« Bonoboen antzera | Sargazoak »
Estilo-ariketak / Raymond Queneau (Xabier Olarra) / Igela, 2006
“Oulipo” delakoa, azkenik gure artean Manu Lopez Gaseni / Deia, 2006-02-14
Raymond Queneau (1903-1976) idazle frantziarra OULIPO (Literatura Potentzialeko Lantegia) izeneko mugimenduaren sortzailea izan zen, 1960an, François Le Lionnaisekin batera. Gerora, Jaques Roubaud, Georges Perec eta Italo Calvino ere oulipokide ospetsuenetako batzuk bihurtuko ziren. Taldearen helburu nagusia hertsadura (“constriction”) edo baldintza zorrotzen pean era askotako testuak sortzea zen. Testu bakoitzaren gidari gisa, hortaz, arau jakinen bat agertzen zen. Batzuetan, arau hori formula matematiko bat zen (Queneau bera matematikoa izaki, idatzi zuen lehen testu oulipoarra “Ehun bilioi poema” izeneko poema konbinatorioa izan zen); beste batzuetan, berriz, baldintza ustez sinpleak, hala nola, eleberri oso bat idaztea “e” letra erabili gabe, edota testu jakin bateko hitzen ordez hitz horien definizioak erabiltzea. Hala, testu literarioen behinbehinekotasuna azpimarratzen zen, eta literaturaren zentzu transzendentala baztertzen: literatura jolas gisa ulertzen zen, surrealismoaren urruneko oihartzunak lagun.
Oraindik orain aurkeztu den liburua Queneauren obra ezagunenetako baten itzulpena da: “Estilo-ariketak”. Bertan, gertaera hutsal baten kontakizun laburra aitzakia eta abiapuntutzat harturik, testuaren 98 aldaera agertzen dira, arestian aipatutako “hertsadura” banari jarraituz. Hertsadurok, gehienetan, baliabide literarioak dira, non eta literatur txantxatxoak ez diren. Literaturari buruzko literatura da, edo, Gerard Genette literatur teorian adituak sortu zuen terminoa erabilita, bigarren graduko literaturaren katalogo oso bat. Obra bitxia edo bakana baino, obra bakarra dela diosku itzultzaileak hitzaurre argigarrian. Alde horretatik, dituen ezaugarri bereziak direla medio, iniziatuentzako obra dela ohartarazi behar dugu. Eta, arrazoi beragatik, literaturzale diren guztiak zorioneko daude, literaturaren harribitxi hau euskaraz irakurtzeko aukera dutelako.
Euskaraz ez ezik, frantses jatorrizkoan ere, edizio bestela ere ederra elebiduna delako, eta hori ere eskertzekoa da. Atarian daraman hitzaurrea ezinbestekoa da halako obra berezi baten atzean dagoen gogoeta teorikoa ulertu ahal izateko, baina aukeran trinkoegia; logo-rallye, definiziozko literatura edo S+7 kontzeptuak ondo azaltzeko toki gehiago behar zelakoan bainago. Xabier Olarra itzultzailearen lana, azkenik, egokia eta txalotu beharrekoa da, halako erronka bat onartu eta ederki erantzuteagatik.
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi
Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda
Maialen Sobrino Lopez
Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola
Mikel Asurmendi
Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras
Joxe Aldasoro