kritiken hemeroteka

8.412 kritika

« | »

Obabakoak / Bernardo Atxaga / Erein, 1988

Hartutako lana uste baino luzeagoa Edorta Jimenez / Egin, 1988-08-09

Hazita atera daiteke plajiatzailea etsaien sareetatik. Baina horretarako nahitaezkoa du, aurrena, ereduaren arrastoak bere lanean uztea; gero, metaliteraturaz zerbait ikastea; hurrena, eta azkenez, izen piska bat hartzea. Zeren, hartara, osatua geldituko baita da bere goardia pretoriarra. Atera berria duen Obabakoak liburuko “Ondo plajiatzeko metodoaren azalpen laburra eta adibide bat” izenekoan agertzen diren hitzak dira. Irakurritakoan, aintzat hartuta Bernardo Atxagak duela izena hartuta gure artean beste inork baino piska bat gehiago, gaitz egingo zait, arriskatu gabe, liburuaren gainean ezer esatea, ni lako txori inuxenteak harrapatzeko segada ederrak imintzen dakizki eta Asteasukoak.

Hala eta guztiz ere idazten ausartu naizenez, esan behar, Obaba eta Hamburgo, biak direla behinola Atxagak agindu zigun narrazio multzo bana izango ei zutenak eta, oraingoz, lehenari buruzkoa baino eman ez digularik, erren geratuko dira bakar bati buruzko aburuak, ziur bait nago dialektika bereko poloak direna lekuok eta, baita, elkarrekiko osagarritasunean hartu behar direna ere. Bestalde, eta asmo zaharrak asmo zahar, liburu honetako zenbait ez ote diren Hanburgokoak, halakoaren susmoa ere badut.

Bestalde, argi erakutsiko digu Atxagak, bai Ziutateaz haretan eta bai beranduagoako Etiopian, ondo ausnartu izaten duela liburuaren egitura. Oraingo honetan ere berehala antzematen zaio ahalegina. Obaba herriaren inguruan egindako ipuinak biltzen dituela susmarazten du hasiera beretik tituloak. Leku hutsa ez da, ostera, laurehun orrialde liburu berean josteko nahikoa. Hariren bat ere hehar izan du. Eta haria, aurreragoko bi haietan bezala, bidaia izan da. Gauzak nahasten ditudalakoan nago baina. Zati berezi bi ditu liburuak. Iraganeko Obaba agertzen zaigu lehen zatian; bigarrenean, ostera, oraingo Obaba aitatzen da, zelakoa den esan gabe aitzitik, Obaba/Hamburgo dikotomia alderik alde gurutatzen dituen beste dikotomia dugu iragana/oraina horiek osatzen dutenek. Hain zuen ere, iraganeko Obabaren inguruan sinesgarritasunez hitz egiteko modua bilatzen saiatu da egilea. Obraren sinesgarritasuna ez datzanez kontatzen direnak errealitetik hurrun ala hur izatean —literatura fantastikoak erakusten digunez—, jokoan sartzen diren osagarri guztien artean eraikitzen denaren barne trinkotasunean baino, hizkerak, gertaerak eta narratzaileak elkarri egokitzen ahalegindu da, maisutasunez, Atxaga.

Iraganari buruz iraganekoek hitz egin behar dutenez, eta iragandakoak hilda daudenez, utzi dizkiguten lekukotasunen interpretazio baino ezin dugu egin. Apokrifikoak asmatu behar dira, beraz. Hemengo apokrifoak duen abantaila, aldiz, ez-denboran kokatua dateke, horrek hizkera ere ez-denborala eskatzen du eta. Horretara, bada, Atxagak berak hoberen menderatzen duen lenguaia erabiltzen aitzakia aurkitzen du. Egia esatera, hizkuntz-erregistro ezberdinak erabiltzen saiatu da, umeena ei dena ere polito lortzen duelarik, sinesgarritasunaren ezinbesteko zimentarritzat. Hala ere, sinesgarritasunaren mesedeetan?, Lekukotasunak ez daude osorik eta, ene bada, ezagutzaileak hipotesiak aurreratu behar ditu, berak ere ez bait du egia osoa ezagutzen.

Obaban iraganean gertatu zirenak —Bernardo Atxagak, ezagutzen dituen bakarrak, egun ezagutarazi dizkigunak— hondamenaren kronika zatiak dira. Eta hondamena diot, ze Obaba hori hondatu egin zela susmarazten zaigu liburuan, adibideen bidez hemen frogatzeak luzeegi joko liezaigukela. Zation bidez, liburuaz bestealde dagokeen irakurleari, balizko gerrateko etsaia ala laguna izan, segadak jarri nahiz keinuak egingo dizkio —aintzat—, tentu handiz, testuan. Pentsarazi egingo dio irakurleari. Pentsarazi egingo digu, adibidez, Faulknerren eremu mitikoa A.E.B.etako hegoaldearen alegiazko erreplika den era berean —literaturatan -diren “region” ugarietariko topikoena aitatzearren—, alegiazko Obaba hori zeren erreplika ote den. Hala bada, neuk ere ausnarketari ekin diot Obaba hori ez ote den Euskal Herria bera. Edo, hobe, ez ote Goierria, Hamburgo Beterria den artean. Eta iraganean, Euskal Herri guztia ez ote zen Goierria izan, euskalduna hitzaren benetako esangurean. Dikotomia hori ez ote den mendia/kalea, halakorik ere otu zait. Ondoren, zer izan zela eta hondatu zen Obaba, hori ere jakin gura dudala etorri zait burura. Nik neuk modernitatearen ,eraginez hondatu zela iradokitzen somatu uste izan dut, batzutan, Atxaga. Beste inoiz, barruak barrukoek janda hiltzen dela sumatu uste izan dut, gerra pizten bait da gehiengoa eta baztertuak baina bertakoak ere badirenen artean. Eta azkenean baztertuek, basurde zuriak (Basakume Ona?) eta —errugabetasunaren irudi eta eredu—, ez dute lekurik Obaban halakoek.

Hondatu egin zen iraganeko Obaba baina, gaurkoa geratzen da. Bertara joko du narratzaileak bigarren zatian, Azken hitzaren bila. Eta, hara kasualitatea, Bidaia eta bidaiakideak, ez dira ipuinak elkarri kontatzeko parada makala. Siberiako trenean ere ipuinak kontatzen dizkiote elkarri bidaiariek eta, aintzinarago, mila eta ehun gau eman ei zituen beste harek ipuin kontari, ahaztuta utzi gabe trilogia ederra eskeini zigula Passolinik ipuinak josteko moduen gainean. Ondo ikasi du “jospidea” Bernardok. Halaxe etorriko zaizkigu bigarren zatiko ipuinak, harek edo besteak kontatuta, asteburua emateko aukeratu duten Obaba horretarako bidean eta Obaban bertan, egun zelakoa den esaten ez zaigun egungo Obaba zorionekoan. Ordea narratzailearen haurtzaroko Obabakoak hor agertzen zaizkigu, tarteka marteka; alde horrek biografikoa eman didala niri behintzat. Obaba hitzak berak elkarren ezberdinak diren oihartzun eta konnotazioak eragin ditu niregan zati batetan eta bestean. Bigarrenean ez dut lar sinestu izenarena.

Bidean, eta ipuinak gora ipuinak behera; literaturari buruzko ausnarketa adimentsu eta zuhurrak azaltzeko beta, eurokin bat etorri nahiz ez. Urteotan gure artean izan diren galderei, ezkutuko nahiz agiriko, erantzuna eman guran edo idatzi du zati hori Atxagak, alegi edo fabula itzela eraikiz, esaten direnen frogak gauzaturiko lanak diratekelarik. Esaten dituenei begiratuz gero ezin interesgarriago eritzi diodan, alde honek beronek, ostera, huts egin dit azalari dagokionean.

Beharrezkoa ote den halako luzamenduetan luzatzea, egilea bera ere konturatuta dago horrekin, halaxe esaten bait digu; Ez al nuen bada “azken hitza” aurkitu eta liburua lehen bait lehen bukatu nahi? Zertan luzatu orduan konturik kontu? (267 orr.) Liburuan, alabaina, ez dago alferrikoa den ezertxo ere, astun egin arren.

Puzzlea osatu egiten da azkenean. Susmoa hartzen diot osakerari, lehenago esan dudanez, ipuin batzu Hamburgokoak ote diren zalantzan geratu naiz eta.

Amaitzeko, liburuak barruan eragin didana irudiren batez azaltzeko, karpeta antzera ikusten dut liburua. Karpetan liburu bi plazaratzen dira, plaza horretan diren auziak ulertzeko argibideekin batera, han hemenka tartekaturik, hirugarren liburua osa izan zezaketeenak bigarren liburuko orrialdeetan tentuz banatuta utziz. Ez dut uste, hala ere, karpeta behin betirako itxita denik.

Obaba ta Hanburgo Atxagarekin joango dira, berak noranahi ihes eginda ere. Irakurleoi behintzat egungo Obaba zelakoa den azal baliezaigu, alegien bidez gutxienez, hobeto uler genezake dagoeneko ez-denboran geratu den iraganeko Obaban gertatu zirenak. Askoz ere hobeto entelega genezake alegiazko Obaba bide den itzala sorrarazten duen benetako leku hori, soilik idazlearen barruan ala kanpoan ere izan benetakoa, horrek berdin ez badio ere.

Azken kritikak

Ele eta hitz. Ahoz eta idatziz
Jose Angel Irigaray

Asier Urkiza

Idazketa labana bat da
Annie Ernaux

Nagore Fernandez

Bisita
Mikel Pagadi

Jon Jimenez

Hamlet
William Shakespeare

Aritz Galarraga

Hau ez da gerra bat
Mikel Ayllon

Hasier Rekondo

Feminismo zuriaren aurka
Rafia Zakaria

Jon Martin-Etxebeste

Dimisioa
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Hetero
Uxue Alberdi

Irati Majuelo

Barrengaizto
Beatrice Salvioni

Amaia Alvarez Uria

Coca-Cola bat zurekin
Beñat Sarasola

Patxi Larrion

Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta

Jon Jimenez

Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza

Nagore Fernandez

Zoo
Goiatz Labandibar

Asier Urkiza

Hetero
Uxue Alberdi

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

2024(e)ko maiatza

2024(e)ko apirila

2024(e)ko martxoa

2024(e)ko otsaila

2024(e)ko urtarrila

Hedabideak