« Tragedia edo | Gerra, haurraren begietatik »
Odolaren sua / Irene Nemirovski (Joxe Antonio Sarasola) / Alberdania, 2012
Arkadiako gizaki zorigaiztokoak Iraitz Urkulo / Berton, 2012-11-25
“Langa itxiko dut. Giltzaz itxiko ditut ateak. Erlojuari giltza emango diot. Kartak hartu eta bakar joko bat edo beste egingo ditut. Baso bat ardo edango dut. Ez dut ezertan pentsatuko. Lotara joango naiz. Lo gutxi egingo dut. Itzarrik egingo dut ametsetan. Berriz ere, garai bateko gauzak eta lagunak ikusiko ditut. Eta zu etxera itzuliko zara, etsita negar egingo duzu, barkazioa eskatuko diozu Jean gizajoaren argazkiari, iraganaz damutuko zara, etorkizunaz izutuko zara… Ez dakit biotako zeinek igaroko duen gau hobea”.
Harrigarria da Irene Nemirovskyren bizitzan halabeharrak, bere obran zehar etengabe errepikatuko den kontzeptuak, betetako paper garrantzitsua. Nemirovsky dagoeneko idazle ezaguna zen XX. mendearen lehen erdialdeko Frantzian, naziek, haren jatorri judua zela eta, Auschwitzera eraman zutenean; han hilko zen 1942an. Baina heriotzak ez du autore honen obra eten, azken urteotan haren bi lan berri agertu baitira: Suite frantsesa eta Odolaren sua eleberriak. Lehena bere alabek 60 urtez gorde bazuten, idazlearen biografoek aurkitu zuten bigarrena, Nemirovskyk atxilotua izan aurretik bere argitaratzaileari entregatu ziona.
Aitortzen dut inoiz ez nautela erakarri literatura unibertsaleko obra errealista potolo horiek. Aurreiritziek eramana, beraz, ekin nion Odolaren sua liburuaren irakurketari. Eta orain esan dezaket Irene Nemirovskyk generoarekin adiskidetu nauela, errealismoaren gainean nuen ikuspegia guztiz aldaraziz. Testu honetan ez dago hitz bakar bat ere soberan, denak istorioari egiten dioten ekarpenak justifikatuak direlako. Kontaketaren erritmo-aldaketek eta argumentuaren bihurrikeriek, bestalde, irakurleon arreta ziurtatzen dute. Idazleak, gustu estetiko handiz eta naturalismoaren ukitu nabarmenaz, paisaiaren deskribapena eta pertsonaien barne-mundu aberatsa uztartzen asmatu du. Frantziako landa-eremuko irudi zehatz-dotorea eskaintzearekin batera, Nemirovskyk trebezia erakusten du pasadan mendeko 30eko hamarkadako gizartea islatzen.
Familia bateko kideen bizitzen kontaketa intimistatik abiatuta, garaiko moral estua agerian uzten du; narratzailearen begirada kritikoak giro horretan gailentzen den itxurazko lasaitasuna gainditu eta nekazal komunitate itxi horren miseriak eta sekretu ezkutuenak azaleratuko ditu. Intrigazko istorio honetako protagonistak Arkadian bizi dira, baina hain zuzen existentzia lasai, perfektu eta zoriontsu bati eutsi behar eta ezin hori da, halabeharraren kapritxoekin batera, zorigaiztoko egingo dituena. Maitasun-traizioak, hilketa bat, erru- eta lotsa-sentipenak, pasio debekatuak, gaztaroko amets zapuztuak, zaharrenen damuak… Arkadia berezi honetan ezer ez da dirudiena, edozein unetan bertako herritarren izaera patxadatsuak ekaitzik izugarrienari bidea eman diezaioke.
Autoreak giza-existentzia eragiten duten gai garrantzitsuez idazten du: Maitasuna, Ongia, Bizitza, Patua… baina, batez ere, Zoriontasuna eta Denboraren Iragaitearekiko kezka agertzen du. Gaztaroa bizimodu zoriontsuarekin identifikatzen da eta zahartzaroa, aldiz, lasaitasuna eta heriotza sinbolikoarekin lotzen; era honetan irudikatzen da belaunaldien arteko amildegia, kutsu existentzialistak pertsonaien ekintzak eta hausnarketak busti dituen bitartean.
Literatura-lan onek bakarrik eragin dezaketen asegabetasun sentsazio batek gainezka egin dit Odolaren sua amaitu orduko, Irene Nemirovskyren gainerako testuak irakurtzera bultzatzen nauena. Zorionez, beste lau dira jada euskaraz gozatu daitezkeen idazlearen obrak: Dantzaldia, Arimen maisua, Birjinak eta Suite frantsesa. Gainera, seigarren bat aurki ateratzekoa da: Oker ulertua izeneko eleberria, Ipar Euskal Herrian kokatua.
Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá
Maialen Sobrino Lopez
Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr
Peru Iparragirre
Olibondoaren herria
Markel Elortza
Mikel Asurmendi
Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria
Asier Urkiza
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Nagore Fernandez
Izan gizona
Aritz Galarraga
Nagore Fernandez
Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran
Mikel Asurmendi
Termita
Garazi Albizua
Maialen Sobrino Lopez
Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly
Ibon Egaña
Hezitopia
Nora Salbotx
Mikel Asurmendi
Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez
Asier Urkiza
Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama
Nagore Fernandez
Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia
Mikel Asurmendi