kritiken hemeroteka

8.814 kritika

« | »

Itzulera baten historia / Martin Ugalde / Elkar, 1990

Itzulerari pultsua Aritz Galarraga / Argia, 2012-09-23

Martin Ugalderen idazle kasua da bitxia. Begiratzen dituzu manualak, eta exilioko idazletzat hartzen dute askok. Hain estrainioa ez dena, bidenabar: exilioan idatzi zuen bere euskarazko literaturaren zati inportante bat, batez ere antzerkia eta ipuina; besteak beste, euskarazko lehen ipuin bilduma moderno gisa hartu izan den Iltzalleak. Baina 1990ean, aspaldi Euskal Herrian, argitaratu zuen Ugaldek exilioarekin zuzen lotuta dagoen eleberri bat, exilioaren ifrentzu den itzulera gaitzat hartzen duena. Eta, ifrentzu guztien antzera, exilioaren itzalpean geratzen denez itzulera, bakan izateagatik merezi du arreta Ugalderen Itzulera baten historia eleberriak.

Venezuelatik Euskal Herrira datorren neskatxa narratzaile, bitartean eta bertan gertatzen zaizkionak kontatzen dizkigu, bizipide pertsonal baina era berean unibertsal izan daitekeen batean: nahiak eta ezinak, ametsak eta eguneroko gordinak, kontatu dizkiotenak eta benetan direnak, gero egiatan aurkitzen dituenak. Gurasoen aberria ez da erdia, ez berea, ez jada gurasoena; itzulerak ez dakar erabateko poztasuna, ez etxekoen batasuna, ez bada utzitakoaren nostalgia gazia. Itzulerako barkua hartzen denean ez baita bukatzen exilioa. Inoiz bukatuko balitz, gaitz erdi. Eta gero daude gutarrak, ez denak uste bezain aingeruak. Ai, gutarrak: “Ikusten da jende txarra dela; geure jendea bada ere”.

Eta eleberriak ematen duen aberriaren kontzepzioak egiten du kirrinka gehien. Narratzailearen aitaren aberria da arrazista: “Venezuelan normala zen ahaidekoren bat beltza izatea, baina ez hemen; aitatxori askotan entzun nion argudio hau Euskal Herria goraipatzerakoan”. Eta aita bera da matxista: “Zer pena zu geure familiako gizonezko nagusia ez izatea!”, diotso alaba narratzaileari. Aipatu gabe familia tradizionalaren baloreek estutzen dutela hemen bizitza. Luze gabe aitak, heriotza, nahi luke “geure lurrean gertatzea, seme edo alabaren bat ezkonduta ikusi eta bilobaren bat ezagutu eta gero”. Amen.

Herrenak aipatzen hasita, esan, estilistikoki hautu arraro batzuk daudela: kontakizuna dago, adibidez, harridura esaldiz josia —ondo legoke guztira zenbat dauden zenbatzea—. Baina horiek kontuan hartuta ere, bakan izateagatik da irakurgarri Itzulera baten historia; hartzen diolako, fikziotik, euskal exilioaren itzulerari pultsua. Eta ondorio gisa uzten digulako sententzia bat: “Hasita nintzen pentsatzen, egiatan, neuk ez nituela inoiz aitatxok bere lurrean ikusi zituen mirariak ikusiko”. Izan ere mirariak, gauza jakina da non ematen diren.

Azken kritikak

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Peru Iparragirre

Lera
Castillo Suarez

Maialen Sobrino Lopez

Hezitopia
Nora Salbotx

Joxe Aldasoro

Atzerakarga
Fermin Etxegoien

Asier Urkiza

Manifestu filosofikoa
Agustin Arrieta Urtizberea

Aritz Pardina Herrero

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Mikel Asurmendi

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Artxiboa

2026(e)ko azaroa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

Hedabideak