kritiken hemeroteka

8.808 kritika

« | »

Esku ezkerraz / Antonio Casado da Rocha / Utriusque Vasconiae, 2011

Bazoaz berarekin Igor Estankona / Argia, 2011-10-02

Gaztelaniazko bide oparoaren ostean euskara etorria, sinplezia harrigarriarekin eta erraztasun itzelarekin gerturatzen gaitu Antonio Casado da Rochak sormenaren konplikaziora eta hizkuntza baten jabe egitearen abenturara. Liburuko lehen poeman kontatzen du nola Eduardo Chillidak erabaki zuen ezkerrarekin marraztuko zuela, oharturik “gauzak sakon-sakon egiteko bidea / ixten ziola erraztasunak”. Hala ere, idazlearen ezker esku hori ez da ia nabaritzen. Obra bikain bat bakarrik ikusten da, behin aldamio guztiak desagerturik, estilizatua eta gogorra —“Eta gu, euskaldunak / izateko abominazioaren / desolazioa”—, estilizatua eta xamurra —“txori hauekin topo eginez / gero ez dago ahazterikan…”—.

Metaliteraturaz eta arteaz gogoeta egiten duenean interesgarria, idazle kultu eta erreferentziaz betea, berriketa poetikoa berriketa normal eta gozo bihurtzeko abilezia erakutsi du “Donostian, baina Errenterian” jaioak. Orriz orri, leun-leun, irakurlea pentsamendu, ideia, beldur eta zalantzen haiku luze eta intimo batetik daroa, oinarrian poesia mamitsua daukan gogoeta luze bat eskainiz, errimarantz eta jolaserantz egiten duena maiz.

Naturaz eta edertasunaz diharduenean sentsibilitate handia erakusten du. Deskripzioak gozamen hutsa dira, eta denbora bera ahazteraino daude findurik. Gainera, diskurtsoa ez da lausotzen, laster itzularazten gaitu-eta lainoetatik poetak berak, elementu bortizki modernoen bitartez, informatikatik mailegatuak, egunkarietan aurkituak, teknikak ekarriak. Angel Errok hitzaurrean aurreratzen digun moduan, poeta hau “behatzailea” da, “irazten duen idazlea”, edozein gauzari forma emateko gai. Horrela, bada, poesia txinatarraren bordatuekin zein diskurtso filosofiko gaurkotuaren kordel lodiekin, nortasunaz, euskalduntasunaz, bizitza modernoaz… jarduteko tonu orekatu bat kausitu du Casado da Rochak. Gaien zein espresio moldeen alderditik hain anitza den poemategi honen zementu-lana tonu horrek egiten du, hain zuzen.

Idazten ari den bitartean gozatzen ari dela nabari zaio, berezko arintasun eta oreka transmititzen ditu. Sentitu eta idaztearen arteko filtrorik ezak eta trebezia teknikoak astuna izan barik sakona den liburu bakan horietako bat sortu dute, gure gozamenerako. Kontrastearen bidez daki serio hitz egiten Casado da Rochak. Bene-benetako poeta da: “Atera nintzen / txiza egitera.// Ikusi nuen / ilargi horia”.

Azken kritikak

Datorren udan ez gara hemen biziko
Ane Zubeldia Magriñá

Maialen Sobrino Lopez

Zazpigarren gizona
John Berger / Jean Mohr

Peru Iparragirre

Olibondoaren herria
Markel Elortza

Mikel Asurmendi

Ene Jesus
Ramon Saizarbitoria

Asier Urkiza

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Nagore Fernandez

Izan gizona
Aritz Galarraga

Nagore Fernandez

Gurea falangista zen
Alberto Barandiaran

Mikel Asurmendi

Termita
Garazi Albizua

Maialen Sobrino Lopez

Ehulearen hilobia
Seumas O'Kelly

Ibon Egaña

Hezitopia
Nora Salbotx

Mikel Asurmendi

Emakume oinutsa
Scholastique Mukasonga

Ainhoa Aldazabal Gallastegui

Deiadarraren antologia bat
Rakel Pardo Perez

Asier Urkiza

Herrenaren promesak
Maite Aizpurua / Infinitudrama

Nagore Fernandez

Lazarraga, Ernazimentua euskaraz
Pruden Gartzia

Mikel Asurmendi

Artxiboa

2026(e)ko urria

2026(e)ko iraila

2026(e)ko abuztua

2026(e)ko uztaila

2026(e)ko ekaina

2026(e)ko maiatza

2026(e)ko apirila

2026(e)ko martxoa

2026(e)ko otsaila

2026(e)ko urtarrila

2026(e)ko

2025(e)ko abendua

Hedabideak