« Hiriaren Sinfonia | Aniztasuna »
Auzoak / Urtzi Urrutikoetxea / Susa, 2005
Bilboko erlauntza Igor Estankona / Deia, 2005-07-12
Portugaleteko itsasadarra Bilboko itsasadarra da honez gero. Auzuneen mugak lausotu egin dira eta euren buruaren kopien kontran hasi eta bukatzen dira. Inguruko herriek, ostera, gero eta auzune antz handiagoa dute; eurak ere diluitu egingo dira denborarekin. Nortasun propioa zeukan eremu oro “Bilbotartzen” ari da, kontzeptua zabaldu egin da, luzatu Santurtziko porturaino. Kokoak zuloa utzi du eta itsaso-gose da.
Urtzi Urrutikoetxearen Auzoak ezin zitekeen garai hobean etorri, berretsi eta berregin biak batera egin behar diren garai nahasiotan. Erraz ahaztuko ez dugun argazki sorta eder bat utzi digu ipuin liburu honetan. Auzunea —lekua— eta auzoa —biztanlea— kontzeptuen artean sortzen den nahaste sotila profitatuz beharbada, geografia fisikoaren eta sozialaren ertzetan ibili da Santutxuko idazlea, gustura, goitik behera menperatzen duen giza-eremuaren gainean fikzio lehorra eginez, fikzio erreala.
Auzoak, ordea, ez da errealismo existentziala. Ez da ari gure kondizioaz, ez bizimoduaz, ez portaeraren kausetaz. Bilborenganako errespetu larregizko batek asmo hori mantsotu duela esango nuke. Kontakizuna gutxitan galtzen da hausnarketan, inoiz faltan ere botatzen da metafisika apur bat, begi-bistakoaren gainetik legokeen kritika apur bat, eskatzen hasita.
Protagonista bako liburua da honakoa. Hezur haragizkoa den Bilbo dakusagu erdi-erdian, hots, handik pasatutako bakoitzaren hezurrak eta haragiak mamitzen diren lekua. Inmigranteek, burgesek edo industriako beharginek egiten duten Bilbo, bertan bizi barik ere bizi daitekeena, eta bertan bizita ere batzuk guztiz bizi ez dutena. Akzioaren puntu jakin batean hartu eta uzten ditu Urrutikoetxeak. Pausurik pausu bizitza kontatzen da hemen, gupida erabili barik, edo tragedian birkreatu barik, galdetu barik erleak zoriontsuak diren guztiz, edo apur bat, edo bat ere ez.
Horixe, funtsean: euretaz eta hiriaz zer edo zer gehiago jakiteko gogoz gelditzen da bat, sakontasun egarriz. Gezurra zein egia izan, tesi baten esperoan. Etorkizuna gaur hasten dela eta formarik ez daukala aditzera ematen duten ipuinak —“Basurtuko erietxean”en gisakoak—, horiek dira irakurlea asebete dezaketenak.
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Peru Iparragirre
Lera
Castillo Suarez
Maialen Sobrino Lopez
Hezitopia
Nora Salbotx
Joxe Aldasoro
Atzerakarga
Fermin Etxegoien
Asier Urkiza
Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea
Aritz Pardina Herrero
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Mikel Asurmendi
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez