kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Gorputzeko humoreak / Angel Erro / Alberdania, 2005

Ut traditionis et transgressionis Iratxe Retolaza / Berria, 2006-03-28

Angel Errok bere bigarren poesia liburuan, Gorputzeko humoreak, lehen liburuan (Eta harkadian ni, 2002) harturiko tradizio literario (neo)klasikoari heldu dio berriz ere, baina baita tradizio horren / horien zirrikituetan harrigarriro sakondu ere.

Lehen bilduma hartako ni poetikoa Arcadiatik (hobeto esanda, harkadiatik) mintzatu zitzaigun. Belaunaldi berriko (halako murrizketak zilegi bekizkit, irakurketa llabur honetan) euskal poeta batek Arcadiaranzko / harkadiaranzko bidaia proposatzeak ezustean harrapatu zuen euskal irakurlea. Ezusteko hau izan zen kritikarien artean gehien hanpatu zena; jada tradizio klasiko(ar)en uretan murgilduriko poeta berri bat izan bagenuen. Alabaina, belaunaldi berriko poeta gehienak aurreko belaunaldiko poetek harturiko bide estetikoetan barna abiatu izan dira: dela 60ko poesia sozialaren bidetik, dela 70eko abangoardiaren arrastoan, dela 80ko esperientziaren poesiaren magalerantz. Izan ere, molde eta gai klasikoen erabilera ez da berria gure literaturan (hortxe ditugu, 36ko gerraren aurreko Eusebio Maria Azkue, Arrese Beitia, Orixe eta beste, zein gerra ondorenean, Juan Mari Lekuonaren poesia eta beste), baina bai ia belaunaldi oso batek bazterturiko bidea.

Nolanahi ere, garai honetan euskal literaturan ezohikoa den literatur tradizio baten bidea hartu izanak badakar arriskurik: batetik, Erroren poesia soil-soilik eredu klasikoekiko harremanetan irakurtzea, ereduekiko estu-estu; bestetik, tradizio honen ezagule ez dena erreferentzietan galtzea. Akaso, arrisku hauetaz oharturik, eta garaiko poeten artean ezohikoa zen bidea hartzera zihoala oharturik-edo, Angel Erroren lehen poesia liburu hura, funtsean, autopoetika izan zen, irakurleoi haren sorkuntza kokatzeko keinuz josia. Dagoeneko zer esana eman duen (eta emango duen) lelo batean bil litekeen autopoetika da: “oro errana da, baina ez nik”. Lelo honetan maisuki biltzen dira tradizioaren aurkia eta iruntzia: memoria eta eredu literarioak (“oro errana da”), eta transgresioa edo urratzea (“baina ez nik”).

Azken batean, Erroren poemak irakurtzean bere esateko modu horri erreparatzea komeni da, tradizioaren urratze iradokitzaile eta esanguratsu horien jabe egingo bagara. Are gehiago, tradizio (neo)klasiko horren erreferentziak hari garrantzitsua dira, baina ez bakarrak, eta horregatik, haren ezagule ez direnek ere topatuko dute haren poesia liburuetan zer gozaturik. Eta bereziki bigarren poesia liburu honetan tradizio neoklasikoaren erreferentziak (Walkington, Michelangelo, Poliziano eta abar) beste hainbat tradizio literariorekin gurutzatzen dira: ahozko euskal literatura (Mikel Laboa), euskal literatura klasikoa (Bertrand Zalgiz, Axular), Europako abangoardiak (cadavre exquis), kultura politikoa (eta haren lelo zenbait), telebistako kultura (Jessica Fletcher), sareko kultura (google), pop kultura (Nosoträsh, Brubeck) eta abar. Izan ere, tradizio klasiko hertsiak ez bezala, Angel Errok kultura jasoaren eta herri kulturaren arteko bidegurutzean sortu ditu bere poemak, klasizismoa berrirakurtzeko estetika eta poetika berri bat proposatuz, egungo ikuskera eta garaiari egokituriko berrirakurketa eginez.

Eta harkadian ni liburuan autopoetika nagusi bazen, bigarren poesia liburu honetan, aldiz, epikaren poetika berri bat sortzeko ahalegina nagusitzen da. Mundu ikuskera berrietarako epika berri bat, epikaren poetika zaharra urratuz eta gaurkotuz, eta nolabait, euskal gizarteari ere epikarako poetika berri bat proposatuz.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak