kritiken hemeroteka

8.546 kritika

« | »

Bihotzaren mekanika / Mathias Malzieu (Alberto Barandiaran) / Denonartean, 2012

Taupada herdoilduak pop erritmoan Iraitz Urkulo / Berton , 2012-09

Mathias Malzieu (Montpellier, 1974) Dyonisos pop-rock musika talde ospetsuaren abeslari bezala jadanik aski ezaguna zen Europan, Bihotzaren mekanikarekin 2007an Frantziako liburu salduenen zerrendan kokatu zenean eta idazle gisa irakurleen errekonozimendua jaso zuenean. Orain dugu aukera euskal irakurleok, Alberto Barandiaranen itzulpen bikainaren eskutik, lehendabiziko aldiz Malzieu euskaraz irakurtzen gozatzeko.

Bihotzaren mekanika esperimentu bitxi baten emaitza ezin originalagoa da, izan ere, Dyonisos taldeko izen bereko albumaren letretan oinarritutako istorioa da. Jack protagonistaren bizitzaren lehen urteak kontatzen ditu, XIX. mendeko Edinburgon inoizko egunik hotzenean jaiotzen denetik nerabezaroa igaro arte. Argumentua lotzen duen haria maitasuna da, une zoriontsuak eta oinaze jasangaitza txandakatzen dituen sentimendu goren hori. Jack Miss Acacita izeneko flamenko kantari txiki batekin era platonikoan maiteminduko da eta urteekin desagertuko ez den obsesio horrek berak Alhambra inguruko bazter exotikoetaraino eramango du. Bion xalotasuna bihotz kontuetan, pasioa, mesfidantza, jeloskortasuna… tragedia sentimental handien osagaiak topa daitezke eleberri honetan. Baina ez dadila inor okertu, Malzieuk eskaintzen digun hau istorio erromantiko tradizionaletatik oso urrun kokatzen da.

Bihotzaren mekanika lan ezberdin egiten duena hasiera batean gertaera eta pertsonaia arrunt diruditenak erabat itxuraldatzen/eraldatzen dituen giro fantastikoa da. Testu honetako alderdirik azpimarragarriena autoreak burutzen dituen transgresio ugarien konbinaketa kaotiko bezain zoragarria da. Jack ez da gainerako umeak bezalakoa, bularrean duen kuku-erlojuak, bihotzaren funtzioa betetzen duenak, pertsonaia grotesko bihurtzen du ezinbestean. Miss Acacita, bestalde, ez da mutikoaren maite proposamenei jarrera lotsatiaz erantzuten dion damatxo polit, dotore eta babesgabe tipikoa, jenio biziko neskatila baino, miope xamarra eta erortzeko joera duena. Extraordinariuma deitutako ferialeku batean, ezkutuan eramango dute bion arteko pasio istorioa.

Badira narrazioan ere Jack lagunduko duten beste hainbat pertsonaia, haien izaera berezia dela eta, egoera surrealistetarako bidea emango dutenak. Giza-gorputzetan konponketa mekanikoak egiten dituen Madeleine Doktorea; Arthur eskale alkoholikoa, oroitzapen zoriontsuak arrautzetan gordetzen dituena; eta Ilargirako bidaia baten prestaketan lan egiten duen Melies mago-asmatzailea. Zein baino zein bitxiagoa, pertsonaia hauek osatzen dute obra honetako unibertso aparta.

Era berean, diskurtso-mailan garrantzia handia eskuratzen dute hitzen indar grafikoak, ametsa eta errealitatearen arteko jolasak eta ezinezko metaforek. Zentzu horretan, liburu hau pop kulturarekin lotura estua duen lehergailu literario ederra da, esperimentu estetiko zinez interesgarria. Testuartekotasunaren gainean eraikia den lan hibridotzat jo genezake, korronte, tradizio eta iturri anitzetatik edaten duen neurrian. Frankenstein Doktorea eta munstroarekiko paralelismoa, garaiz kanpoko cyborgak, Tim Burtonen giro gotikoa, patinen gainean bidaiatzen duen On Kixotea, Poeren belearen sinbolismoa, Jack Errai-Erauzlearen mehatxua… denentzako lekua dago istorio xelebre honetan. Aipatutako osagai, baliabide eta erreferentzia guzti horien eta gehiagoren nahasketa ondo neurtuan datza Bihotzaren mekanika eleberriaren formula arrakastatsua.

Azken kritikak

Poesia guztia
Safo

Mikel Asurmendi

Josefa, neskame
Alaitz Melgar Agirre

Jon Jimenez

Oihaneko ipuinak
Horacio Quiroga

Jon Jimenez

Reset
Aitziber Etxeberria

Mikel Asurmendi

Baden verboten
Iker Aranberri

Jose Luis Padron

Gizaberetxoak gara
Mikel Urdangarin Irastorza

Jon Jimenez

Iragan atergabea
Julen Belamuno

Hasier Rekondo

Haragizko erreformak
Mari Luz Esteban

Mikel Asurmendi

Eusqueraren Berri onac
Agustin Kardaberaz

Gorka Bereziartua Mitxelena

Juana
Jon Artano Izeta

Mikel Asurmendi

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Jon Jimenez

Simulakro bat
Leire Ugadi

Maddi Galdos Areta

Carmilla
Joseph Sheridan Le Fanu

Ibon Egaña

Kontra
Ane Zubeldia Magriñá

Paloma Rodriguez-Miñambres

Artxiboa

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

2025(e)ko apirila

2025(e)ko martxoa

2025(e)ko otsaila

2025(e)ko urtarrila

2024(e)ko abendua

2024(e)ko azaroa

2024(e)ko urria

2024(e)ko iraila

Hedabideak