« Fikzioak kale | Munduaren ikuspegia »
Isturitzetik Tolosan barru / JosAnton Artze / Pamiela, 2007
Hitzaren taupadak Iratxe Retolaza / Berria, 2007-07-01
Ahozko kulturaren bitartez ezagutu nituen, lehenengoz, JosAnton Artzeren hainbat eta hainbat poema. Beranduxeago, poema horiek paperean irakurtzeko eta gozatzeko aukera izan nuen Isturitzetik Tolosan barru liburua eskuratu ahal izan nuenean. Harritu egin ninduen liburu horrek, euskal literaturako argitalpenetan ezohikoak diren forma koloretsu eta biziek betetzen zutelako, eta baita mamiz beteriko hitzak gordetzen zituelako ere. Horiek horrela, eskertzekoa da Pamiela argitaletxeak liburua berrargitaratzeko harturiko erabakia, ahanztuxe zegoen liburu eder eta mamitsuaren ekarpena gogora ekartzeko, eta, halaber, irakurketa berriak egiteko bideak ere zabaltzeko.
Isturitzetik Tolosan barru liburu honetan aniztasuna da nagusi, formen jokoetan, erregistroen erabileran, gaien tratamenduan, koloreen erabileran, eta abarretan. Horrekin guztiarekin, paperaz gaindiko euskarrien aldarrikapena egiten da, hitzaren garrantzia hanpatzen da, baina hitzaren dimentsio guzti-guztiei garrantzia emanez.
Batetik, hitzaren espazio fisikoaren inguruko gogoetak egiten dira. Honela, hitzekin irudiak sortzen dira, edota hitzak eta irudiak elkarren ondoan agertzen dira, eta, gainera, hizkien tipografia ere erabiltzen du hitzaren espazio fisiko horri kolorea, tamaina, letrakera eta mugimendua gehituz. Bigarrenik, hitzaren espazio akustikoak ere zentzuak sortzeko bide direla adierazten da. Hitzaren hoskidetasunekin jolas egiten du zentzu berriak sortuz, eta, gainera, hitzaren espazio akustiko hori are argiago agertzeko, liburuarekin batera poema zenbaiten irakurketak eskaintzen dira, hotsen bitartez ere eginiko interpretazioak izanik.
Hirugarrenik, liburu honetan hitzak ere espazio geografiko batean kokatzen dira. Gogoan izan aurkibidea bera Euskal Herriko mapa batean irudikatu dela, eta orrialde bakoitza herri baten izenez mugatu dela, Isturitzetik Tolosan barrena bidaiatxo hori egiteko kartografia osatuz. Adierazgarria da oso Zuberoatik Gipuzkoarako bidaia, bazterretik erdigunera eginiko bidaia. Eta bidaia horren geltoki bakoitzean kokaturiko hitzek ere espazio geografiko horrekiko harremana ere badute hainbatetan, oraingoan ere geografia horiek kulturaz eta zentzuz beterik direla ohartaraziz.
Laugarrenik, hitzaren espazio soziala ere agertzen da irudikaturik, batik bat erabilitako erregistro anitz horietan. Badira testu entziklopedikoen pasarteak, ahozko testuak edo ahozko moldeak, omenezko poemak, hitz jokoak, galde-erantzunak, oihuak, negarrak eta aldarrikapenak. Gainera, jorratzen diren gaietan etengabeak dira hitzak duen espazio sozial horri eginiko erreferentziak, eta hartara, etengabeak dira botere-harremanak irudikatzeko bideak. Botere-harreman horien artean, honako hauek aipatzen ditu: elizaren boterea (fedeak ezarritako katea), familiaren boterea (amarengandik askatu beharreko zilborrestea), lanaren boterea (makina eta beste pertsonekiko morrontza), hizkuntzaren boterea (hizkuntzaren ikuspegi batekiko morrontza, alegia, euskara garbiarekiko morrontza). Botere-harreman horiek guztiak salatzeko, euskal kulturako tradizio zenbaiten irakurketa berria egiten du, ahozko kulturara hurbilduz, goitik beherako hierarkiarik gabeko espazioa sortuz liburuan, espazio zirkularra sortuz (liburuaren bihotzean kokatu dira azken hitza eta oharrak).
Ondorioz, liburu honetan muga arteko espazio hori aldarrikatzen da, ahozko hitzaren eta hitz idatziaren arteko mugako espazio hori, irudiaren eta hizkuntzaren arteko mugako espazio hori, musikaren eta hitzaren arteko mugako espazio hori. Hitzaren taupadak, azken batean, bidegurutze horietan mamitzen dira, bidegurutze horietan bizi dira.
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Barazkijalea
Han Kang
Jon Martin-Etxebeste
Café Mokka
Jabier Muguruza
Aiora Sampedro
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi