« Isildutako minak | Bazoaz berarekin »
Gauaren usaina / Andrea Camilleri (Josu Zabaleta) / Erein, 2011
Siziliaren usaina Ander Arana / Diario de Noticias, 2011-10-02
XIX. mendean polizia eleberriak idazten hasi zirenez geroztik, asko izan dira beren bidea egin duten detektibeak, eleberri bakar batek ezartzen dituen muga estuak gainditu eta sail oso bat osatu dutenak, bizitza propioa hartu eta letren mundura ekarri zituen egileari berari gain hartu diotenak. Edgar Allan Poe, Sir Arthur Conan Doyle, Raymond Chandler, Agatha Christie eta gisako klasikoen lumatik sortu zirenak albo batera utzita, gaur egun ere franko dira Europan irakurleen arreta bereziki bereganatzen ari diren detektibeak. Alde batetik, Europako iparralde hotzetik heldu diren Mankellen Wallander edo Indridasonen Elendur inspektoreak ditugu —bakoitzak bere ezaugarri ditu, baina, aldi berean eta Norvegiako itsasoko haizearen eraginez, elkarren antz handia ere badute—. Eta horien aldean, Mediterraneoko haize epelak senidetuta, Vázquez Montalbánen Carvalho eta Andrea Camilleriren Salvo Montalbano, izena idazlari kataluniarrari zor diona, hain baita handia Camillerik Vazquez Montalbáni dion mirespena. Eta bien bitartean dago Simenonen Maigret paristarra, zeinaren lanak Italiako telebistarako atondu baitzituen Camillerik.
1994an Motalbano komisarioa sortu zuenez geroztik, Camillerik urtero-urtero argitaratu du gutxienez ere haren eleberri bat, eta italiarren artean izan duen arrakasta hain handia izan da non azken urteetan behin-edo gertatu izan baita haren bost liburu aldi berean egon direla Italian gehien saldutakoen artean. Halakoetan, kantitatea kalitatearen kalterako izateko arriskua dago, baina kasu honetan bederen ez da halakorik gertatzen; areago, liburuan zehar Camillerik esan arren ohartzen dela “hau eleberri bat baino telebistako serie bat areago dela”, darabilen hizkuntza ia zinematografikoaren bidez irakurlea bere aramu-sarean harrapatzen du, amaieran txundituta uzteraino Faulkner maisu handiaren Arrosa bat Emilyrentzat izeneko ipuin laburreko Grierson andereñoaren zoritxarra eta Gauaren usaina eleberriko Mariastella Cosentino andereñoarena uztartzen dituenean.
Esan bezala, Camilleri siziliarraren Montalbano komisarioaren ibileren berri ematen duen hogeitaka eleberrietarik bat dugu Gauaren usaina, eta, hartara, bere obra osoan ageri diren beste hainbat pertsonaiari buruzko zertzelada batzuk baizik ez ditugu aurkituko hemen; alegia, Vigàtako (Porto Empedocle, Sizilia) komisarioari buruzko eleberriren baten batzuk irakurri beharko ditugu, baldin eta jakin nahi badugu zertan diren Livia neska-lagunarekiko harremana, Fazio eta Augello lankideen bizitza pribatuko gorabeherak, Catarella telefonistaren hizkuntza-estropezuak, Bonetti-Alderighi zuzendari nagusiaren tentelkeriak, edo, besterik gabe, jakin nahi badugu nortzuk diren “mafiarik ez dagoenean mafia ikusten duten eta mafia badagoenean ikusten ez duten epaileak, poliziak eta karabineroak”.
Oraingoz, baina, euskaraz irakur daitekeen Montalbanoren abentura bakarra Josu Zabaleta legazpiarrak itzulitako hau denez, halakoen egarri garenok erdaretara jo beharko dugu, edo besteren bat itzultzen den arte itxoin (Igelak udazkenerako aterako bide du Hilabete bat Montalbanorekin, Fernando Reyk itzulita). Eta zain gelditu beharko dugu, orobat, argitaletxeek azken orrazketa-lanari zor zaion arreta noiz jarriko.
Zuzi iraxegia
Amaia Alvarez Uria
Ainhoa Aldazabal Gallastegui
O.ten gaztaroa neurtitzetan
Arnaud Oihenart
Gorka Bereziartua Mitxelena
Ez-izan
Jon K. Sanchez
Aiora Sampedro
Pleibak
Miren Amuriza
Jon Jimenez
Ehun zaldi trostan
Ainhoa Urien
Asier Urkiza
Oroi garen oro
Beatriz Chivite
Nagore Fernandez
Jakintzaren arbola
Pio Baroja
Aritz Galarraga
Antropozenoaren nostalgia
Patxi Iturregi
Hasier Rekondo
Francesco Pasqualeren bosgarren arima
Unai Elorriaga
Mikel Asurmendi
Baden Verboten
Iker Aranberri
Paloma Rodriguez-Miñambres
Ezer ez dago utzi nuen lekuan
Itziar Otegi
Mikel Asurmendi
Dolu-egunerokoa
Roland Barthes
Asier Urkiza
Guardasol gorria
Lutxo Egia
Nagore Fernandez
Zero
Aitor Zuberogoitia
Jon Jimenez