kritiken hemeroteka

8.500 kritika

« | »

Kristo fusilarekin / Ryszard Kapuscinski (Amaia Apalauza Ollo) / Katakrak, 2019

Literatura non Joannes Jauregi / Berria, 2020-01-26

Ryszard Kapuscinskiren Kristo fusilarekin liburuaz hitz egiterako, baliteke eztabaidagarria izatea ea kazetaritza-lan batek literatura-kritika bat merezi duen. Ez ote den okerra literaturaren hegitik aztertzea funtsean kazetaritzaren kodeak darabiltzan testu (-bilduma) bat. Eta bat netorke, baldin eta Kapuscinskiren sen literario nabarmena apaindura soil bat balitz, kazetaritzaren zerbitzura dagoena. Aitzitik delakoan nago ni neu: Kapuscinskiren ahal literarioa beregaina da, eta liburu honek literatura gehiago du beste makina bat nobelak eta poema-sortak baino.

Oroz gain, Kapuscinski idazle bikaina dugu, iaioa erregistro mordoa josten bere kronikei, zeinak, gatazka-eremuetan girotuta daudenez (Palestina, Latinoamerika eta Mozambike dira liburu honetan, guztiak 1970eko hamarkadaren inguruan), mihise emankor bat ematen baitiote egileari, literaturaren kolorez pinta dezan kazetaritzaren jarduna. Erregistro ugari horiek hain daude literaturaz josiak, non ia-ia genero beregainak osatzen baitituzte kazetaritza-kronikaren barruan. Halatan, Kristo fusilarekin osatzen duten hamar testuetan ia oharkabez leitzen da literatura, eta, ohartutakoan, ezin saihestuzkoa da atzera egitea, behar bezala erreparatzeko Kapuscinskiren dohain literarioei.

Esate txiki baterako:

Fedajinak. Lehen erreportajearen bigarren orrian bertan, Kapuscinskik obus batzuen txikizioa deskribatzen digu, bi elementu azpimarratuz, haietako bat poetikoki ezohikoa: adobezko etxola birrinduak eta laranja-kamioi irauli bat, zeinak “urre-koloreko zuku-erreka urrintsuak” isurtzen baititu kalean behera.

Gurutze-bidea. Kapuscinskik analisi politiko ezinago sakon (nahiz apur bat kamuts) batean murgiltzen du palestinar-kuadrilla baten elkarrizketa; zati horrek antzezlan batetik edo Eric Rohmerren film batetik aterea dirudi.

Golango gainetako gudua. Halako batean, testua ia prosa poetikoan urtzen zaigu, eta metafora bizi eta eder batean biltzen: Damaskon, haurrek fedajin soldaduen botak garbitzen dituztelarik jasotzen dute gerraren berri. Botak lohituta badaude, gudua latza izan da, eta bustiak, berriz, elurretan ibiliak dira. “Botak, gerraren mezulariak”.

Kristo fusilarekin. La Pazeko soto ilun batetik, bat-batean, kazetariak lehen pertsonako suspensezko ipuin itogarri bat ekartzen du kronikara, Boliviako junglako espedizio etsi eta eldarniozko bat kontatuz narrazio-pultsu tinko eta bizi batekin.

Zergatik hil zuten Karl von Spreti. “[…] Guatemalako errepublika zoritxar handi baten erdian sortu zen”. Liburuan hats luzeena duen erreportajean, Kapuscinskik fokua urrutiratu, eta narrazio historikoaren leihotik erreparatzen dio Guatemalaren patu zoritxarrekoari.

Guevara eta Allende. Atal oso bat bi pertsonaiaren karakterizazio hutsari eskainia.

Horra hor Kapuscinskiren sen literario askotarikoaren ogi-papur batzuk, askoz ere gehiago direnak liburu osoan. Papur horiei segika, bistakoa da kazetariaren begiak eta idazlearen lumak ez diotela enbarazurik egiten batak besteari, eta literatura ona egin daitekeela baita literatura egin gabe ere.

Azken kritikak

Baden Verboten
Iker Aranberri

Asier Urkiza

Diesel
Bertol Arrieta

Nagore Fernandez

Maitasuna eta dirua, sexua eta heriotza
Mckenzie Wark

Jon Jimenez

Basokoa
Izaskun Gracia Quintana

Joxe Aldasoro

Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart

Gorka Bereziartua Mitxelena

Ez-izan
Jon K. Sanchez

Aiora Sampedro

Pleibak
Miren Amuriza

Jon Jimenez

Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien

Asier Urkiza

Oroi garen oro
Beatriz Chivite

Nagore Fernandez

Jakintzaren arbola
Pio Baroja

Aritz Galarraga

Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi

Hasier Rekondo

Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga

Mikel Asurmendi

Baden Verboten
Iker Aranberri

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

2024(e)ko abuztua

2024(e)ko uztaila

2024(e)ko ekaina

Hedabideak