kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Mugi/atu / Beatriz Chivite / Pamiela, 2019

Aldian behin hartzeko pilulak Aiora Sampedro / Berria, 2020-01-26

Joan den hilabetean museo bat bisitatu nuen lagun batekin. Arte garaikideko museo bat, ready-made artefaktuak eta koadro espresionistak tartean-tartean gurutzatzen diren horietako bat. Ready-made arte eraikuntza postmoderno horietako bat museoko sabaitik zintzilik jarritako koloretako mâché paper hari batzuek osatzen zuten; halako batean, bikote maitemindu bat obraren erdira sartu, eta museoa bisitatzen zebilen beste turista bati eskatu zioten, oroigarri gisa, argazki bat ateratzeko. Laguna eta biok eztabaidan aritu ginen tarte batez, pasartea obraren desakralizazioaren adibidetzat, edo are heriotzatzat, har zitekeen adostu ezinik. Kontua da Beatriz Txibiteren poema-bilduma hau irakurtzean egoera hura gogoratu dudala, artefaktuaren eta gizakiaren arteko muga lausotzen delako.

Idazle nafarraren lanean, lehen begiradan, aparteko aipamena merezi du Pamiela etxearen edizio lanak, Txibitek berak moldatutako irudiekin atondua. Autoreak poemen artean han- hemen txertatu dituen irudiek hitzak osatzen laguntzen dute, behin eta berriz agertzen baitira gizakiaren eta inguruaren arteko haustura, forma desordenatuek eta irudi etenek ordezkaturik.

Mugi/atu deitzen da Pamielak argitaratu duen Txibiteren azken poema liburua. Izenburuak aditzera ematen duen gisan, mugimenduarekin eta hura saihesten dutenekin du zerikusia lanaren osotasunak. Argitaletxeak kontrako azalean azaltzen du egileak 2016tik aurrera Eslovenian mugei eta migrazioei buruzko egitasmo poetiko baten harira egindako egonaldi baten emaitza dela lana. Horixe izango da liburuko pieza gehienek jarraituko duten ildo nagusia, bata bestearen alboan agertuko dira askotan munduan barrena dabilen lehen munduko hiritarra eta besterik ezean emigratzera behartuta dagoena.

Mugatzeari loturik agertuko dira mugimendu mota horiek, berdintzen dituena baino handiagoa delako bata bestearengandik aldentzen dituena (Zu ni bezala, Zuen ni-ak olerkiek igartzen duten moduan); horrela, ahots poetikoa bidaia introspektibo batera abiatuko da, kanpoaldeko egunerokotasuneko egoerak ikuskatu eta aztertzetik, hausnarrean, begirada bere baitara bilduko du, eguneroko une intimoetan murgiltzeraino. Hartara, Mediterraneoan itotzen ari diren migranteei egindako poema batetik, ahots poetikoa lehen pertsonan goizean goiz egindako moto bidaia bat kontatzera igaro daiteke.

Argitaratu dituen lanetan Mugi/atu laugarren alea izanik, antzematen zaio poetari aurreko lanetan obsesionatzen duten motiboen agerpena honetan ere bai: harremanen hauskortasuna, etengabeko bidaia, hiriaren presentzia… Aurreko lanen bidetik jarraitzen du poemen eraikuntza formalak ere; laburtasuna dateke bertso-ahapaldien ezaugarririk behinena, nolabaiteko hustasuna gailentzen dela hizkien artetik, poetarentzat isiltasuna hitzak baino presenteago balego bezala.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak