« Konplexurik gabe | Mea culpa »
Aitaren pitokeriak / Justin Halpern (Uxue Alberdi) / Alberdania, 2011
Ze gauza esaten dituen aitak! Iratxe Esnaola / Berria, 2011-12-04
Nola amaitu du Twitter sare sozialean egunero aitaren esaldi bat idazten duen gidoigile estatubatuar ezezagun batek editoreak, telebista kateak eta arrakasta bilatzaileak atzetik dituela famaren aparretan? Horixe da Justin Halperni (Point Loma, 1980) gertatu zaiona, liburu honen narratzaile eta, aldi berean, idazle denari. Neskak utzi eta Los Angelesetik San Diegora gurasoen etxera itzultzean abiarazi zen istorio hau. Aita eszentrikoak bizi osoan esan izan zizkion komentario gordinak Twitter kontu batean idazten hasi zen, Ze gauza esaten dituen aitak! izenburupean. Laster batean ehunka mila jarraitzaile lortu zituen aitaren ateraldiei esker. Arrakasta itzelaren ostean, esku artean dugun liburua idazteko eskatu zioten, zeinean aitarekin izan dituen esperientziak kontatzen dituen egunkari pertsonal baten intimitateaz.
Aitaren figura erakustea da liburuaren helburua. Sinpatia edo antipatia sortzen duen tipo baten aurrean gaude. Gogorra, egoskorra, ideia zurrunekoa, iritziak edonoren aurrean defendatzeko gai dena, kanpoko iritziei beldurrik ez diena. Gauzak krudelki esanaz. Garai bateko militar ereduaz. Beti eskura hitz itsusi bat edo iruzkin korrosibo bat. Semearekin duen harremanean sakontzen du liburuak eta hura hezterakoan dituen balioak azpimarratzen. Lana eta esfortzua, batetik; familia aurreneko lekuan jartzea, bestetik. Zer iritzi du honetaz guztiaz narratzaile ere baden semeak? Beren etxean lezioak horrela ikasten direla ondorioztatu du, pragmatikotasunez. Hari bakar honi tiraka iragaten dira liburuko orrialdeak, aitaren figuraren inguruan biraka, nahiz familiaz gain, aita-semeen hartu-emanak Estatu Batuen mendebaldeko kostako erradiografia bat egiteko ere balio duen, beren erreferentzien bitartez: beisbola, jatetxe kateak, Hollywood, aktore gaiak eta zine izarrak, neska titi handi ilehorien erotikotasuna, mexikarrekiko aurreiritziak, gayak txistetarako erabiltzeko joera.
Kapituluak laburrak dira eta Twitterren idatzitako sarrera zenbaitez lagunduta doaz amaieran. Irakurterraza zeharo, idazkerak berak badu Twitterretik (gehienez 140 karaktereko mezu laburrak idatz daitezke berton) konplikazio gabeko testu soilean. Gertakizunak modu arrunt, bizkor eta argian kontatzen dituela azpimarratuko nuke. Baina non datza arrakastaren misterioa? Zer umorerekin eraman ditu bi milioi pertsona baino gehiago bere aitak esandakoak sarean bisitatzera eta liburua hamazazpi herrialdetan itzulia izatera? Umore basatia da gakoa, hitz itsusietan oinarritua, bai eta jarrera eszentrikoan ere. Umore txarrean jarduten den garrasi zale bat aurkituko duzue, irainak noiznahi ahoan dituena, baina aldi berean zorrotza, pentsakorra eta iritzi propioduna, eta, horrekin guztiarekin, mezu moral bat bideratu nahi duena. Liburuko gauza entretenigarrienetakoa osa daitekeen irainen katalogoa da, nire ustez. Euskaraz ataka horretan zer esan asmatzen ez duenetakoa bazara, Uxue Alberdik burutu duen itzulpen honetan bada non aukeraturik, nagusiki, gizonen genitalei ematen zaizkien izenekin konposatutako irainez ari bagara ere. Umore pieza batek harrapatuko gaituen ezin jakin berau irentsi arte. Aita astapotro honen dosi txiki bat probatu nahi baduzue liburuari ekin aurretik, twitter.com/shitmydadsays helbidean aurkituko duzue, ingelesez. Eta gehiago eta euskaraz nahi izanez gero, liburu honekin jakingo duzue zer gauza esaten dituen aitak.
Etxe bat norberarena
Yolanda Arrieta
Jon Jimenez
Zebrak eta bideak
Nerea Loiola Pikaza
Nagore Fernandez
Zoo
Goiatz Labandibar
Asier Urkiza
Hetero
Uxue Alberdi
Joxe Aldasoro
Euri gorriaren azpian
Asier Serrano
Paloma Rodriguez-Miñambres
Galbahea
Gotzon Barandiaran
Mikel Asurmendi
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Irati Majuelo
Lagun minak
Jon Benito
Mikel Asurmendi
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Jon Jimenez
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Asier Urkiza
Lautadako mamua
Xabier Montoia
Nagore Fernandez
Bihotz-museo bat
Leire Vargas
Bestiak Liburutegia
Rameauren iloba
Denis Diderot
Aritz Galarraga
Neska baten memoria
Annie Ernaux
Paloma Rodriguez-Miñambres