambres
Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi