kritiken hemeroteka

8.799 kritika

« | »

Ecce homo / Laura Mintegi / Txalaparta, 2006

Oraindik ere, “cogito, ergo sum”? Iratxe Retolaza / Berria, 2006-04-25

Laura Mintegiren ibilbide literarioa ipuingintzari loturik abiatu bazen ere, berehala nobelak idazteari ekin zion, eta gaurdaino eleberrigile-jardunari eutsi dio. Eta baita orekatsu eutsi ere, lauzpabost urtetik behin nobela bat kaleratu baitu. Hortaz, lehen nobela argitaratu zuenetik (Bai… baina ez, 1986) hogei urte igaro diren honetan, haren bosgarren nobela kaleratu berri da: Ecce homo.

Mintegik berriro ere nobela gogoetarako espazio bilakatu du. Eta gogoeten gailentzeak Mintegiren eleberri gehienetan honako ezaugarri hau ekarri du: narrazioaren elementu gehienak (pertsonaiak, ekintzak eta abar) hausnarketarako aitzakia besterik ez izatea. Ondorioz, haren eleberrietan narrazioa tenka eskasekoa da, eta narrazioaren elementuak sakontasun gutxikoak. Izan ere, jakin-mina gertaeren korapilatzeek piztu ordez, gogoeten harilkatzeek piztu ohi dute. Eta nire ustez, nobelagile honen gaitasunik aipagarriena hausnarketarako joera horretan datza. Are gehiago, lehen eleberritik nabarmendu den gogoetarako joera hori indartu egin da eleberriz eleberri.

Bestalde, eleberri gehienetan gogoetagai nagusi bati heldu dio: giza-harremanei. Eta giza-harremanak jorratzerakoan estu-estuki harremanetan agertzen dira afektuari dagozkion loturak (maitasuna), eta gizarte mailako loturak (politika). Eleberri honetan ere joera horri heldu dio: batetik, Jose eta Begoñaren arteko adiskidetasun eta maitasunaren berri ematen digu (Jose eta Begoñaren bakarrizketak tartekatuz osaturiko lehen narrazio-maila batean), eta bestetik, Urdaibain eraiki nahi den zubi baten inguruko gorabeherak dira kontagai (pertsonaien gogoeten bitartez, baina narratzaile batek gidaturiko bigarren narrazio-maila batean). Bigarren narrazio-maila honen bitartez, politika-jardunean izaten diren giza-harremanez gogoetatzera jotzen badu ere, generoen arteko hartu-emana da eleberri osoa biltzen duen hausnarketagai nagusia. Are gehiago, nire ustean, eleberri honek helburu nagusi hau du, zehazki: gizonezko/emakumezko dikotomia irauli nahi, eta beste bat sortu nahi du, arra/emea dikotomia, alegia. Eta are gehiago, emetasuna politika egiteko jarrera batekin lotu: “Ez diot emakume jaio behar denik, baizik eta eme-baloreekin jokatu politikan, ahularekin arduratu, bidegurutzeetan intuizioari jaramon egin, (…), inoren larruan sartzen ahalegindu, entzuten jakin, norberaren buruarekin ahaztu eta albokoari begiratu interes berekoien gainetik. Gizon edo emakume jaio, horixe emea izatea. Horixe da ezkerra” (224. or). Hartara, orokortze eta ikuskera dikotomiko bat saihesteko asmoz, beste orokortze eta ikuskera dikotomiko bat proposatu da. Eta nik neuk orokortzeko joera honetan ikusten dut eleberri honen punturik ahulena. Nahiz eta zenbaitetan pertsonaiek orokortzeak egiteko duten joera hori sinesgarri izan (gustuko izan gabe ere, gizakiok joera hori badugulako), nire ustez, ez du asmatu eleberrian jorratzen den gaiaren eta gai horren tratamenduaren arteko orekan eta uztartzean. Azken batean, eleberri honetan eme-balore horien aldeko aldarria egin nahi da, egoki ulertu badut, behintzat (ecce homo-tik ecce muliere-rako ibilbidea). Baina, eme-balore horiek goraipatzeko eta laudatzeko, une oro arraren baloreak darabiltzan diskurtso eta narrazio-moldeari eutsi zaio: bestearen ahotsari urtu gabeko pentsamenduak, arrazoiak gidaturiko diskurtsoa, dikotomia eta topikoz blaituriko mundua… Mintegik bere aurreko eleberrian, Sisifo maite minez-en, oso egoki uztartu zituen gogoetagaiak eta haien trataera, orekatu eta trinkoago; baina oraingo honetan ahulago ibili delakoan naiz.

Azken kritikak

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Erroen izerdia
Jone Bordato

Mikel Asurmendi

Zerua hemen
Oihana Arana

Maddi Galdos Areta

Odisea
Homero

Aritz Galarraga

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

Hedabideak