kritiken hemeroteka

8.783 kritika

« | »

Zu bezain ahul / Karmele Jaio / Elkar, 2007

Zu bezain ahul Ione Gorostarzu / Galtzaundi, 2011-12-02

Zu bezain ahul naiz ni, irakurle, eta gu bezain ahul liburu honetan aurkituko ditugun gizon-emakumeak ere. Hamabost ipuin motzekin osatua da Karmele Jaioren bigarren ipuin bilduma hau. Tartean eleberrira egin zuen jauzi gasteiztarrak Amaren eskuak lanarekin, eta honako liburu hau, berriz, Hamabost zauriren ildotik dator. Bere lehen ipuin liburu horrek bezala, oraingoak ere giza harremanak ditu hizpide, eta bikoteak, familiak zein lankideak aurkitzen ditugu orri hauetan. Harremanak eta ezintasunak, pil-pilean.

Gustuko izan ohi ditugu identifikatzen gaituzten istorioak; berdintsuak izaten dira, azken finean, baten eta bestearen ahulguneak. Horrela, askori gertatu zaigu txikitan mespretxuz begiratzen genion ikaskidea, eta —aitortzeak min ematen digun arren— iseka egiten geniona, orain gu baino ederrago-azkarrago-zoriontsuago ikustea, eta orain goitik behera ez, behetik gora begiratu behar izatea eta zu zeu sentitzea errukarri. Edota, nori ez zaio gertatu Gabonetako familia bazkari-afari batean itota, ernegatuta, ihes egin nahien sentitzea, alkoholak lozorroan ziren mamuak iratzarri ostean? Horrelako kasuak, eta gehiago, topatuko ditugu Karmele Jaioren liburu honetan. Egunerokotasunean topa ditzakegun pertsonak, egoerak eta sentimenduak agertzen dira orriz orri, eta, gainera, ipuin asko bigarren pertsonan idatziak egoteak enpatia hori areagotzen du.

Aipagarria da, gainera, ipuin askotan nabaritzen den iraganaren pisua; denborak maitasuna, edertasuna, askatasuna, idealak lapurtu dizkie protagonista askori, eta, bat-batean, orainera datozkie iraganeko printzak, ezerezetik bezala.

Pertsonaien barnea arakatzen duten ipuinak izanda ere, gustatu zait protagonistek, sarri, euren burua ikusten dutela kanpoko elementuetan; horrela, zurrutean bere bakardadea ahaztu eta alkoholak kantari jarriko ote duen edaten duen enpresaria kilker sentituko da, edota gaztaroan baztertua eta jazartua izan zen emakumea ipar haize gogorretan hazitako geranioa bezain eder agertuko zaigu. Gure begirada inoiz ez da neutrala eta objektiboa, izan ere, eta barruan duguna ikusten dugu kanpora begira jarrita ere. Horrela, gu ere, barnean dugunaren arabera, liburu hau irakurtzerakoan identifikatuago sentituko gara batekin edo bestearekin; bikotekidea engainatzen duenarekin ala engainatua sentitzen denarekin, haurrik izan ezinak estutzen duen amarekin edota orain urte asko bere atzetik ibili zenaren aurren oraindik desiragarri sentitu nahi duenarekin…

Baina, era batera edo bestera, atseginez irakurtzen den ipuin bilduma dela esango nuke; izan ere, denok ere antzeko egoeretan aurkitzen gara ahul, eta, gainera, irakurle, banago ahulezia hori ukatzea ote den ahulkeriarik handiena.

Azken kritikak

Etxe arrotz hau
Olatz Mitxelena

Maialen Sobrino Lopez

Gatazka eta abusua ez dira gauza bera
Laura Macaya / Hamaca

Amaia Alvarez Uria

Sasi arteko sugarrak
Sebastian Gartzia Trujillo

Hasier Rekondo

Agerre
Juan Luis Zabala

Mikel Asurmendi

Narrugorrik
Ixiar Rozas

Mikel Asurmendi

Honekin egin nahi duzuna
Itziar Agirre Sagaseta

Maialen Sobrino Lopez

Zaldi bat
Maddi Ane Txoperena

Mikel Asurmendi

Fakirraren ahotsa
Harkaitz Cano

Mikel Asurmendi

Itzala
Maixa Zugasti

Maialen Sobrino Lopez

Itzala
Maixa Zugasti

Mikel Asurmendi

Turismoa
Asier Basurto Arruti

Maialen Sobrino Lopez

Garondoan
Gorka Bereziartua

Mikel Asurmendi

Geratzen dena
Ione Gorostarzu

Maddi Galdos Areta

Mirande, herriminez, ezin-minez
Jon Mirande

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2025(e)ko abendua

2025(e)ko azaroa

2025(e)ko urria

Hedabideak