« Best-seller bai, baina… | Izaskun Graciaren ‘Artikoa’ »
Zerua gainbehera dator / Lorenza Mazzetti (Xabier Olarra - Fernando Rey) / Igela, 2012
Gerra, haurraren begietatik Alex Gurrutxaga / Berria, 2012-11-25
Nobela ederra ekarri dute euskarara Xabier Olarrak eta Fernando Reyk: Lorenza Mazzetti (1928) zinemagile eta idazlearen Il cielo cade (1961). Eleberri autobiografikoa da, zehazki idazlearen haurtzaroa kontatzen duena. Lorenza eta bere ahizpa osaba-izeben Toscanako etxean bizi ziren txikitan. Familia aberatsa zen, judua, Einstein abizenez (Lorenzaren osaba fisikari famatuaren lehengusua zen). Zoritxarrez, abizena kondena bihurtu zitzaion familia honi, Hitlerrek pertsonalki eman zuenean Albert Einsteinen senide guztiak hiltzeko agindua. 1944an, erretiratzen ari zirenean, naziek sarraskiak eragin zituzten hainbat tokitan, baita Toscanako Villan ere.
Orduan gertatu zena kontatzen du barru-barrutik Lorenza Mazzettik, nola irentsi zion gerrak haurtzaroa: “Gure deitura (ama hila baitzen) Einstein izan beharrean Mazzetti zelako barkatu ziguten SSek bizia”. Sortzen duen irudia oso esanguratsua dela esango nuke: haur bat zerua gainbehera etor ez dadin besoak altxatuta indarra egiten; horrela adierazten du idazleak gerrak ia dena lapurtu zionean sentitu zuen inpotentzia.
Beraz, testigantza da istorioaren oinarrian dagoena, eta testigantza horren berezitasuna da neskato bat dela narratzailea. Hori dela-eta esaten ez denaren garrantzia erabatekoa da. Izan ere, haurraren mundu-ikuskera bi instituziok hornitzen dute funtsean: faxismoaren propagandak eta dotrinak. Bere pertzepzioa ez da helduen ikuskera arrazionalaren parekoa, eta irakurleak osatu behar du interpretazioa. Une batzuetan, areago, haurrak guztiz ulertzen ez duenarekiko horrorea ere sentituko du irakurleak. Bide batez, ezin aipatu gabe utzi itzultzaileek haurraren hizkera xumea itzultzeko egindako lana.
Alde horretatik, idazleak asmatu du gertaera esanguratsuak hautatu eta kontatzen. Hautaketa hori dela eta, modu sotilean, ia oharkabean osatzen du irakurleak haurraren inguruko gizartearen irudia: erlijioaren presentzia, faxismoaren indar-sarea, familiaren autoritatea, etxeko zerbitzarien amodio jokoak, judu izatearen arazoa, e.a. Esango nuke osabaren figura eta apaizarena direla interesgarri eta konplexuenetakoak, haurrak ikusten ez dituen ezaugarriak antzeman baititzake irakurleak eurengan.
Formalki, atal oso laburrez osatutako eleberria da (41 zehazki, hiruzpalau orrialdekoak asko) eta sekuentzia segida bizi-bizi bat balitz bezala irakurtzen da. Izan ere, Mazzettiren helburua ez da aste bat edo biko gertaeren berri ematea, baizik eta aro bat kontatzea. Horregatik, bete-betean funtzionatzen du atal bakoitza sekuentzia gisa eraikitzeak.
Soldaduak Villan agertzen diren momentutik aurrera kontakizuna denbora kronologikoari lotuagoa da. Haiek Villan egiten dutenak hartzen du narrazioaren muina; haur-jolasak eta bihurrikeriak amaitzen dira, baita lehenago zeuden umore printzak ere, eta neskatoarengan benetako izua agertzen hasten da: “Baina ni beldurrez nengoen. Ni ote nintzen beldurrez nengoen bakarra? Denak lo zeuden. Ez zuten sentitzen arriskua gero eta hurbilago mamu handi bat bezala abailtzen Villara?”.
Txikitasunetik idatzitako eleberria da Zerua gainbehera dator, helduen mundua ulergaitza zaion haurraren begiradatik eraikia eta, era berean, zerua gainbehera bezala gerra etortzen denean, hari kontra egiteko ahulegia den pertsonaren begietatik sortua. Lorenza Mazzettik eleberriaren amaierako eskaintzan honela idatzi zuen: “Bizirik gelditutako guztiek berekin daramate pribilegio horren pisua eta testigantza eman beharra”. Testigantza hunkigarria duzu, irakurle, Zerua gainbehera dator hau, irakurketa zinez gomendagarria.
Etxe bat Husaviken
Uxue Juarez
Irati Majuelo
Guztia urruntzea da
Hasier Larretxea
Paloma Rodriguez-Miñambres
Diesel
Bertol Arrieta
Joxe Aldasoro
Zer egin Miranderekin?
Askoren artean
Mikel Asurmendi
Sakelako bihotzak
Julen Apella
Asier Urkiza
Ni, laiko
Markos Zapiain
Nagore Fernandez
Zorretan
Agurtzane Intxaurraga
Maialen Sobrino Lopez
Haurdunaldi oharrak
Yoko Ogawa
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
Sakelako bihotzak
Julen Apella
Jon Agirre
Emognosia
Mitxelko Uranga
Mikel Asurmendi
Silueta
Harkaitz Cano
Irati Majuelo
Koxka bat estuago
Henry James
Aritz Galarraga
Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide
Hasier Rekondo
Dena zulo bera zen
Eider Rodriguez
Mikel Asurmendi