« Bizi egin behar | Kontrakoen jokoan barrena »
Bakarkako isolamendua / Tahar Ben Jelloun (Bego Montorio) / Susa, 1990
Bakardade Jose Luis Otamendi / Argia, 1990-12-30
“Horixe da tristura, kamarada. Kraskatzen diren gorputzak. Errautsez betetako gorputzak. Sakonean, guztiz sakonean, sua dago”.Primaderak behatz ttipiak ditu, kostaraino iritsi zen iazkoan hala ere, eta egingo al du aurtengoan beste horrenbeste. Nomina hartan gu geu ez bagaude besteek jarraituko dute hasperen eginez biziaren auspoetatik. Eta egon, hor dago Magreb, maiz etxeko ateraino datorkigun “mutur-beltz” andanarengan. Ez daukate zeri heldu mundu arrotz honetan, oihu dagien zakilari ez bada, eta negar dagiena. Exilioa minbera da, sendabide larriak ditu: eromena, inpotentzi sexuala, komisaldegian hil, hil, paperezko kartel batez maitemindu, hil. Bakarkako isolamendua. Guztiori gure Europa dultzearen magalean. Tahar Ben Jelloun idazle marokiarra dugu, eta behialako metropoliaren hizkuntzan idazten du, eta egungo herri zapalduaren odoletik mintzo da, zalapartarik gabe, errukirik gabe, artez. Gordina eta ederra da liburua. Protagonista langile magrebiarra dugu Parisen. Gizon horrek, bizi den gela ziztrinean, kalean, lotan, herrimina, mezprezua, bakarmina sufritzen du, gotor sufritu ere distantzia eskuragaitzaren zauriak. Herbesteratuak bere gorputza du sorterriko azken probintzia, bertan barnebildua emango du orrialde asko: han aurki dezake oraindik memoria, ametsak, alabaren eta olibondoaren lurrina. Kanpoan, gela kutxa pitzatua da, kalea krudeltasun maindire bat.
Liburua bakardadeaz gogoeta serioa da, maitasun istorioa. Langile magrebiarra paperezko irudi batez enamoratzen da, hormatik jaisten da larrua jotzeko eta horman uzten du lanera doanean, edo bere baitan darama, herria (Qods, Herri Arabea) eta alaba bezala. Bikoitzak dira ageri diren indarrak, kanpo eta barne munduari dagozkionak. Barrura lehertzen den nobela da, hesitutako zeruaz mintzo zaigu narratzailea, “exilioaren odolak diktatzen dizkion silabak” ematen dizkigu aditzera.
Misteriozko espresionismo moduko baten hatsa darie esanei. Ben Jelloun-ek perpaus laburrak darabiltza, adjetibatze zuhurra oso, pertsonifikazio ugari. Irudiek sentimenduak sortzen dituzte, urdail-zuloan zein bekainean tope egiten dutenak. Irakurle konprometitua eskatzen da gozatuko bada.
Bego Montoriori zor diogu gozatzeko aukera hori, berak ekarri dizkigu “bestelako hitzok” euskaraz, maitasunez… Gisako testuen gose gara euskal irakurle asko, hunkituko gaituzten grina eta nahigabeetatik gertu. “Dinosaurioak” miresleen santutegietan ustel bitez. Herriak, pertsonak ezagutzeko bide egokia da literatura, inoiz, Ben Jelloun-ek dioenez, txango turistiko bilaka baledi ere.
“Bakarkako isolamendua” laburra bezain anitza da. Azkenerako trinkoagotuz doa, argituz eta bihurrituz aldi berean. Gizakion funtsezko izaera inhumanoa sinestekoa da benetan. Baina hitzetatik eginetara dagoen tartean panpinak legez jausten gara. Narratzaileak herbesteratuaren ibilbidea dakarkigu berriz gogora, hitzokin hukatzeko: “badago, noski, beste irtenbidea: beste hori ez da idazten, ez da horretaz mintzatzen, egin egiten da”. Badira hondarretan oinatz apal eta harroak.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi