« Ahots biderkatua | Aresti, idazlea »
Ipuin beteak / Alicia Rios (Mari Jose Kerejeta) / Aizkorri, 2000
Beti jaten Ana Urkiza / Euskaldunon Egunkaria, 2001-03-10
Askotan iruditu izan zaigu, liburuetako eta filmeetako pertsonaiak ez direla sekula jateaz gogoratzen. Gu ere, irakurle edo ikusle, ez gara hortaz gutxi batzuetan baizik konturatzen. Ipuin, eleberri edo filme bati buruzko argumentua laburtzean, ez gara sekula jatordua deskribatzen gelditzen. Suposatutzat ematen dugun detailea da. Pertsonaiek, badirudi, ez dutela jaten eta edaten, edo behintzat, ez zaie goserik antzematen. Alicia Riosek hautatutako ipuinetan, ordea, guztiz alderantzizkoa gertatzen da.
Idazlearen helburua, hain zuzen ere, Espainiako eskualde guztietako ipuin herrikoiak bildu eta gaurko erara idaztea izan da, eskualde edo herrialde bakoitzeko gastronomia jakitera eman eta gastronomia hori deskribatuko duten errezetak islatzea.
Sukaldaritzaren ikuspegi jostari eta profesionala erakutsiz, Riosek fast food edo sukaldaritza bizkorraren alderantzizkoa aldarrikatu nahi izan du. Bai idazleak eta bai Asun Balzola marrazkigileak, sinpletasuna eta umorea berreskuratu nahi izan dituzte ipuin eta errezeta bilduma honetan.
Horretarako, ipuin bildumaren sarreran dioskunez, Alicia Riosek Liburutegi Nazionaleko hautsak harrotu ditu, gastronomiarekin zerikusia duten ipuinen bila.
Janariz ‘beteta’
Ipuin beteak tituluak berak dioskunez, ipuinak janariz “beteta” daude. Ipuinotan janaria aipatzen da, janaria dute ardatz, eta janaria nola prestatu deskribatzen zaigu. Ipuinak janariz puztuta eta edertuta daude. Idazle-sukaldariaren eskua nabari zaie.
Formato handian eta azal gogorrez jantzitako liburu honek, ipuin harrigarrien sailek betidanik izan duten aurkezpen edo itxura du eta marrazki bikainez jantzita dago.
Ipuin beteak bilduma, 19 ipuinek eta 19 errezetak osatzen dute. Ipuin eta errezeta bakoitza herrialde bati dagokio. Normalean, ipuin bakoitzean janari jakin bat aipatzen da, eta gero, ipuina bukatutakoan, errezeta gaineratzen zaio.
Ipuinez eta errezetez gain, hitz eta esapideen glosategi bat, bibliografiaren berri, ipuinen eta errezeten aurkibidea eta egileen perfilak eskaintzen dizkigu liburuak.
Alicia Riosek, oliba industrian dihardutenei eta olio-egileei eskaintzen die liburua, osagai konstantea bere errezetetan.
Aliciak hautatuko ipuin harrigarriek egitura oso klasikoa dute. Hasieran klitxe batez hasten dira, erdialdean dute korapiloa, eta azkenean dakarte korapiloaren askatzea. Ipuin guztiek dute amaierako egitura.
Kontakizunak ez dira gai konkretuetan oinarritzen. Areago dira gertakizunak. Ekintzak beren baitan korapilatzen dira eta ekintza batzuek besteak dakarkizkite. Ekintza guztiak, noski, janariaren inguruan gertatzen dira. Edo bestela, janaria dute ardatz.
Ospakizunak, ezkontzak, edo bide luzea egitera doazen pertsonaien inguruan lotzen dira janarien deskribapenak eta gertakizunak. Pertsonaiak zerbait aurkitzea duenean xede, janaria izanen da aurkitu beharrekoa, edo eta maltzurrak gaizkiren bat egin behar badu, janaria pozoitzea izango da bere lehen burutazioa.
Janaria dute beraz ipuin beteek helburu, opari, zein baldintza. Janariak, oparotasuna, aberastasuna eta zoriona suposatzen du.
Riosek bildutako ipuinetako pertsonaiak goseak daude beti. Pertsonaia gehienak animaliak edo eta errege-erreginak, magoak, sorginak, deabruak, edo erraldoiak dira. Pertsonaiak ez dira asko deskribatzen, garrantzitsua, pertsonaia bera baino areago, pertsonaiaren inguruko gertakizuna baita. Pertsonaiengan baloratzen diren ezaugarriak, edertasuna eta ausardia dira batez ere, eta emakumeengan, sukaldari ona izatea. Gertakizunetatik edo arazoetatik libro ateratzeko aukera da, askotan, sukaldean jakitea.
Ipuin bildumaren ekarpenik berritzaileena errezetak dira. Errezetetan, osagaiak, erabili beharreko tresnak eta prestatzeko modua deskribatzen dira. Oso errezeta errazak eta herrikoiak dira, ipuina irakurri ondoren sukalderatu eta prestatzen hasteko modukoak.
Orijinala eta jostaria
Mahaian jarri eta plazerrez eta denboraz jatearen ideia berreskuratu nahi izan duen egitasmo hau bitxia egingo zaio irakurleari, batez ere denontzat gustagarria den baina galtzear dugun ohitura batzuen aldarrikapena egiten duelako: mahaian jarri eta jatearena, alegia.
Hala ere, esan behar da, Espainiako herrialde guztiak ez daudela present ipuin bilduma honetan eta Euskal Autonomia Erkidegoaren kasuan, herrialdearen denominazioa ez dela ipuinak kokatzen diren garaikoa.
Itzulpenaren aldetik, erdaratik hartutako zenbait erabilera egiten ditu Mari Jose Kerejetak eta argitaletxeari zenbait akats ortografikok ihes egin dio.
Orijinala, jostaria eta interesgarria egiten da Ipuin beteak liburua, sukaldean trebatzeko parada eskaintzen digularik. Aberasgarriagoa zatekeen beharbada, errezetez gain, herrialde bakoitzeko beste bereiztasunen bat ere erakutsi izan baligu. Baina hala ere, erreferentzia on zaigu luxuzko edizio hau.
Harakinen alaba
Yurre Ugarte
Irati Majuelo
Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette
Aritz Galarraga
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Joxe Aldasoro
Akabo
Laura Mintegi
Mikel Asurmendi
Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre
Asier Urkiza
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Nagore Fernandez
Barazkijalea
Han Kang
Maialen Sobrino Lopez
Beste urte batez
Samira Azzam
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia
Aiora Sampedro
Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti
Irati Majuelo
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Aiora Sampedro
Düsseldorfeko txibatoa
Karlos Linazasoro
Aiora Sampedro
Esne berriketan
Uxue Alberdi
Mikel Asurmendi
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Asier Urkiza