kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Etorkizuna / Iban Zaldua / Alberdania, 2005

Bonoboen antzera Aritz Galarraga / Gara, 2006-02-11

Gauzak modu objektiboan jartzen saiatzen gara, ezinezko eginkizuna dela jakin badakigun arren. Zergatik nardatu nau hainbeste atzo ikusitako pelikulak? Zer dauka entzuten ari naizen abestiak nire baitan zerbait mugiarazteko? Nola esplikatu sentsazio hau edo hura? Bazkalosteko telebista-dokumental horietako batean izan nuen orain gutxi Bonobo txinpantzeen berri. Mitoak mito, primate hauek barne gatazkak harreman sexualen bidez konpontzen dituzte eta, ondorioz, espezie kideekin izan ditzaketen lehiak modu atseginean askatzen dituztela esan daiteke. Nik ere txinpantze horien antzera testosterona maila baxua izango dut akaso, baina testu-irakurle arteko lehia honetan Bonoboen antzera sentitu naiz, askotan ez bezala, atsegin hartuz. Galdera beraz, hauxe da: zergatik gustatu zait hainbeste Iban Zalduaren azken ipuin bilduma? Irakaspenik ezartzeko inolako borondaterik gabe, saiatuko naiz ulertzen zerk hunkitu nauen eta kritikoarena egingo dut behingoz, liburua irakurri eta aztertu ondoren nire iritzia eman.

Pellokeria irudi lezake, baina liburu honetako ipuinak, beste ezer baino lehen, ipuin dira. Ipuin, Julio Cortazarrek ulertzen zituen moduan: “nolabaiteko tentsioa mantentzen duen kontakizun bat da ipuina, irakurlea harrapatzeko eta, ia halabeharrez, irteera edo bukaera batera eramateko gaitasuna duena”. Cortazarren ezaugarri hauek, hau da, tentsioa eta bukaerara halabeharrez eramaten zaituen idazkera, bete-betean kunplitzen dituzte Zalduaren ipuinok. Hala ere, narrazio batzuk besteen gainetik daudela esatera ausartuko naiz. Ipuin luzeak ez zaizkit hain borobilak egin (“Fabrikarena edo a, e, i, o, u” edota “Aurpegia”), txukunak dira bai, baina ez liburuko gauzarik aipagarriena. Iruditzen zait motzetan eman duela Zalduak bere narratibaren mailarik onena, bizpahiru orrialde betetzen dituzten kontakizunetan. “Adulterioa”, “Gargantuarena”, “Udako bidaia” edota liburuari izenburua ematen dion “Etorkizuna” testuetan erakusten da generoaren menperatzea, Cortazarrek aipatzen zituen ezaugarriez gain, ironia eta amaierako sorpresa efektuaren erabileragatik.

Iñaki Aldekoak bere “Historia de la literatura vasca” saioan, eguneroko bizitza, fantasia eta metaliteraturarako joera azpimarratzen zituen Zalduaren prosaren ezaugarri nagusitzat. Etorkizuna ipuin sorta honetan lehen biak nabarmentzen dira bereziki, eguneroko errealitatetik eta fantasiatik (edo hobe, zientzia fikziotik) edaten baitute testuek. Egunerokoaren erakusgarri, “Sofarena” ipuin bikaina nabarmenduko nuke, Cesc Gay zine zuzendariaren “En la ciudad” filma gogorarazi didana. Ipuinean, aipatu pelikulan bezala, pertsonaiak esaten duena baino esaten ez duena da garrantzitsuagoa eta bikote harremanez serioski jarduteko bide egokia aukeratu du Zalduak: umorea. Zientzia fikzioaren eremuan dabiltzan testuen artetik, berriz, “Konponbidea etxebizitzaren arazorako” ipuinak islatzen du joera hobekien, etorkizunera eta iraganera egiten diren jauzi kronologikoek eta fikzio futuristak markatutako joera.

Etorkizuna liburuko kontakizun gehienek badute elkarlotzen dituen hari komun bat: eszenatoki bezala, testuinguru politiko batean garatzen dira ipuinok, lehen zein bigarren plano batean. Eskola baten aurrean zartarazitako bonba, senidea bisitatzerakoan hildako ama, maiatzaren leheneko manifestazioa. Zalduak errealitatea eta fikzioa erabili ditu, testu motzak eta luzeak, denboran aurrera eta atzera egin, baina hemen eta orain idazten duen idazlea dela erakutsi du beste behin.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak