kritiken hemeroteka

8.698 kritika

« | »

Argiaren erreinua / Joseba Lozano / Alberdania, 2011

Konplexurik gabe Ibon Egaña / Deia, 2011-12-03

Eskaeraren araberako produktuak ekoiztera lerratuagoak diren literaturetan usu diren zenbait fenomeno oraindik ere ezohiko egiten dira hein batean gurean: entretenitzea eta jakin-mina piztea helburu nagusi eta ia bakar duten genero eleberriak, goranahirik gabekoak, esaterako. Pare bat ipuin lehiaketa irabazi ostean Joseba Lozanok argitaratu duen lehen eleberria goi-asmorik gabeko kontsumo-literatura horren adibide duina dugu. Koartada intelektualik gabeko genero nobela da Argiaren erreinua, konplexurik gabe (eta hori zinez eskertzen da) best seller literaturaren erremintak eta tikak erruz baliatzen dituena.

Euskal idazle batena izanagatik, eleberria izan zitekeen beste edozein europar hizkuntzatan idatzia ere, hala narrazioaren moldeagatik nola testuinguru eta girotzeagatik. Praga eta inguruetan kokatu du Lozanok kontakizuna, Jan Voget Pragako Poliziaren Ikerketa Kriminaleko polizia, Anna Rejsek liburu denda baten jabea eta Fran Jaros free lance dokumentalista protagonista eta ikertzaile direla. Pragatik hurbil, begiak erauzita agertutako neska baten gorpuak abiarazten du eleberria josten duen ikerketa. Noski, hilketa hori ez da bakarra izango eta berehala agertuko dira haren antzeko beste gorpu misteriotsuak ere. Pixkanaka, Anna eta Frank-en laguntzaz, Jan hari solte horiek lotzen joango da, eta berekin, eskuz esku, irakurlea.

Nobelaren lehen erdia eleberri beltzaren parametroetan garatzen da: JanVoget da protagonista eta harengan gorpuzten dira detektibeen bizimoduaren inguruko klixe guztiak (bakarrik bizi da, edanarekin eta drogekin nahi du ahaztu ezin duena ahaztu, clubak eta giro ilunak maite ditu…). Haren bizimodu bakartiak beste pertsonaia bakarti batenarekin egiten du topo: Anna liburu saltzailearenarekin, zeinak hilketa argitu gabeak ikertzea baitu afizio. Hala, bi pertsonaia eta bi plano hasieran bereiz elkarrenganatzen doaz eleberrian. Plano bakoitzak bere konta moldeak ditu, halaber, eta hainbat teknika baliatu ditu Lozanok lehen kapitulu horietan (blogeko sarrera, zerrendak eta txostenak…) irakurketa biziaraziz. Giroaren deskribapenak, xehetasunek eta pertsonaien karakterizazio garatuak badute pisurik lehen kapituluetan eta lagungarri dira irakurlea kontakizunean barneratzeko.

Eleberriak eta ikerketak aurrera egin ahala, istorioak bestelako jitea hartzen du eta nobela beltzaren ezaugarrietatik urrunduz, DanBrown-en estiloko eleberrietara hurbiltzen da. Logia sekretuak, erritu klandestinoak, enigmak, kode zifratuak eta gisakoak sartzen dira orduan jokoan eta akzioak hartzen du protagonismoa, ihesaldi, pertsekuzio, tiroketa eta guzti. Erdialdera arte sinesgarri egiten bada ere, bigarren erdian nekezago egiten da istorioa distantziarik gabe irakurtzea (neuri bederen hala gertatu zait), argumentua estranbotiko xamarra bihurtzen baita.

Bestalde, ez da oso ondo ulertzen hasieran halako protagonismoa duen pertsonaia bat erditik aurrera ia desagertzea eta horregatik egileak bi nobela liburu bakarrean sartu nahi izan dituela begitandu zait zenbaitetan, emaitza desorekatuz. Edonola ere, nobelak bere helburu nagusia betetzen du: irakurleari jakin-mina eragin eta liburua arrapaladan irakurraraztea, bidean batere trabarik jarri gabe. Beste edozein hizkuntzatan, best-seller-a izateko boleto guztiak lituzke.

Azken kritikak

Haize begitik
Mikel Ibarguren

Maddi Galdos Areta

Bide bihurrietan
Elena Martinez Rubio

Asier Urkiza

Moebiusen ertzak
Garazi Kamio

Nagore Fernandez

Zainetatik zilarra
Nahia Intxausti

Paloma Rodriguez-Miñambres

Landura
Jose Luis Otamendi

Mikel Asurmendi

Harakinen alaba
Yurre Ugarte

Irati Majuelo

Clevesko Printzesa
Madame de La Fayette

Aritz Galarraga

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Joxe Aldasoro

Akabo
Laura Mintegi

Mikel Asurmendi

Mio marito deitzen zion
Joxean Agirre

Asier Urkiza

Nonahiko musika
Juan Kruz Igerabide

Nagore Fernandez

Barazkijalea
Han Kang

Maialen Sobrino Lopez

Beste urte batez
Samira Azzam

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Ulhaintsaren negarra
Jon Garmendia

Aiora Sampedro

Artxiboa

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

2025(e)ko iraila

2025(e)ko abuztua

2025(e)ko uztaila

2025(e)ko ekaina

2025(e)ko maiatza

Hedabideak