« Izaera kontua | Eta orain zer? »
Mendebaldearen mintzo mindua / Joseba Azkarraga E. / Euskaltzaindia-BBK, 2006
Piloturik gabe, zeru altuan Ibon Egaña / Berria, 2006-09-10
“Hegazkineko bidaiariek oso goian daudenean kabinan inor ez dagoela ohartzean zer sentitzen duten, ba horren antzekoa da gure esperientzia”. Joseba Azkarragak bere bigarren saiakeran jasotzen du Zygmunt Bauman soziologo poloniarraren irudi ezin grafikoagoa, gaurko Mendebaldeko zibilizazioak, edo bestela esanda, proiektu modernoak bizi duen noraezaren eta krisiaren erakusgarri; eta baita krisi horren ondorioz mendebalde horretako hiritarrok bizi dugun ezinegon eta angustiaren adierazgarri ere. Mendebaldearen mintzo mindua titulupean argitaratutako saiakera lanean Azkarragaren abiapuntua horixe da: modernitatea, azken lau mendeetan Mendebaldea itxuratu duen balioen multzoa krisian sartu da azken hamarkadetan, aro baten bukaera iragarriz, eta nolakoa izango den asmatzerik ez dagoen aro berriari bide emanez.
Piloturik gabe hegazkinean doan zibilizazio horren momentuko erretratua egiteko, Azkarragak atzera jotzen du, eta krisian sartu dena zer izan den, aldatu dena zer den azaltzen digu, hartara, iraganetik abiatuz eta harekiko kontrastean gaurkoa irudikatzeko. Ibilbide argumental molde klasikokoa baliatuz, lehenbizi modernitateak ekarri zituen promesak azaltzen ditu Azkarragak (eta beharbada puntu honetan, modernitatea definitzerakoan geratzen da hankamotz xamar saioa), funtsean, honetara biltzen dena: “gizakiak estreinakoz hezkuntzaren bidez autonomia eta askatasuna lortu ahal izango du”. Baina saiogilea modernitateaz ari bada haren irakurketa kritikoa egiteko da, egitasmo haren ahulguneak bistaratzeko batik bat; lehenik proiektu modernoaren inguruan antzinatik agertutako mesfidantzak bilduz, eta ondoren historian zehar egitasmo modernoaren gerizpean egin diren sarraskiak, hondamendi moral, ekologiko, humanoak… zerrendatuz eta haien irakurketa proposatuz.
Betiere ikuspegi kritikotik, ibilbide honetan zehar Azkarragak hainbat hipotesi plazaratzen ditu, zalantzari sarri zirrikitua zabalik utzita: industrializazioak lanaren inguruko moralaren galtzea ekarri zuela, holokaustoa modernitatetik bereizi ezin den gertakaria dela eta modernitatea ulertzeko holokaustoaz hausnartu behar dela, Jainko nagusiak hilagatik behar erlijiosoek indarrean dirautela, komunitate-sareek beharrezko izaten darraitela… Ikuspegi soziologiko eta historikoari, azkenik, dimentsio indibiduala ere gehitzen dio egileak, gaurko garaiak gizabanakoon psikologian eragiten dituen ondorioez gogoeta eginaraziz.
Soziologiaren eta bestelako gizarte zientzien atzoko eta gaurko izen handien ekarriak bilduz (Durkheim, Weber, Castells, Bauman…), gaurko mundua ulertzeko, eta honaino zerk ekarri gaituen konprenitzeko sintesi lan bikaina egin du Azkarragak; gaian aditua denari bainoago (hari orokorregi begitanduko zaio agian) irakurlego zabalagoari begira egina; alabaina, sintesi lan hutsetik harantzago joatea ere lortzen du lanak: irakurleari ahots propioz mintzatzea. Horretarako, bibliografia eta aparatu kritikoari esperientzia pertsonala gehitzen die abadinarrak, baita balizko objektibotasunik bilatzen ez duen perspektiba kritiko eta ideologiko zehatza ere. Halaber, Euskal Herritik egindako begiratua izanik, euskalduntasunari eta nazio arazoak modernitatearen garapenean eta krisian izan duen lekuari arreta berezia eskaintzen die Azkarragaren lanak. Hori guztia hizkuntza oso zaindu eta intentzio literarioz zipriztindutakoan.
Gaurko munduaren egoeraren inguruan esperantza faltsurik ez, baina argi pixka bat eta azalpen koherente bat bilatzen duenak badu non gozatua Mendebaldearen mintzo mindua honetan. Zer esanik ez inoiz hegazkin batean, zeru altuan, piloturik gabe bezala sentitu izan den irakurleak.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi