kritiken hemeroteka

8.804 kritika

« | »

Huliganaren itzulera / Norman Manea (Koro Navarro) / Erein / Igela, 2017

Sortaldea sorleku Iñigo Roque Eguzkitza / eizie.eus, 2017-07-11

Ez nekien nor zen Norman Manea; arrastorik ere ez. Aipatu ere, nekez aipa nezake beste idazle errumaniarrik C?rt?rescu-z gainera; baten bat aipatzekotan, gainera, adierazpide gisa errumaniera erabili ez dutenak aipatuko nituzke: Müller, Cioran, Ionesco… Eta hizkuntzarena ez da huskeria, berehalakoan ohartuko garenez. Behiala Pessoak bezala, hizkuntza aberri duela aldarrikatzen baitu Maneak: “… ni ez naiz leku batean bizi-eta, ni hizkuntza batean bizi naiz!”, erbestealdirako aukeratutako hiria (New York) errumanieraz mintzatuko dela imajinatzeraino (“hizkuntza-aberri” izendapen miragarria ere utzi digu opari hondar-orrialdeetan). Benjamin, Canetti, Zweig eta beste judu herratu batzuen kastako testigantza-literatura bikain horren ondorengo da, inondik ere, testu puska hau.

Liburua mamuz beterik dago (niri, bederen, hala iruditu zait), biziak baino biziago dauden hilez: hilak gurutzatzen dira, solastatzen idazlearekin, bera mainatzen, berari aholkuak ematen. Hemen, ordea, dena da erreala, fikzioaren tresneriaz baliaturik ezin errealagoa.

Labur esanda, sorlekutik alde egin beharrak esetsirik bizi da idazlea (beraz, pertsonaia nagusia, liburua erabat autobiografikoa baita). Aurrena, haurretan, Europako judu gehienen patuak erantsi zion atzaparra: ghettoa eta deserritzea (Transnistria). Geroztik, jazarraldi horrek ez zion bakerik emango bizi guztian; mesfidantza, babesgabetasuna, arbaso hilen lorra… segika dabilzkio idazleari. Aintzat hartzekoa dugu, orobat, zer-nolako jarrera ageri duen Maneak judutasun “hautatu gabeko” horren aurrean, nola eragiten dion ahaide batzuek (aitak tartean) Israelera alde egiteak. Lehenbiziko esetsaldiaren ondoren, bada, sozialismo erreala (Jormania) etorriko zen, eta, hasierako atxikimendu suharraren ondoren (aldekotasun hori uztarpe faxistatik askatzeari egotziko zion idazleak gerora), berriro alde egiteko premia sentituko du. Gero, AEBko egonaldia dugu, liburuaren orainaldian aldi batez etena Jormania postkomunistara itzultzeko. Itzulera hori, gainera, ez da berak bilatua, ezpada ia nahi gabekoa, adiskide bati lagundu beharraren estakurutan etorria. Eta, orduan, dagoeneko ez den mundu baten bilaketa ia arkeologikoa hasiko da.

Ez zait iruditu hainbesterainoko huligana izan zenik gure idazlea. Nahiko modu ofizialean alde egin zuen Ceau?escu-ren garaiko Errumaniatik. Bai, erregimena kritikatu zuen, ageriki nahiz bestela. Bai, Mircea Eliade (errumaniar intelektual nazionala) larrutu zuen Burdinazko Guardia faxistaren isurikoa izateagatik. Espanturik gabe, ordea. Liburuari, oro har, sortaldearen nostalgia halako bat dario, huligankeriarik gabekoa. Azken batean, ikuspegi erabat sinesgogor bat iragazten da testuaren ehundura osoan, ikusmolde fedegaldu bat, ironikoa tarteka…

Memoriari buruzko testu bikaina ere bada, noski, literatura-lan handi gehienak bezala. Auzokoa ezagutzeko testu gomendagarria duzue, inondik ere, Huliganaren itzulera hau, Koro Navarrok, beti bezala, antze handiz euskaratua.

Azken kritikak

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Zure arnasa zaintzeko
Nerea Balda

Maialen Sobrino Lopez

Hondoaz galde
Jon Sarasua / Mikel Artola

Mikel Asurmendi

Zirtak su. Hasieran bazen hitza
Maite Lopez Las Heras

Joxe Aldasoro

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak