« Azala berritzearen bluesa | Literatura non »
Aitaren etxea / Karmele Jaio / Elkar, 2019
Fikzioaren ahotsak Iratxe Esparza / Gara, 2020-01-25
Karmele Jaiok idatzitako nobelan Ismaelek, Jasonek eta Libek espazioa partekatzen dute eta hiruren sentimenduak txirikordatzen dira, lehenengo biek garrantzi handiagoa izan arren, Ismaelek, bereziki. Idazlea da Ismael eta argitaletxearen epeak betetzeko estu dabil, idazteko gaitasuna ia galdua, hasi berri duen eleberriaren protagonistaren ahotsa harrapatzerik ez dagoelako. Gaztetako amesgaiztoez gain, inguruan jazotzen ari diren emakumeen kontrako gertaera bortitzek ere oztopatzen diote sortzeko prozesua; ondorioz, krisi pertsonala areagotzen da. Jasone, ordea, senarraren (Ismaelen) itzalpean bizi da, haren testuak zuzentzen eta mamitzen. Bestea izan da bere existentziaren arlo guztietan, emazte fina, alaba zaintzailea, ama konfidentea. Ismaeli ez bezala, gaztetako ametsek esnatzeko ordua heldu dela gogorarazten diote; irakurketa talde feminista batean parte hartzeak, gainera, emakumea ahalduntzen du eta aspalditik zokoratutako ohitura berreskuratzen doa: idaztea. Hala, urtetako isiltasuna testu bihurtzen da eta, prozesu terapeutikoa izango balitz bezala, hitzek barneko korapiloak askatzen dituzte.
Dudarik gabe, Karmele Jaiok bi pertsonaia horien barnekotasuna islatzen duten ahotsek talka egitea lortzen du. Horretarako, bien oroitzapen eta hausnarketen bidez, irakurlearekiko gertutasuna errazten duen tonua erabiltzen da. Ismaelen kasuan, “zu” bigarren pertsona gramatikalak irakurlea barnean du eta, aldi berean, kanpoko pertzepzioei lotuta dauden protagonistaren isilpekoak, irudiak eta sentsazioak azaltzen ditu. Jasoneren ahotik, aldiz, intimotasuna lehenengo pertsonaren erabilerari esker entzuten da, bere esperientziak eta egonezinak kontatzen ditu eta aitortzak hartzailea erabat astintzen du. Bi ereduek testuko emozioen espiralera hurbiltzen dute irakurlea, interpelatzen dute etengabe istorioan inplika dadin; beraz, Ismaelek eta Jasonek sentitzen dutena abantailaz ezagutzen du senar-emazteak elkarrengandik urruntzen doazen heinean. Pentsa liteke errealitate globalak pertsonaien berezitasunetan biltzen direla; batetik, Ismaelek (gizonezkoek) pairatzen dituen aldaketak eta kontraesanek protagonistaren maskulinitatea jartzen dute zalantzan eta, horrekin batera, herentziaz errepikatzen diren produkzio, botere eta afektu harremanak. Bestetik, Jasonek (emakumezkoek) jasandako desabantailak, gutxiespena eta arauz bete beharreko rolak estrukturalak direla agerian uzten da.
Horiez gain, dagoeneko aipatu dut hirugarren pertsonaia bat badela; Libe du izena eta Ismaelen arreba eta Jasoneren laguna da. Agian, bikotearen harremanaren arteko zubi lana egiteko helburuarekin, edota neska edo mutila izateak etxe barruan dakartzan desberdintasunak islatzeko, hiru atal eskaintzen zaizkio eleberrian; edozelan ere, aitortu behar dut ez nauela guztiz ase eta ez diodala pisuzko bereizgarririk topatu. Ismaelen eta Jasoneren makulua izan liteke, baina mamia galduko luke istorioak Libe pertsonaia baztertuz gero? Ezetz esango nuke, mezua berdin helduko litzaigukeelakoan nago. Aldi berean, hasieran eta garapenean zehar transmititzen den tentsio maila arinegi jaisteak zein trama nagusia eta testuan ireki diren hariak presaka konpontzeak zapore gazi-gozoa ere utzi didate. Xehetasunak xehetasun, Ismaelek eta Jasonek irakurleari nola hitz egiten dioten azpimarra dezagun, zer kontatzen duten narratibizatzea erronka handia baita. Emakumearen aurkako —ikusten den eta ikusten ez den— biolentzia fisikoa eta sinbolikoa edo noraino heltzen den gizabanakoaren eskumena eta ardura, horretaz guztiaz kontzientzia hartzeko, bere baitan bilatu beharko du irakurleak.
Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena
Maialen Sobrino Lopez
Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca
Amaia Alvarez Uria
Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo
Hasier Rekondo
Agerre
Juan Luis Zabala
Mikel Asurmendi
Narrugorrik
Ixiar Rozas
Mikel Asurmendi
Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta
Maialen Sobrino Lopez
Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena
Mikel Asurmendi
Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano
Mikel Asurmendi
Itzala
Maixa Zugasti
Maialen Sobrino Lopez
Itzala
Maixa Zugasti
Mikel Asurmendi
Turismoa
Asier Basurto Arruti
Maialen Sobrino Lopez
Garondoan
Gorka Bereziartua
Mikel Asurmendi
Geratzen dena
Ione Gorostarzu
Maddi Galdos Areta
Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande
Mikel Asurmendi