« Lau ipuintxo | Piloturik gabe, zeru altuan »
Axenario / Jules Renard (Itziar Otegi) / Alberdania / Elkar, 2006
Izaera kontua Aritz Galarraga / Gara, 2006-09-09
Ilea gorria eta azala oreztaz betea ditu Axenariok. Itxurak ez dizkio gauzak batere errazten, “Axenarioren oroigarri-bilduma” kapituluan irakur daitekeenez: bere sudurra sator-zuloaren antzekoa da, beti izaten ditu ogi-papurrak belarrietan. Zurrupaka aritzeaz gain, hankokerra ere bada eta hain trakets ibiltzen da ezen konkorduna baitirudi. Kraka urdinxka batek hartzen dio lepoa, lepokoa daramala iruditzeraino. Gainera, usain itsusia du. Horrelakoxea da Axenario, Jules Renard idazle frantziarraren izen bereko liburuko protagonista.
Orain arteko hau gutxi balitz, senitartekoak ere ez zaizkio makalak egokitu mutikoari. Anaia nagusi Felix eta arreba Ernestina, bera laguntzeko baino bere kontura barre egiteko jaioak direla dirudi. Lepic jaunak, aitak, asko maite omen du baina ez dio inoiz kasurik egiten, beti denbora-pasa lanaren aitzakian. Eta, okerretan okerrena, ama, Lepic andrea. Semea maite ez duen ama krudel eta inbidiatsua. Mari Nanette zaharrak hala aitortzen dio Axenariori liburuko memento batean: “pena ematen didazu, ume, iruditzen baitzait bizialdi latza ematen ari zaizkizula”.
Horiek horrela, Axenario izeneko mutikoaren inguruko gorabeherez arituko zaigu Renard liburu honetan: haurtzaroaz, familia harremanez, bizitzak eskaintzen dizkion irakaspenez. Itziar Otegi itzultzaileak prestatutako sarrera-oharrek argitzen diguten bezala, bi ekarpen egin zituen Axenariok literatura unibertsalaren historiarako: batetik, ume zintzoaren figura hankaz gora jarri eta haurraren irudia eta trataera “guztiz eraberritu” zituen. Eta bestetik, garai hartarako nobela batean berritzaile zen egitura bat aurkeztu zuen, nobela tradizionalarekiko “erabateko haustura” suposatu zuena.
Renardek, 1894an, seme aingeru eta ama maitagarriaren arteko erlazio idiliko oro hautsiz, seme eta ama doilorraren figurak sortu zituen. Garai hartan figura berritzaileak izan zirenak egun ez zaizkigu hain berriak egiten, ohituak gaude horrelakoetara. Baina liburuko pertsonaiak oso ongi daude karakterizatuak eta horrek joko handia ematen dio narrazioari. Axenariok, amak eta aitak osatzen duten hiruki horretatik sortzen diren tirabirek uzten dituzte liburuko unerik bikainenak. Pasarte labur bat besterik ez kontakizunaren tonua harrapatzeko: “Lepic andrea: Axenario, erantzun ezazu galdetzen dizutenean. Axenario: Bbai, abbatto. Lepic Andrea: Behin baino gehiagotan esan dizut umeek ez dutela inoiz hitz egin behar ahoa betea dutela”.
Egiturari dagokionez, liburua istorio labur ugariz osatua dagoela esan behar. Korapilo bati jarraitu ordez, istorio txiki asko bata bestearen segidan jarri zituen Renardek, guztiek ere Axenario pertsonaia dutelarik protagonista eta erdigune. Ondorioz, ipuin bildumatik gertuago dagoen egitura eman zion, literaturaren historia finkatu dutenen arabera, le roman eclaté edo zatiz osatutako nobela sortuz. Hainbat pasartetan, gainera, antzerki lanen egitura hartzen du narrazioak: elkarrizketa hutsak, parentesi arteko testuinguru eta guzti. Aurreko paragrafoan idatzitako pasartea edota “Antzerki-kolpea” kapitulua horren adibide.
Jules Renardek bere “Journal” egunkarian aitortu zuenez, haurtzaroko oroitzapenetan oinarritua dago Axenario. Lehentxeago ere esan dugu: adituen arabera, umearen figura eta egitura berritzaileak dira azpimarratzekoak. Gaur egungo irakurlearentzat, ordea, idazle frantziarrak muturrera eramandako pertsonaien izaeren arteko talkatik sortzen dira liburu honetako pasarterik bikainenak, egiturak egitura.
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro
Erroen izerdia
Jone Bordato
Mikel Asurmendi
Zerua hemen
Oihana Arana
Maddi Galdos Areta
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi