kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Ezkatak / Leire Bilbao / Susa, 2006

Buia itsaso erdian Aritz Galarraga / Gara, 2006-03-25

Metafora erraz bat erabili dut kritika honen izenbururako. Metafora erraza, erraz identifikatzen delako, esan nahi dut. Gainera, aitortu beharra daukat, ez da niri bururatutakoa, Leire Bilbao beraren liburuaren orrietan barrena aurkitu baitut. Garrantzitsua da oso izenburu egokia aukeratzea. Kritika batena edota liburu batena, berdin dio. Ez dakit nori irakurri nion izenburuak liburuaren %80 balio duela eta arrazoi osoa ematen diot. Zenbat hala-moduzko lan ezkutatuko ziren titulu txukun baten atzean eta zenbat liburu baleko geratuko ziren irakurri gabe izenburu kaskar baten madarikazioz. Ezkatak jarri dio Leire Bilbaok bere lehen literatur lanari. Izenburua iradokitzailea ez denik ezin esan. Baina hasierako usteari kontra eginez, liburuko poemok beste zerbaitez hitz egiten digute: gizakien ezkatei buruz, pertsonen azalari eta larruari eta esperientziei buruz, gizabanakoen arteko gorabeherei buruz. Hartu bestela liburua irekitzen duen poemaren lehen hiru lerroak: “Badira / emakume azalak / ezkata usaina baino itsaskorragoak”.

Irakurri ohi dizkiot Leire Bilbaori “Berria” egunkarian idazten dituen zutabeak eta ez nuen imajinatuko testu horien eta poema hauen arteko amildegia hain nabarmena izango zenik. Ados, generoak ere arrunt diferenteak dira, ez dute zerikusirik. Baina zutabe poetikoak idazten dituen jendea egon dagoen bezala, poema narratiboak idazten dituen jendea ere badago. Bilbaoren zutabeek narrazio labur bat eskaintzen digute astero, astero pertsonaia anonimo batetik abiatzen dira istorio jakin bat kontatzeko. Ezkatak liburuko poemak, ordea, bestelakoak dira, gutxi dute istorio konkretuen kontaketatik. Oro har, lehen eta bigarren pertsona gramatikalaren arteko elkarrizketa moduko bat dago poemotan. Norbera nor den asmatzen saiatzeko bilaketak eta lehen pertsonan idatzitako testigantzak: “loaren erresumina daukat”, “utzidazu nigan sartzen”, “odolez zikindu ditut atzamar puntak”. Argigarria da puntu honetan Inboluzioa izeneko poeman erabili den Fernando Pessoaren aipua: “Nola ezagutu naiteke gaur / atzo ezezagutu nintzena?”. Hala ere, hirugarren pertsonaren presentzia nabarmendu egiten da liburuko zenbait pasartetan. Hirugarren kapituluan, batez ere: “Ireneri ez dio min egiten beste inoren minak” edota “azal geruza bat falta zaiola esaten du berak”.

Hizkuntzaren legeak haustera ere jolasten diren poemak aurkitzen ditugu Ezkatak honetan, Ezer barik izenekoan adibidez: “Ez daukat ezer, ez naukat / Ez daukazu ezer, ez zauzkazu / Hartu ahal nauzu, har zaitzaket / Ezer barik jarrai dezagun”. Emakumetasunaz mintzo direnak ere bai: “Odoletan nago baina ez naiz emeago sentitzen”, “min egiten didate titiburuek”, edota Emasabela poemako “umetu gura nuke, / bizi mina sumatu, /erdibitu barik erditu?”. Eta baita nolabaiteko kresala usaina gogora ekartzen dizkigutenak ere: “badira / arrainei beraiena bailitz burua kentzen dieten / emakumeak”, “aita ur handitan zegoela / apurtu zituen amak urak”.

Buia bat itsasoaren erdian begitandu zait Leire Bilbao idazle gaztearen estreinako poema bilduma hau eta izenburu hori jarri diot kritika moduko honi. Literaturaren itsasoan, ur gainean hondora egin gabe mantentzen den olerki liburua iruditu zaidalako, olatuen joan-etorriei duin eusten dien buia poetikoa. Ez naiz aritu idazlearen gaztetasunaz, ez eta estreinako lan baten balizko gora-beherez, bere kasa eta esfortzu berezirik egin gabe ur azalean kulunkan ari den buia bati buruz baizik.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak