kritiken hemeroteka

8.822 kritika

« | »

Ipuin ubelak / Luis Mari Mujika / Kriseilu, 1996

Ubelak koloreetan Xabier Aldai / Euskaldunon Egunkaria, 1997-03-15

Liburuaren azalak ohartzen du irakurlea: Luis Mari Mujika, beharbada, euskal autorerik sarituena dugu, poesian (aurtengo Irun Hiria sariaren irabazlea) bezala narratiban ere, eta nire lagun batek erantsiko lukeen moduan, zaurituena ondorioz. Modak moda, bada gaur egun elkarren artean kiribilkaturiko ipuinen bildumak, maila ezberdinetan eleberriaren gisa egituratzeko joera. Ezin uka azken emaitzak horrela batasun hertsiagoa lor dezakeela, erabiltzen den tonu bakarraren nagusitasunean bermatuta. Ezen kasutan, ordea, tonu bakar batena baino ugarien erabilera aberatsagoa gertatzen dela onarturik ere, ipuinak, bere luzera edozein izanik ere, unibertso partikular bat eta, beraz, hein batean zerbait matematikoa, orekatua, pieza ezberdinak enkajatzen diren puzzlea osatu behar duela begi-bistakoa da. Ipuin bilduma honetako istorioek ez dute bata bestearekin erlaziorik, baina Luis Mari Mujikari igartzen zaion ahalmenarekin ere bat ez datozela iruditu zait.

Arretan jartzen gaituena ordea ezin genezake behin ere traidore izateaz salatu. Orokorrean esateko, gora-behera handiak dituen liburua da, irregularra oso. Hasierako ipuinak, Ispiluarekin solasean izenburua daramanak, gehiegi jorratutako gaiaren ikuspegi are jorratuagoa dakar, zauri zaharretan eskua sartuz beharbada: bizarra moztu bitartean aurrean duen ispiluarekin nortasunaren metafisikaz eztabaidatzen duen unibertsitateko maisuaren paranoia.

Dama uzkurtia, bigarren ipuina, autorearen idazkera atseginaren beste adibide bat da, zutabe horretan bermatzen delarik nagusiki. Aipatzekoa da pertsonaien karakterearen deskribapena, baina, batez ere, bertako alderdirik positiboena, amaiera, puntu-puntuan datorrela da. Hau da, garai egokienean, lerro bakar bat gehiago soberan gertatuko zen unean, hain zuzen ere.

Hurrengo ipuinetan, ordea, modu jarraian agertzen diren elementuen errepikapenak, zoroetxearen figurarena kasu, ubeltasun sentipena agerrarazten dute, ubelak direlako ipuinak batetik, liburuaren osotasunak, kolore berdineko tonua hartzen doalako bestetik. Mundu berriak zabaltzeko ahaleginak antzematen dira ipuinotan, umore ukituz gertaera bitxiak kontatzeko saiakerak, Joandabertarako txartela ipuinean izenburutik bertatik suma litekeen bezala, baina maizegi, irekitako esparruak ixterakoan, bortxaz jokatzen du lumak, adarretatik eta desenkusa modukoaz ihes eginez. Aitzitik, liburuaren argitaratzeko zioa autorearen antologia modukoa kaleratzea ez ote den usaintzen da orriotan eta, horrek, bere irakurketari kalte egiten dio oro har.

Ezen harribitxiak ere bai baitatoz ipuin bilduman, aipatzekoa, betiere autorearen koordenatuen erdian kokatzen den lilurazko mundu horretan aurkitzen delarik ere, Musde Bertranden mendekua ipuina, tratamenduz beste guztietatik urruntzeko borondatea agertzen duten bakanetakoa, arestian aipatu Abuztuaren hamabosteko trena eta Lur bedeinkatutik kanpo ipuinekin batera. Azken honi, Ramon J. Sender-en Requiem por un campesino español liburuaren kutsua hartzen diot, errealismo gertuago bat deskribatzeko ahalegin eta burutze beti ere aipagarriarekin batera.

Kontuak kontu, ordea, emaitza hoberik espero zitekeen autorearengandik, urrutira joan gabe, bilduma hau bera osatzen duten ale berberak hobeto profitatuz.

Azken kritikak

Sorbatza
Markel Sanchez

Asier Urkiza

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Nagore Fernandez

Ipuinak eta antzezlanak
Lourdes Iriondo

Amaia Alvarez Uria

Ezezagunak trenean... irakurtzen
Miren Billelabeitia

Paloma Rodriguez-Miñambres

Dakigun hori
Garazi Arrula Ruiz

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak