« Galtzailearenak | Mugari tiro »
Mimodramak eta ikonoak / Juan Mari Lekuona / Erein, 1990
Keinuen islada zaharrak Amaia Iturbide / Plazara, 1991-07
Hamar urteko isiltasunaren ondoren Juan Mari Lekuonak beste poema liburu berri batez harritzen gaitu, “Mimodramak eta ikonoak” (3) deritzana. Eta “berri” diot aurrenekoekin parekatuz desberdina delako, desberdina zen bezala “Ilargiaren eskola” (1979) “Muga beroak”-ekin (1973) konparatuz eta “Muga beroak” 1966. hartan idatzi zuen “Mindura gaur”-en aldean. Izan ere, Juan Mari Lekuonaren olerkigintzan aurrera pauso nabariak ageri dira, poetak poesiaren barnean egindako lan isilaren ondorioz eta lan egiteko modu hau irakurlearen mesedean izaten da, ustegabean harrapatzen duelako.
Liburua bi zatitan banaturik dago: lehenengoa “Gruteskoak” izenekoa (“Izuen genesia”, “Fantasia beltza” eta “Atabismoak” atalekin); eta bigarrena, “Planeten adar biran” (“Kalendera”, “Enblematika” eta “Itzalen galeria” atalekin). “Gruteskoak” leizeari buruzkoak dira, beldur zaharrak aurpegietan gordinki azalerazten dizkigu, gizakiaren alde ezkutuetan arakatuz. Sentsazio errotu eta beltzok mimodramaren bidez espresatzen dira, hitzik gabeko komunikazioaz, keinuen bidez. “Planeten adar biran”-en gizakia kulturaren lagun agertzen da eta ikonoaren bidez espresatzen da, arte munduan komunikazio plastikoa denaren bidez. “Gruteskoak” iluna bada, gizakiaren eta izadiaren arteko harremanak ankerrak badira, zibilizazioaren aurrekoak, bigarren alde hau argia izango litzateke, gizakia eta izadiaren arteko elkarrizketa orekatsua, kulturan oinarrituta, eta kristautasunean oinarritua. Gaiari dagokionez, liburua argia eta ilunaren arteko dialektikan kokatzen da, lehenengo zatia beheari, infernuari eta beldur itsuari badagokie, bigarrenak goiari, zeruari eta itxaropenari eusten die.
“Mimodramak eta ikonoak” berak miresten dituen bi pertsonari eskainita dago: Jose Migel Barandiaran antropologo eta etnologoari eta Jorge Oteiza eskultore eta euskal estetikaren ikertzaileari, Barandiaranengandik jasotzen du euskaldunon kontzientzian, totemizatuta bezala, agertzen eta desagertzen diren geruza antzekoen ideia, besteak beste. Oteizarengandik kuboaren irudia hartzen du, bere sei aurpegiez, geruzak bailiran mugituko baitira; eta baita ere ibai isil baten modura taigabe egiten ari den intrahistoriarena (bere poesiak horregatik ihes egiten die moda errazei) eta “Quousque tandem…!”-en aurki dezakegun bertsolaritzari buruzko teoria… Eskulturagintzari dagokion hiztegia nagusi da. Barandiaran eta Oteizaren eragina ez da, ordea, horretan gelditzen. Badira liburu sakon eta zail honetan bi ardatz uztarturik: jakintza eta ikerketa. Batetik, sinismen eta ohituren herri-jakintza (Lekuonak jakin badaki usadio zaharren kutxan gordetako bihotza entzuten, isiltasun asabatuek ereindako baratzak begiradaz errepasatzen, oroimenaren barne-bidaietan murgiltzen, gari-usai artean pentsamenduak aletzen, so lasai eta goru-denboretako egutegiak irakurtzen…), eta, bestetik, Oteizak euskal estetika arloan egiten duen bezala, poesiari buruzko ikerketa. Juan Man Lekuonak, izan ere, denbora eta lanaren poderioz, poetika oso bat ikertzen dihardu etengabean, erregistro desberdinak erabiliz, hizkuntza eremu ezezagunetara eramanez.
Bestaldetik, aurreko lanetan ez bezala, hemen ez dago intimismorako lekurik, egilearen nitasuna ezabatzen da, euskal kolektibitatearen mesedean eta, horra hor hirugarren pertsona erabiltzearen zioa. Euskaldunon nortasuna eta izaeraren adibiderik garbiena “Barandiaran” deitutako azken poema da eta poemaren azken ahapaldia, esanguratsuena. Ezin zitekeen hobeto adieraz hiru lerro horietan adierazten dena.
Gaiak berak zailtasuna badakar, kontzeptuala eta abstraktua baita, ez da gutxiago gertatzen formaren aldetik. “Ilargiaren eskola”-k musikalitatean igeri egiten zuen bitartean (kantatzeko, beraz, oso aproposa izanik), “Mimodramak eta ikonoak” irakurtzeko poesia da, kontzentraturik irakurtzekoa, kalkulu zehatzetan pentsatutako liburua baita. Hizkuntza mugetaraino bortxatzen du eta horrela, mezuak guneka eta elipsiz isurtzen dira, egia pintatzeko ohitura duten esku lazatuak airea aitzurtzen egongo bailiran, burdinaren arnasari eutsirik, aizkoraz moztutako adierazbideak bailiran eta honek, noski, badu lotura esturik bertsolariengan gertatzen den hitz eta mugimenduen arteko mekanismoarekin.
Amaitzeko, euskaldunok liburu honen aurrean harro senti gaitezkeela besterik ez zait gelditzen esateko.
Eskerrik asko.
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez