« 60ko hamarkada | Poesiara bueltatuz »
Giro gori / Juan San Martin / EHU, 1998
Otsalarren olerkiak berrargitaratuak Andolin Eguzkitza / Euskaldunon Egunkaria, 2001-02-17
Ezaguna da eta ez du merezi errepikatzea literaturen bilakabidean belaunaldiek eta taldeek garrantzi handia daukatela. Belaunaldi berriek sarri askotan aurrekoaren “hiltzeaz” heltzen direla hasieran gailurrera, beranduago, helduaroan, aurrekoek sorturiko eta ekarririko guztia balioztatzen hasiko badira ere, eta eurengan eduki duten eragina ontzat jotzen.
Eta euskal literatura ez da besteak ez bezalakoa. Hain zuzen ere, aspaldi honetan, lehenago eman ez den begirada sakona hasi zaio ematen gerrosteko literaturari, hau da, Gabriel Aresti, Txillardegi eta Jon Miranderen aurretik idatzitako literaturari: erbestean eta atzerrian egindako ahaleginari alde batetik (Gernika aldizkaria, Orixe, Ibiñagabeitia, Irazusta, Zaitegi eta Euzko Gogoa aldizkaria…), baina, era berean, Euskal Herrian bertan egindako eginahalari, bestetik, alegia, Egan aldizkariak, Etxaidek, Erkiagak, Olerti aldizkariak eta ondokoek egindakoari erreparatuz. Horregatik da hain eskertzekoa Euskal Herriko Unibertsitateak ateratzen duen Gaur Egungo Euskal Poesia izena daukan bilduma elebidunean, gure belaunaldikoentzat, eta are gehiago gazteagoak diren irakurleentzat, hain ezaguna ez zaigun Otsalar olerkariaren lanak berrargitaratzea.
Inoiz edo behin irakurrita neuzkan hor-hemenka Juan San Martinen zenbait poema -bera baita Otsalar-, baina inoiz ez nengoen orain bezala guztiak batera irakurtzeko aukeran egon, eta beharbada liburuan agertzen diren azkenengo olerkien ostean, 1977an, poesia idazteari, edota argitaratzeari behintzat utzi dionez gero, oso zaila egiten zitzaidan olerkaritzari buruz hainbeste idatzitako eibartar poligrafoa poeta bezala irudikatzea.
Ondo zenbatu badut, 81 poema bildu ditu Giro gori/Tiempo ardiente deritzon liburuak, ezelan ere makaltzat ezin jo daitekeen obra eta gure arteko hainbat olerkarik oraindik ere gainditu ez dutena, eta halaz ere orain arte hain ahantzia egon dena.
Oso da interesgarria Otsalarren poemak begiratzea, ederto ikusten delako denok dakiguna, gurasoen seme-alabok garela, eta San Martinen olerkaritza irakurtzean argi eta garbi ikusten da gerraurreko olerkariak dauzkala buruan, Lizardi, Lauaxeta eta enparauak, baina Arestik iraultza eginen duelarik, berak ere herri-literaturaren elementu, molde eta erak sartzen dituela barra-barra bere lanetan. Izan ere, bilduman agertzen diren poema ederrenetariko batzuk herri-moldean onduriko batzuk dira, hala nola Euskaldun bizi nahia (1963) horretako ondoko ahapaldia: Oinaz ta Ganboarren gorroto legean / guziok hemen gabiltz auzitza tristean; / kezka baten anaiak izan beharrean, / buruz jokatuz denok ideia batean, / garaiz oroiturikan sorterri maitean.
Gaien ikuspegitik ere garaikoetan aritzen da San Martin, existentzialismoa alde batetik, aurreko horretan bezala herrimina, eta olerkaritzaren betiereko gaiak, natura eta amodioa, bestetik. Hizkuntzaren moldeetan jartzen badugu begirada baina, kronologikoki dagokion tokia hartu, eta gure literaturaren historian katanbegi bat osatzen lagundu zuela argi eta garbi dago; hasi erabat lizarditarra den hizkuntza, hiztegiz aberats, baina gramatikalki oraino elbarritua ematen duenaz hasten baita, hizkuntza herritar gozo eta adierazkorra sartzen duelako gero, azkenez gure oraingo poesia eta prosaren oinarri den hizkera fresko eta zalua erabiltzeko: Maitatzeko arrazoiak / galdu ziren munduan, / gizonak uztarpeturik / beti sufrimenduan.
Liburuari amaiera, Juan San Martinek idatzitako poesiari buruzko artikulu saldo batek ematen dio alde batetik, eta bestetik Mikel Zarate zenak Otsalarren mozorroak izeneko artikuluarekin batera (San Martinen Miraria deritzon poemaren azterketa estilistikoa dena) San Martinen bibliografiak gero. Benetan interesgarria egindakoa, eta bai egileari berari, eta bai bildumaren apailatzaileei zorionak emateko modukoa. Itzulpenaren sailean aurkitu dut bakarrik beharrezkoak ez ziren erratuen erasoak, hala nola “berdin” “bera” nahastatzeko joeran eta adjektibo batzuk izenaren aurrean jartzeko orduan, erraz edozelan ere konpon daitezkeen errakuntzak.
Izen baten promesa
Hedoi Etxarte
Joxe Aldasoro
Zahartzaroaren maparen bila
Arantxa Urretabizkaia
Aiora Sampedro
Aizkorak eta gutunak
Edorta Jimenez
Mikel Asurmendi
Amorante frantsesa
Miren Agur Meabe
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Maialen Sobrino Lopez
Ahanzturaren aingerua
Maja Haderlap
Asier Urkiza
Espekulazioak
Arrate Egaña
Nagore Fernandez
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Txani Rodríguez
Azken batean
Lourdes Oñederra
Mikel Asurmendi
Auzokinak
Gorka Erostarbe
Maddi Galdos Areta
Esker onak
Delphine De Vigan
Irati Majuelo
Meditazioneak gei premiatsuen gainean...
Martin Duhalde
Gorka Bereziartua Mitxelena
Urte urdin ihesak
Jesus Mari Olaizola "Txiliku"
Hasier Rekondo
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Maialen Sobrino Lopez