kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Isturitzetik Tolosan barru / JosAnton Artze / Pamiela, 2007

Munduaren ikuspegia Jon Kortazar / El País, 2007-07-02

1969. urtean Isturitzetik Tolosan barru poema liburua eman zuen argitara Joxanton Artzek. Oso liburu ederra eta modernoa eman zuen argitara poetak, eta gaur Pamiela argitaletxeak zen bezala eman du plazara, edizio faksimilean, aldaketa txikia, garaiari zor zaiona bestalde, barnean duela: disko txikiaren ordez CDa agertzen da, eta egunerokotasunak on egin dio liburuari.

Arte oso desberdinen koktela zen liburua: poesia eta grafismoa, inprenta-lana eta pintura, musika eta poesia espaziala. Era askotako arte desberdinak errealitatea den poliedroa agertzeko asmoz, espresio bakar batek, poesiak, hartu ezin balu bezala.

Kontrakulturaren ildoan sortu zen Europa guztian zehar bidaian ibilia zen Joxanton Artzeren liburua. Isturitzetik Tolosan barru hori Euskal Herriko historian zehar, eta geografiaren barnean egindako bidaia magikoa da. Liburuak atal asko ditu komentagarri. Lehena, eta ez ardura gutxiena duena, zera da: orrialdeen zenbakien ordez Artzek herrien izenak ematen ditu, ondoan aurkibide bezala Euskal Herriko mapa ematen zuelarik herriz-herri, poemaz-poema Herri bihurtu nahi zuen liburua irakurtzeko.

Oraindik bizirik ziren 1968. urte miresgarriak emandako ohiartzunak: Pariseko kaleetako garrasiak, Pragako kaleetan tankeek utzitako odol aztarnak, unibertsitate estatubatuarretan egindako protesten berriak… Horren guztiaren irudia zen Artzeren liburua. Garaiaren agerpena eta garaian erroturiko moldea.

Forma aldetik berri zen osorik liburua. Frankismo peko giro grisean azaleko gorriak dei egiten dio irakurleari, dei egiten duen moduan azalean agertzen den collage fotografikoak: Euskal Herriko historiaren berri ematen da han, irudi enblematikoak eta gorputzaren agerpena era berean, historia eta sexualitate berria irudietan.

Eta barnean Artzeren irudi nagusia izan den poesia bisuala, ikuspenaren bidez poesia egiteko ahalegina, forma eta esanahia biltzeko joera nagusia. Eta garaiak ekarri zuen aldarrikapen berria: sozialismoaren agerpena, industriaren eta anonimotasunaren aurkako jarrera, gerora ekologia izenarekin ezagutuko genuen bidea…

Liburu berria eta mezu berria eman zituen batera Artzek. Gaur egunean berriro irakurtzeko modukoa.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak