kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Maitasunaren lanak / Salbador Zapirain "Ataño" / Etor (Auspoa), 1988

Maitasunaren lanak Dabid Zuazalde / Argia, 1988-09-11

Antonio Zavalak zuzendutako Auspoa liburutegia, Etor hasi da oraintsu argitaratzen. Denentzako bentaja, seguru asko. Etorrentzat, bestela euskal argitalpenetan makal antzean zebilelako; eta Tolosako jesuitarentzat, administrazio, kontabilitate eta beste hainbeste buruhauste kentzen dizkiotelako, bere eragintza lanari oso osorik emanik, oraingo hau aurrekoaren anaia bizkia baita dirudienez, lehengo zenbaketari jarraiki.

Mamiz lehengo Auspoa izanik ere, azalez hauspo zaharra berritu egin dute, eta aldaketa onerako izan da. Maketazio, azala eta abarrak oso politak, txukunak iruditu zaizkigu, bere xumean dotore askoak.

Baina bildumaz gainera, liburu bat dugu hemen aipatu beharra. Zahar samar hasi zen Ataño, Hondarribian bizi den prailea, nobelak idazten, baina harez gero, baratzako lanek uzten dizkioten tarteez baliaturik, ttirri-tarra, Txantxangorri kantariarekin hasita, liburu mordoxka bat plazaratu digu. Azkenengoa, Maitasunaren lanak.

Hondarribira eraman gaitu elaberri honek. Bada esnezale bat, Joxepa, eta arrantzalea, Krispin. Biak gazteak, amodioak elkarrengana bultzatuko dituenak. Krispinek ordea, Afrika aldera joan beharko du, Espainiako ejertzitoak behartuta, soldadu. Bereiztuta dauden tarte horretan, elkarri eskutitz franko egiten diote, baina halako batean, neskak gehiago idatzi ez. Joxeparen gurasoek, diruak itsuturik, behartu egingo dute alaba Txomin Potzolorekin ibiltzera. Gero berriz, mutila itzuli, istiluak, sesioak eta burrukak, azio txarren bat ere bai, auzitegia, behar ez zena espetxean sartu, baina azkenean, suma dezakezuenez, dena konponduko da: mila urte igarota, ura bere bidean.

Egin dizuedan laburpentxo horrek, ziurrenik Txomin Agirre gogoraraziko zizuen. Niri behintzat Garoa eta Kresala etorri zaizkit behin eta berriro burura. Itsasoa eta baserria, biak baturik honako honetan. Baina hau ez da kopia bat, aldeak nabarmenak dira: ikutu kostunbristak izan, badira hemen, baina gutxi eta laburrak, kontaera iragan zehazkaitz batean uzten dutenak; ondarrutarraren esaldi luze-borobilen ordez hitz juxtua darabil Atañok, perpaus laburra. Nolabait esanda, narratzaileago dugu kaputxinoa, eta asmo apalagokoa. Ideologian ere ikuspegi eta jarrera bera dutela dirudi, baina igarotako urteek sekulako leizea zabaldu dute: Agirrek aldaketa bidean ikusten zuen mundu bati bere hartan iraunerazteko idazten zuen, eta Zapirainek berriz aspaldi galdutako mundu batetaz idazten du. Atano bestalde, ez da hain espirituala, eta tragediarako, zoritxarreko joera nabaria du, berak pasatako guztien eraginez agian.

Nobela hau ohi baino luzeago atera zaio, elkarrizketak gehiegi luzatu dituelako seguru asko, bizkortasuna galduz kontaketan. Hala ere. Atañoren ohizko miresleek liburu honetan kausituko dute non gozatua. Nik gure narratzaile gazteei, idazten hasten direnei gomendatuko nieke gogotik, estilistikazko beste eredu bat jaso dezaten, bere prosari gatza eta berakatza txerta diezaieten.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak